Gernika-Lumoko Udalak Bai Euskarari Ziurtagiria babesten jarraituko du

Udalbatzak abuztuan izandako Plenoan onartutako 2013ko aurrekontuaren xehetasunak ezagutzera eman ditu Gernika-Lumoko Udalak eta bertan jasotzen denaren arabera, 3.134€ bideratuko ditu Bai Euskarari Ziurtagiriaren sustapenerako eta egitasmoaren inguruko ekintzetarako. Azken tramitea falta da orain, hots, Euskara Batzordean aurkeztu, informatu eta partiden zehaztapenak (kanpainak, jarduerak,...) ontzat ematea, urrirako iragarri duten batzarrean egingo dutena. Euskara Sailaren aurrekontuan jasotzen den diru partida hiru alorretan banatuko da. Batetik, Ziurtagiriaren Elkarteak 800€ jasoko ditu Gernika-Lumon egitasmoarekin jarraitu eta une honetan Bai Euskarari Ziurtagiria duten 31 entitateei urteroko jarraipen ebaluazioak egiteko. Bestetik, Ziurtagiridun bakoitzaren urteko kuotaren %30 Udalak beregain hartuko du. Modu horretan, Ziurtagiridunek kuotaren %70 ordainduko dute. Azkenik, gainerako diru kantitatea sustapen ekintzetarako erabiliko da euskalgintza lan-taldean (GPS baten zozketa Ziurtagiridun establezimenduetan kontsumitzen duten bezeroen artean, publizitate moduluak tokiko hedabideetan Ziurtagiridunentzat, etab.). Krisiaren eraginez, udal saila guztietan izan dira murrizketak eta 2012koaren aldean, 2013ko aurrekontuan %15,6 gutxiago izango du erabilgarri Euskara Sailak. Dena dela, udal aurrekontuan euskararen sustapenerako partiden pisua mantendu egin da: 2012an %3,09 zen eta 2013an %.2,93.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin