Enpresarean, negozio berriak egiteko aukera paregabea

Negozio aukera berriak irekitzeko helburu nagusiarekin, 2013ko urriaren 31n Arrasateko Polo Garaian Enpresarean 2013 fast-dating saioa egingo da eta izena emateko epea irekita dago jada. Enpresa ezberdinetako kideak elkarrekin mintzatuko dira 10 minutuz bakoitzak dituen beharrei eta eskaintzei buruz; xedea: proiektu enpresarial berriak sortzea, euskaratik eta euskaraz.

Saioa goizeko 10:00etan irekiko da, eta enpresa bakoitzak aurrez berak hautatzen dituen beste enpresekin elkartu eta nahi adina bilera azkar egiteko aukera izango du eguerdira bitartean. Goiza osatzeko, enpresa, sarea eta euskara hizpide hartuta bi hitzaldi labur ere egingo dira.

Enpresarean 2013 fast-dating saioan parte-hartzeko izena emateko epea urriaren 3ra arte egongo da irekita. Parte hartu nahi duten enpresen zerrenda osatu ostean, izena eman duten partaideen zerrenda-katalogoa bidaliko zaie enpresa guztiei, bakoitzak norekin elkartu nahi duen galdetzeko. Enpresa bakoitzak izan nahi dituen bilerak aukeratzen dituenean (urriak 17 baino lehen), sistema informatiko bidez, Enpresarean 2013 fast-dating saioan egitaraua osatuko da eta urriaren 24an enpresa bakoitzari bere fast-dating programazio pertsonalizatua bidaliko zaio.

Enpresek astebeteko epea izango dute fast-dating saioko bilerak prestatu eta negozio berrietarako estrategiak diseinatzeko. Urriaren 31ko egitekoa, ideia eta proiektu berriak martxan jartzea!!!

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin