Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean ospatu genuen Enpresarean 2013 jardunaldiko protagonista nagusiak fast-dating saioan parte hartzeko izena eman zuten enpresak izan ziren. Guztiei ezin ahotsa eman, eta lagin modura, Oreka ITko, Bitarlaneko eta Fremapeko ordezkarien iritziak jaso genituen jardunaldia ospatu aurretik.
Guztiei azpiko galdetegia bidali genien, eta jarraian, erantzunak.
Iraitz Goldazarena, Oreka I.T enpresako bazkide zuzendaria: “Iaz, Kursaalen egin zen azokan, hornitzaile berria aurkitu genuen; zergatik ez bezero bat aurten?”
1. Tokiko enpresei biltzeko aukera ematen dien esparru bat bezala ulertzen dugu guk egitasmoa, harreman berriak egin eta zaharrak zaintzeko aukera eskaintzen duena. Hortik lankidetza-proiektuak, hornitzaileak edo bezeroak atera daitezke; beraz, gure balorazioa oso positiboa da. Kontuan hartu beharra daukagu gainera, bertara gerturatzen diren beste enpresek, guk bezala, euskara merkatuan lehiakorrago bihurtzen dituen tresna bezala ulertzen dutela, eta horrek bertara gerturatzen garen guztion arteko kidetasun sentsazioa areagotzen du. Hori ere bada egitasmoa berezia bihurtzen duen arrazoi garrantzitsu bat, eta enpresen beste bilguneek eskaintzen ez diguten zerbait.
2. Orain arteko hitzaldiez gain, mahai inguru parte hartzaileak antolatuko nituzke enpresek momentuan ditugun erronka nagusiak hizpide hartuta: egoera ekonomikoa, internalizazioa, lan-hitzarmenen iraungitzea, antolakuntza egitura berriak, eta abar. Beti ere, parte hartzaileak erakartzeko erreferente diren pertsonak gonbidatuz.
3. Tokiko merkatuan gurekin batera aritzen diren beste enpresa eta egitasmo batzuk ezagutzea, Orekak eskaintzen dituen zerbitzuen berri ematea, eta zergatik ez, negozio aukera berriak topatzea. Kursaalen hornitzaile berria aurkitu genuen, zergatik ez bezero bat aurten?
Jabier Asurmendi, Bitarlan enpresako zuzendaria: “Enpresen arteko elkarlana sustatuz, Europa mailako proiektuak gauzatu daitezke euskaraz”
1. Oso egitasmo interesgarria da. Enpresek beste enpresekin harremanetan jartzeko beharra dute, horregatik ohikoak dira enpresa-topaketak lan arloa edo lurraldea irizpidetzat hartuta, adibidez. Kasu honetan hizkuntza hartu da ardatz gisa, eta ardatz horrekin identifikatzen garen hainbat enpresa atxiki gatzaizkio Enpresarean egitasmoari. Helburua ez da enpresak elkartu euskarari buruz hitz egiteko, baizik eta enpresa gaien inguruan euskaraz jarduteko eta elkarrekin helburuak gauzatzeko. Zoriontzeko modukoa da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Enpresareanekin egindako lana.
2. Proiektuak gorpuzten joan behar du, pixkanaka, eta bere izaera garatu, era honetan enpresak egitasmoarekin gero eta identifikatuago sentituko dira. Elkartuta gauza gehiago egin daitezke, arlo ezberdineko edo arlo bereko enpresen artean. Bidea askoz errazago egiten da lagunduta bakarka baino eta orain egitea egokitu zaigun bidezidorra ez da bereziki erraza. Nire ametsa orain bakarrik egin ezin ditugun proiektu handi eta interesgarriei beste enpresa euskaldunekin batera aurre egin ahal izatea da, Europa mailako proiektuak, adibidez. Bestetik uste dut Enpresareanek ere laguntza eta zerbitzuak eskaini beharko lizkiekeela enpresei.
3. Askotan ez da erraza hornitzaileak, bezeroak edo elkarlanerako kideak enpresa edo zerbitzu gidetan aurkitzea. Funtsezkoa da networkinga egitea, enpresak aurrez aurre ezagutzea eta kontaktuak egitea, ez bakarrik epe motzerako. Batek daki noiz etor daitekeen elkarlana!
Iñigo Albisu, FREMAPeko Zuzendaria: “Etorkizunean industria sektoreko enpresen parte-hartzea sustatu behar da”
1. Egitasmoa osoa interesgarria da. Batez ere enpresa munduan euskararen presentzia beharrezkoa dela ikusten dugunoi elkarkidetzan lan egiteko aukera paregabea eskaintzen digulako. Oso balorazio positiboa egiten dugu beraz.
2. Industria sektoreko enpresen parte-hartzea faltan bota dugu. Etorkizunean esparru hori sustatu behar dela uste dugu. Nola? Esparru horretan aritzen diren enpresei zuzendutako egitasmoak antolatzea izan liteke aukeretako bat.
3. Topagune bat izatea espero dugu. Hain zuzen, euskaraz lan egiten duten eta zerbitzua euskaraz eskaintzen duten erakunde ezberdinen elkargunea.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin