Mikel Navarro eta Mari Jose Aranguren: “Herri baten lehiakortasuna bere biztanleen bizi-kalitatearen araberakoa da”

Mikel Navarro eta Maria Jose Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikerlariak dira, ikertzaile seniorra eta ikerketa-zuzendaria, hurrenez hurren. Urriaren 31n, Arrasateko Polo Garaian izango dira Enpresarean 2013 jardunaldiaren baitan Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasuna: Etorkizuneko Ekoizpen Eraldaketa hitzaldia eskaintzen. Aurrez biekin elkartu gara Orkestran egiten duten lana ezagutu eta Enpresarean egitasmoaz zein iritzi duten galdetzeko.

Lehiakortasunerako Euskal Institutua da Orkestra. Zer dago izen deigarri horren atzean?

Mikel Navarro: Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasuna aztertzen dugu, enpresena edo gainerako organizazioena. Lehiakortasunaz ari garenean, barne zein kanpo faktoreez ari gara. Biak ezagutu behar dira, eta sarritan barnekoari gehiegizko protagonismoa ematen zaio. Bada, behar-beharrezkoa da ingurunean dauden eta ingurunea moldatzen dutenak ezagutzea; besteak beste Gobernuak, Klusterrak, garapen agentziak, zentro teknologikoak, eta abar.

Maria Jose Aranguren: Zerbait eranstekotan, esango nuke lehiakortasuna ez dugula soilik hazkunde ekonomikoari lotuta ikusten. Ardatz nagusietako bat da, ados, baina berdintasuna edota ingurumenari errespetua beste ardatz garrantzitsuak dira.

Zergatik sortzen da institutua?

M.N.: Euskaldunoi ekinean aritzea gustatzen zaigu. Gurea herri ekintzailea da. Gogoetak egiteko, ordea, alfer samarrak gara. Lehiakortasunean aurrera egiten joan gara, gehiegi hausnartu gabe, ordea. Non gaude, nora joan nahi dugu, zein helbururekin… galdera horiei erantzuteko sortzen da Institutua. Hausnarketa horrek etorkizuneko estrategiak argitzen dizkigu.

Zein dira Orkestraren ezaugarri nagusiak?

M.J.A.: Hiru nabarmenduko nituzke: independentea, sustatzailea eta berritzailea.

M.N.: Hemen modu independente batean aritzen gara, ez gaude inongo Gobernuren menpe eta hori balio erantsia da gurea bezalako ikerketa-lerro batean. Sustatzailea da ikertzen duguna praktikara eramaten dugulako beste agente batzuekin elkarlanean. Eta berritzailea, orain arte ez delako halakorik egin hemen.

M.J.A.: Orain arteko moldeekin hautsi dugu, paradigma aldaketa bat izan da. Norvegia da gure ispilua, bertatik ari gara edaten. Ekintzari lotutako ikerketa garatu dute, eta oso prozesu aberasgarria izaten ari da. Ikertzeko modu honetan ezagutza partekatzen dugu; gure artean dialogo bat sortzen da, problema aktoreekin definitzen da. Izan ere, zenbait esparrutan adituak garen arren, beste zenbaitetan aktoreak guk baino informazio gehiago izaten du. Soluzioak elkarrekin topatzea da gakoa.

“Orkestraren ezaugarri nagusiak hiru dira: independentea, sustatzailea eta berritzailea da”

Noiz da herri bat lehiakorra?

M.N.: Herri baten lehiakortasuna bere biztanleen bizi kalitatearen araberakoa da. Eta tamalez, gurea lehiakortasunetik urrun dago momentu honetan. Ekoizkorrago izateko bideak hartu behar ditugu.

Euskal Autonomia Erkidegoan ba al daude ekoizkorragoak izateko oinarriak?

M.N.: Ikaragarriak. Hemen daukagun jakintza-azpiegitura punta-puntakoa da, baina oso probetxu gutxi ateratzen diogu. Orain arte jakintza sortzera diru asko bideratu da, jakintza horri etekina ateratzeko garaia heldu da. Lehentasunak aldatzea da gakoa.

M.J.A.: Dibertsifikatzeko estrategia honek eskatzen duena da enpresen eta jakintza-azpiegituren artean harreman sendoagoak lantzea, hau da, ezagutza ezberdinak konbinatzea. Euskaldunak oso onak gara geure kabuz bidea egiten, baina ikasi behar dugu elkarlanerako estrategiak garatzen. Produkzio eta jakintza sistemak uztartzen ikasi behar dugu.

Ez zaizue garai xamurra egokitu zuena bezalako egitasmo bat bideratzeko. Gurean berehalako lehiakortasuna eskatzen da, eta…

M.N.: Krisialdiak aukera paregabeak dira aurrerapausoak emateko. Adibide asko daude: Finlandia eta Singapur, esate baterako. Sistema ekonomikoa goitik behera aldatu zuten, eta krisialditik ateratzeko jakintzan inbertitzea erabaki zuten, murrizketarik gabe.

“Aztertu gabeko esparru bat da, eta zaila da esatea euskararen erabilerak lehiakortasun maila handitzen duen ala ez”

Aukera baliatzen ari garela uste duzue?

M.N.: Zentzu horretan danbateko handi xamarra hartu dugu. Krisialdia gurea iritsi zenean, halako zerbait gertatzea espero nuen. Uste nuen jendeak ulertuko zuela iraganarekin hautsi behar zela, baina kontrakoa gertatu da. Ez dugu dibertsifikatzeko behar zen ahaleginik egin; gure aukera gogor eustea izan da, eta halako krisi luze batean, azkenerako erreserbak agortu egin dira. Horren aurrean Espainiak hartu zuen eredua jarraitu dugu, ajuste eta kaleratzeena. Bide mugatua da, ordea, eta ez du biztanleriaren ongizatea ekarriko.

Egoera hori irauli edo pista batzuk eman nahian Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2013ko txostena kaleratu berri duzue. Zein helbururekin?

M.J.A.: Dibertsifikaziorako klabe batzuk ematen ditugu, gure iritziz etorkizunerako ardatzak izan daitezkeenak. Sei dira; jakin badakigu gehiago daudela, baina gure irizpideen arabera horiek dira lehentasunezkoak. Identifikatu ditugun ardatz horiek aintzat hartu eta hobetzen baditugu, gure ongizateak hobera egingo du.

Eta zein dira ardatz horiek?

M.J.A.: Jakintzazko azpiegitura guztiak; EAEn gaitasun handia daukagu, eta gainera esplotatu gabe, potentzialitate askorekin; teknologia orokorrak/ generikoak, sektore askotan erabil daitezkeen nanoak, bioak, IKTak; energia, guretzat estrategikoa dena, pisu handia duelako gure ekonomia industrialean. Efizientzian irabazten badugu, aurrerapauso handia emango dugu; internalizazio eta berrikuntza estrategiak, horiek enpresa barruan; zerbitzuak, honek ez du esan nahi industriak pisua galduko duenik, alderantziz, zerbitzu integralak eskaintzeko aukeraz ari gara; eta ekintzailetasuna, enpresa berriak sortzen dibertsifikazioa aurrera eraman dezakezulako. Politika horiek nola bideratu aztertu behar da.

Zuek oso konbentzituta ikusten zaituztedan bezala, gainerako eragileak bide beretik jotzeko nahikoa konbentzituta daudela uste duzue?

M.J.A.: Txostena argitaratu aurretik eztabaida prozesu sakonak eman dira, eragile askorekin konpartitu genuelako. Prozesu horrek kontzientzia sortze bat ekarri du berarekin, eta hori oso inportantea da gure jokabidea zehazteko. Hartzen dugun kontzientziaren arabera egiten dugulako alde batera edo bestera. Jarrerak edo portaerak zein neurritan aldatu diren ez dakigu, baina ziur gaude kontzientziatan eragin dugula, eta hori lehenengo urratsa da.

M.N.: Esango nuke Gobernuak bertan agertzen diren hausnarketa batzuk bere egin dituela, gero beste kontu bat da horiek aurrera eramateko gai izango den. Baina arrastoa utzi dute. Jakintzazko egiturak, euskal zientzia eta teknologiarako sarea, erronka bezala hartu ditu. Horiek berrantolatzeko beharra ikusi dute. Beste horrenbeste dibertsifikatzeko estrategiekin. Energia plana ere abiatu dute. Beste kontu batzuk ez bezala. Inertzia asko daude eta horiek aldatzea kosta egiten da. Gainera departamentu ezberdinetako konpetentziak nahastu egiten dira, eta zaildu egiten du.

“Krisialdia gurea iritsi zenean uste nuen jendeak ulertuko zuela iraganarekin hautsi behar zela, baina kontrakoa gertatu da”

Enpresarean 2013 jardunaldian txostena aurkeztu behar duzue, ezta?

M.J.A.: Hala da. Krisi garaian lehiakortasuna bultzatzeko zein bide ikusten ditugun azalduko dugu. Dibertsifikazioa bultzatzeko palankak aurkezten ahaleginduko gara.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean behin eta berriro errepikatzen dugu euskara lehiakorra dela. Zaila egiten zaigu baieztapen hori zenbakitan azaltzea. Lehiakortasunerako Institutuak zer dio?

M.J.A.: Aztertu gabeko esparru bat da, eta zaila da esatea euskararen erabilerak lehiakortasun maila handitzen duen ala ez. Antzeko ikerketak egin dira, esate baterako, aniztasunak nolako eragina duen lehiakortasunean. Hizkuntza-aniztasuna altuagoa dagoen lekuetan, zenbait abantaila antzeman dira: eskema mental ezberdinekin lana egiteko gaitasuna daukazu, malgutasun gehiago daukazu ingurune aldakorretarako… baina hortik ezer ondorioztatzea zaila da.

M.N.: Oso arlo mugatua da. Badago literatura bat, eta hori asko dominatu behar da, eta guk ez dugu menperatzen. Gogoan dut tribunal batean parte hartu nuela, eta bertan euskalgintzak ekonomian duen inpaktua aztertu zuten. Hurbilpen bat baino ez zen. Inpresioa hartu nuen badagoela zer aztertu, baina bide luzea geratzen da jorratzeke.

M.J.A.: Euskalgintza eta lurraldeko baloreak oso lotuta daude. Eta zaila izaten da bereiztea balore horiek lanari lotuak dauden ala kasu honetan hizkuntzari lotuak dauden, nahastu egiten dira. Biak ala biak kulturako parte direlako.

Beraz, euskara lehiakorra da?

M.N.: Euskarak enpresa baten kultura sendotzen laguntzen du. Hortik lehiakorra dela esatea…

M.J.A.: Enpresak herrietan errotuta egon behar dute, eta herriarekiko erantzukizuna behar du. Enpresak, langileak, lurraldeak balioa sortzen dute, eta horrek konpromiso bat eskatzen du. Eta konpromiso horrek lehiakortasuna ematen du. Euskara hor dago, dimentsio horren beste elementu bat dela esango nuke.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin