Ospakizun horren harira antolatutako hainbat ekitalditan izan ginen atzo. Goizean Mintzodromoa antolatu genuen Gasteizen Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta arratsaldean Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko eta Galdakaoko Udalak antolatutako ekitaldietan izan ginen. Horretaz gain, Gernika-Lumon Ziurtagiriak banatu genituen.
Galtzak bete lan izan genuen atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean. Han eta hemen antolatutako ekitaldietan parte hartzeko gonbita jaso, eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen ordezkaritza bana izan zen Gasteizko hiru ekitalditan, Galdakaon eta Gernika-Lumon.
Goiza Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean antolatutako Mintzodromoan pasa genuen. Bertan, Lanbide Heziketako ikasleekin izan ginen, eta bi txandatan, 200 bat ikaslek proposatu genizkien hainbat gairen inguruan solasten aritu ziren.
Arratsaldean, berriz, Galdakaoko Udalak antolatutako ekitaldian parte hartu genuen. Bertako Udalarekin hitzarmena sinatuko dugu datozen egunetan, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatu zuen ekitaldian Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu genituen. Guztira, 14 izan dira euskararekiko konpromisoa hartu duten Galdakaoko enpresa, komertzio eta bestelako entitateak. Horietako hamaikek, eskuratu berri dute (Galarza ehorztetxea, Belagorri belar dendak, Muguet floristak, Alai taberna, Aitziber Bonilla argazkilaria, Galdakao optika, Guzur Aretxa kultur elkartea, Peña egunkariak, Kilika arropak, Eguzkilore zuloagak eta De Diego eraikuntzak), eta hiruk konpromisoa berretsi dute (Vusa, Eroski bidaiak eta Kiram armairuak).
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Lehendakaritzan antolatutako ekitaldian izan zen Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria. Ekitaldian euskalgintzan erreferente diren instituzioak, elkarteak eta norbanakoak izan ziren. Horien artean izan zen Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea.
Lehendakaritzatik Gasteizko Udalera, hain zuzen, Zahar Berri artean gaude galara. Gasteizko Udalak euskaldunberriak omendu zituen ekitaldian izan zen Rober Gutiérrez. Ekitaldian zehar, izen bereko bideoaren aurkezpena egin zuten. Bertan, euskararen inguruko profesionalak agertzen dira gai interesgarriak modu didaktikoan jorratuz. Aditu horien artean dago Rober Gutiérrez Koldo Zuazo, Iñaki Martinez de Luna, Pili Diaz de Gereñu, Joseba Lozano eta abarrekin.
Eguna Gernika-Lumon bukatu genuen, Ziurtagiriak banatzen. Hain zuzen, 31 komertzio, enpresa eta era guztietako entitateek jaso zuten Ziurtagiria. Horien artean, bostek, Zerbitzua eta Lana maila daukate; beste hamabostek, Zerbitzua euskaraz; eta gainontzeko hamaikek, Bidean maila.
Nabarmentzeko da, era berean, Ziurtagiriaren Elkarteak eta Gernika-Lumoko Udalak daukaten hitzarmena. Horren arabera, Udalak Ziurtagiriak zabaltzeko 800 €ko diru-laguntza ematen dio Ziurtagiriaren Elkarteari, eta horrezaz gain, Ziurtagiridun bakoitzak elkarteari ordaintzen dion kuotaren % 30 hartzen du beregain.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin