Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak hirugarren urtez jarraian Mintzodromoa antolatu du Gasteizen, aurtengoan Ignacio Aldekoa Kultur etxean. Lanbide Heziketako ikasleak gonbidatu ditu, eta bi txandatan 200 bat ikaslek parte hartu dute. Mintzodromoa Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu du.
Aurreko bi edizioetan ez bezala, Mintzodromoaren 3. Edizioa Lanbide Heziketako ikasleekin antolatu da. Hain zuzen, bost ikastetxeetako ikasleak gerturatu dira Ignacio Aldecoa Kultur etxera. Saioa bi txandatan antolatu da: lehenengoan, Gamarra, Mendebaldea, Mendizabala eta Murgiako ikasleak aritu dira, 80 inguru; eta bigarrengoan, Egibidekoak, beste 90.
Parte-hartzaileek, lau laguneko taldetan banatuta, 15 minutuko mintzapraktikak egin dituzte. Denbora tarte horretan hiru gairen (Lanbide Heziketa eta euskara; Lanbide Heziketatik lan mundura, euskaraz eta Euskara egunerokoan) inguruan hitz egin dute euskara hutsean, euren iritziak konpartitu eta hizkuntza praktikatzeko.
Etorkizuna lantzen
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezen esanetan, ikasleekin antolatzen diren era honetako ekimenak “oso baliagarriak dira, batetik, euskaraz egiteko erraztasun eta ohitura handirik ez duten pertsonei euskaraz aritzeko modua eskaintzen zaielako. Baina bestetik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea, eta batez ere elkartearen lana, gizarteratzeko aukera ematen dutelako”.
Orain arte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak gonbidatu izan dira, baina aurten, lehen aldiz, Lanbide Heziketakoak aritu dira. Aldaketa horrela arrazoitu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak: “Gure lana alor sozio-ekonomikoan eragitea da, eta iruditzen zaigu Lanbide Heziketako ikasleak gure errealitatetik gertuago daudela. Gainera, gazte hauek kontsumitzaile diren neurrian, euskararen presentzia areagotu dezakete komertzio, denda edo antzekoetan. Lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazten baditugu, egunerokotasunean halako ohiturak bereganatuko dituzte, eta horrek komertzioetako, dendetako edo-eta enpresetako arduradunen hizkuntza irizpideetan eragin dezakeela pentsatzen dugu”.
Mintzagaien artean, ikasleek Enpresarean egitasmoa izan dute. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatzen duen egitasmoa da, eta hura zabaltzeko ahaleginean dabil Elkartea. Joan den astean Arabako enpresetako ordezkarien aurrean azaldu zuen, eta oraingoan, ikasleekin bildu dira.
Mintzodromoaren aurretik, ikasleek Badu Bada, euskara mundu anitzean erakusketa bisitatu dute. Mintzodromoa amaitzean, berriz, parte-hartzaileen artean Baskonia eta Lietuvos Rytasen EuroLigako partida zuzenean ikusteko sarrerak banatu zaizkien parte-hartzaile guztiei.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin