Euskara eremu sozioekonomikoan txertatzea estrategikoa da hizkuntzaren normalizaziorako. Eta enpresen ikuspegitik, euskara txertatzea estrategikoa al da? Enpresentzat eta era guztietako entitateentzat lagungarri da euskara euren organizazioan txertatzeko neurriak bere egitea, euskaran inbertitzeak onurak baitakarzkio enpresari. Hala diote horretaz jabetu diren enpresek, euskara euren jarduna lehiakorrago egiteko erremintatzat dutenek. Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren Lehiakortasunari buruzko 2013ko txostenean begiratzen badugu, ordea, ez dago hizkuntzen edo hizkuntza-kudeaketaren aipamenik. Ez da alor hori aztertu lehiakortasunari lotuta eta, horrenbestez, datuetan oinarrituta ez dago esaterik euskararen erabilerak enpresen lehiakortasuna handitzen duenetz. Hala ere, Orkestrako Maria Jose Arangurenek esaten duen bezala, enpresek herrietan errotuta egon behar dute, eta herriarekiko erantzukizuna behar dute. Enpresak, langileak eta lurraldeak balioa sortzen dute, eta horrek konpromiso bat eskatzen du. Eta konpromiso horrek lehiakorrago egiten du enpresa. Euskara hor kokatu behar da. Guillermo Dorronsorok ere, iazko Enpresarean azokan, sustraiak eta hegoak dituzten pertsonak behar ditugula adierazi zigun. Hegoak kanpora joan eta herrialde ezberdinetako esperientziak ezagutzera joateko eta hemengoa aberasteko; eta sustraiak, nora itzuli nahi dugun jakiteko eta joaten garen lekura joanda ere, bertako ohiturak eta sustraiak aintzat hartzeko. Sustraiak ditugu eta sustrai horiek enpresetan txertatu behar ditugu. Hizkuntza sustraiaren parte da, zaindu beharreko aldagaia. Hortaz, gure diskurtsoaren funtsa, euskara euren egunerokotasunean txertatzen ari diren enpresetan diharduten pertsonen iritzietan eta pertzepzioetan oinarritu dugu: euskara lagungarria da merkatuan lehiakideek baino posizio hobea irabazteko garaian, bezero kopurua handitzeko, merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko; produktu eta zerbitzuak bere hizkuntzan eskaini behar zaizkio bezeroari, harreman-hizkuntza berak hautatu behar baitu, produktu eta zerbitzuak lehiakorrak eta kalitatezkoak izango badira; euskara gertutasun eta konfiantzaren adierazgarri da; barrura begira ere, enpresarekiko atxikimendua areagotu eta motibazioa indartu egiten da lanean ari diren pertsonengan, etab. Enpresek hizkuntzak kudeatzen dituzte, inplizituki edo esplizituki. Lan tresna izanik, ezinbesteko dute hizkuntzen kudeaketa, lehiakorrak izango badira. Euskaraz ekimen enpresarialak abiatu eta garatzen ari dira; adibideak hor daude. Horrez gainera, eremu hau ikertzeko garaia da, euskarak lehiakortasunean nola eragiten duen ikertzekoa.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin