Arlo soziekonomikoaren euskalduntzea jomuga

Horixe da, hain zuzen, sei hilabeteko hausnarketa prozesuan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak zehaztu duen etorkizuneko helburu nagusia

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak bukatzear du urtarrilean hasitako Hausnarketa Estrategikoa. Datozen urteetan Elkartearen helburua eta lan ildoak zeintzuk izango diren finkatzen eta zehazten dabil azkeneko sei hilabeteotan Elkartea, Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren hitzetan, “egitasmoa sendotu eta euskararen normalizazioaren bidean urrats biziak ematen jarraitzeko”.

Zuzendariak hitz gutxitan laburbildu du prozesuaren oinarria: “parte-hartzailea, eraldatzailea eta emozioetan oinarrituta”. Eta filosofia horrekin iritzi eta ekarpen asko jaso dira: zuzendaritza taldekoenak, Elkarteko langileenak, Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateenak, aholkularitza sektorean ari diren enpresenak, administrazioarenak, eta abar. Interes talde bakoitzak bere bizipenetik aztertu du proiektua, eta haien ekarpen eta ikuspegi aniztasunari esker egitasmoa “aberasten eta sendotzen” ari den uste sendoa dago.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea lan munduan euskararen normalizazioan eragiteko sortu zen, eta aurrerantzean asmo horrekin jarraitzea berretsi da Hausnarketa Estrategikoan. Hala, arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea izango da Elkartearen betekizun nagusia.

Horretarako, baina, egin beharreko zertzelada nagusiak mahai gainean jarri dira. Arritxu Zelaia Ziurtagiriaren Elkarteko lehendakariak eman digu hauen berri: “Bai Euskarari Ziurtagiriaren komunitatea indartu, Ziurtagiria tresna modura sendotu, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko eragile izan, edota egiteko moduari, lidergoari eta komunikazioari dagokionez, elkartea eraldatu”.

Malgua eta arin erantzuteko modukoa

Zertzelada nagusiak dira horiek, baina lehendakariak argi utzi du estrategia eraikitzeko orduan “inguruko egoera-aldaketei malgutasunez eta arin erantzuteko gaitasuna izateko moduan aritu direla”.

Eva Isasi E + I enpresako erakunde aholkulariak gidatu du Hausnarketa Prozesua. Sei hilabeteko prozesuan dozena inguru bilera egin dituzte; horietako erdiak, gonbidatu dituzten eragileekin, eta gainontzeko erdiak, prozesua gidatu duen talde eragilearekin. Talde horretan Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, bi teknikarik, Zuzendaritza Batzordeko bi kidek eta Eva Isasi berak parte hartu dute.  

“Malgutasunarekin” jokatu dutela azpimarratu du, eta estrategia eraikitzerako garaian “prentsatu-egin-pentsatu-egin” zikloa osatzen saiatu direla, merkatuko tendentziei edo aldaketei “eraginkortasunez eta azkartasunez” erantzuteko aukera ematen duelako.

Hori argituta, modu tradizionalean egiten diren Hausnarketa Estrategikoei balioa kendu die, “ez baitira eraginkorrak. Gure etorkizuna kontrolatu nahian egiten ditugun bilerak, kalkuluak, AMIAk, eta abar lasaigarri moduan balio dezakete, baina etorkizuna ezin dugu kontrolatu. Horregatik bideratu dugu Hausnarketa Prozesua malgutasunez, merkatuko aldaketa eta tendentziei modu azkarrean erantzuteko moduan”.

Halako prozesuetan konfiantza behar-beharrezkoa dela argitu du Isasik. “Konfiantza da oinarria, lehendabizi bakoitzak bere buruarekin, eta ondorioz gainontzeko eragileekin. Osagai horiekin landu ditugu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko estrategiak eta erronkak”.

Hausnarketa prozesuetan duen esperientziatik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea gauzatzen ari den Hausnarketa Estrategikoaren eredua azpimarratu du “parte-hartzailea eta irekia izan delako, eta horrek bertan aritu direnen inplikazioa errazten du”.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin