Instituzioetako ordezkarien iritziak Hausnarketa Estrategikoaren harira

Hausnarketa Estrategikoaren prozesuan instituzioetako ordezkariak izan dira. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, gonbidatu ditugu, eta haien iritzia eskatu dugu. Instituzio horien izenean Jorge Jimenez HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariarekin, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariarekin, Jokin Larrañaga, Arabako Foru Aldundiko Euskararen Foru Zerbitzuburuarekin eta Maren Belaustegi UEMAko lehendakariarekin izan gara. Azpiko galdetegia bidali diegu, eta jarraian, erantzunak.

  1. Nola baloratzen duzue gurea bezalako Elkarte batek horrelako hausnarketa prozesua garatzea?
  2. Ordezkatzen duzuen instituzioaren eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen artean lankidetzarako biderik ikusten duzue? Zein urrats eman daitezke horretarako, sinergiak bilatuz?
  3. Nolako etorkizuna ikusten diozue Bai Euskarari Ziurtagiriari?

Jorge Jimenez, HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaria: “Hizkuntza politikaren alorrean, lankidetza ezinbestekoa da”

1. Euskalgintzan oro har, bai herri-aginteenean bai gizarte ekimenekoan, etengabeko gogoeta da lanabesik premiazkoena. Izan ere, euskararen azken 30 urteko aurrerabideak garbi erakusten digunez, guztiz loturik joan behar dute aurrerabide horretan erabakigarriak diren 3 faktore nagusiek: lege babes nahikoa, hizkuntza politika eragingarria eta baliabidez behar bezala hornitua, eta herritarren atxikimendua. 

2. Hizkuntza politikaren alorrean, lankidetza ezinbestekoa da zentzu guztietan: herri-aginteen artekoa, gizarte ekimeneko eragileen artean, eta haien eta hauen artean ere. Sinergiak bilatzeko urratsei dagokionez, euskara pixkanaka gero eta gune gehiagotan zerbitzu eta lan hizkuntza izan dadin sentiberatasuna areagotzearen aldeko ekimen zehatzen ingurukoak izatea da egokiena. Bikain ziurtagiriaren sistemaren ibilbide arrakastatsuak argi erakusten duenez, ezinbesteko lehen maila da enpresa eta entitateen hizkuntz konpromisoa, eta horretarako atea, jakina, langile, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen alorreko sentiberatasuna da.

3. Sentiberatzearen inguruko eginkizunetan asmatuz gero, ibilbide oparoa izan lezake.

 

Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria: “Enpresarean proiektuarekin abiatu dugun lankidetza mugarri bat izan da”

1. Egokia iruditzen zaigu etorkizuneko gogoeta beste eragileekin partekatzea. Gogoeta orekatu eta eraginkorra izango bada, besteen ikuspegiak txertatu behar ditu edozein erakundek.

2. Dagoeneko abiatua dugu lankidetza bide interesgarri eta garrantzitsu bat, ENPRESAREAN ekimenaren bidez, eta mugarri bat izan dela uste dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegiarekin bat egiten du guztiz, ikusgarri egiten baitu enpresa horien ahalegina, enpresa horien arteko harreman komertzialak errazten dituelako eta gizarteari erakusten diolako euskarak baduela tokia arlo sozio-ekonomikoan, patrikatik eta praktikatik.

3. Oparoa, arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzea egiteko dagoen esparrua baita. 20 urtetik gora daramagun arren honetan, aurreneko urratsetan gaude, eta enpresa eta eragile asko dago oraindik bisitatu eta eragin beharra. Jendartean ere oraindik apalegia da euskara eta lana binomio logikotzat ikustea. Bai Euskarari Ziurtagiriak asko lagundu du azken hori gizarteratzen, ondo diseinatuta dagoen tresna baita. Baina oraindik gehiago behar da.

 

Jokin Larrañaga, Arabako Foru Aldundiko Euskararen Foru Zerbitzuburua: “Bi ziurtagirien arteko uztarketa beharrezkoa da, osagarriak baitira”

1. Urte batzuk pasa ondoren, tarte bat hartu eta atzera begiratu ondoren aurrerako bideari so egitea txalotzekoa da, egoera, helburuak eta bitartekoak ere aldatuak direlako. Gainera eragileen arteko partaidetza bilatzen du, hobekuntzak jasotzeko ilusioaz eta kritikak ere jarrera eraikitzailez.

2. Badira urte batzuk elkarlanean ari garela: Lazarraga Sariak, enpresatako Euskara Planen berri emateko jardunaldiak, Enpresarean… Aurten lehenengo aldiz Arabako lurraldea hartzen duen programa xume bati ekin diogu Giro Onean izenekoa, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioan eragiteko ahaleginetan.

Gure lurraldean sektoreko diagnostiko sakon bat behar dugu etorkizuneko erronkak finkatzeko eta prozesu horretan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen beharra izango dugu.

3. Momentu honetan bi euskararen ziurtagiri dauzkagu: Bikain eta Bai Euskarari Ziurtagiria. Bistan da uztarketa beharrezkoa dela, osagarriak direlako eta bakoitzak bere aldetik ez duelako lortzen eremu guztiari espero zaion zerbitzua ematerik. Bai Euskarari Ziurtagiria beharrezkotzat jotzen dugu Bikain ziurtagiria iristen ez den leku eta enpresetara iristeko.

 

Maren Belaustegi, UEMAko lehendakaria: “Gaur egun bi ziurtagiri egotea ez da mesedegarria”

1. Oso ongi baloratzen dugu horrelako hausnarketa prozesu bat abiatzea. Are gehiago, kontuan hartuta Bai Euskarari Ziurtagiria bera sortu zenetik hona horretan eragina izan dezaketen faktore dezente aldatu direla (beste ziurtagiri baten sorrera, egoera ekonomikoa...).

2. UEMAk ildo berria onartu berri du, eta ondorioz funtzionamendu berria. Eta hor, herritarrei begirako zerbitzuari lehentasun gutxien emateko erabakia hartu da. Hor kokatzen da lan mundua deitzen diogun esparrua. Aurten behintzat zailtasunak izango ditugula Ziurtagiriaren sustapenari dagokionean. Dena dela, UEMAk ez ditu inolaz ere ateak itxi nahi aurrera begira lankidetza posible bat martxan jartzeari.

3. Egungo egoera ez da egokiena Ziurtagiriarentzako, eta noski, gaur egun bi Ziurtagiri egoteak ere ez dio mesede handirik egiten. Ziurtagiriaren eraginkortasunaren inguruko kezkak ere azaldu dira.


Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin