Gernika-Lumoko 31 entitatek jaso dute Bai Euskarari Ziurtagiria

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak seigarren urtez banatu ditu Ziurtagiriak Gernika-Lumon. Banaketa ekitaldia Elai Alai aretoan egin da estrainekoz, eta bertan udalerriko 31 enpresak, komertziok eta era guztietako entitatek jaso dute Ziurtagiria.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko arduradunek emandako datuen arabera, Gernika-Lumon Ziurtagiria jaso duten guztiek berritu dute aurreko urtean euskararekin hartutako konpromisoa. Hortaz, 31 izan dira Ziurtagiria jaso duten komertzio, enpresa edo-eta bestelako erakundeak. Aldaketa bakarra izan da, bik mailaz igotzea lortu baitute: Bengozarra Eraikuntza Metalikoak 1963 S.A.k –Euskararen Bidean mailatik Zerbitzua Euskaraz mailara– eta Kosnoaga Igeriketa Elkarteak –Zerbitzua Euskaraz mailatik, Zerbitzua eta Lana Euskaraz gorengo mailara–.

Maila igoera horri erreparatuta, gaur egun Gernika-Lumoko Ziurtagiridunen artean bostek Zerbitzua eta Lana Euskaraz maila kreditatzen dute; 15ek, Zerbitzua Euskaraz; eta gainontzeko guztiek, 11ek, Euskararen Bidean maila. Ziurtagiri kopuruan igoerarik eman ez den arren, Ziurtagiriaren Elkarteko arduradunak “pozik” daude “gaur egun bizitzen ari garen krisi egoera latz honetan” aurreko urteko kopurua mantendu delako.

Ziurtagiriaren Elkartearen izenan, Arkaitz Illarramendik Ziurtagiridunak zoriondo ditu, eta haien lana nabarmendu du. “Euskararen normalizazioan behar-beharrezkoa da zuen jarduna. Ezbaitago hizkuntza bat normallizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozio-ekonomikoan. Esparru horretan egiten duzuen ekarpena txalotzekoa da”.

Udalarekin elkarlanean

Gernika-Lumoko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak sinatutako hitzarmena dela eta, Udalak beregain hartzen du Ziurtagiridun bakoitzaren kuotaren % 30. Horrez gain, Udalak beste 800 €ko diru-laguntza ematen dio Ziurtagiriaren Elkarteari. Arkaitz Illarramendi Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko teknikariak esker oneko hitzak izan ditu Gernika-Lumoko Udalarentzat “alor sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiten laguntzeagatik. Urrats biziak ematen jarraitzeko beharrezkoa dugu instituzioen babesa, eta zentzu horretan, eskertzekoa da Gernika-Lumoko Udalaren jarrera”. Eta aurrerantzean, elkarlanean jarraitzeko gonbitea luzatu die Udal ordezkarie.

Ziurtagiria jaso duten entitateak

Aita Villasante Udal Euskaltegia, Aixerrota Garbilekua, Arrano Kultur Elkartea, Arrien Optika, Bake Leku txokoa, Bengozarra eraikuntza metalikoak, Berezi liburu denda, Biklik Komunikazioa, Areza Eraikutzak, Duka arropa denda, Ekin Taldea, Elai Alai dantza taldea, Argi Ola Elektrizitatea, Gernika Garbiketak, Gernika kirolekua, Gernika Rugby Taldea, Gernikako Arku Tiroketa Elkartea, Cor Gestoria, Gurea Altzariak, I. Izagirre eraikuntzarako materialak, Jose Luis Kristaldegia, Kopi Laster Fotokopiak, Kosnoaga Igeriketa Elkartea, Loreder Parafarmazia, Madariaga Hortz Klinika, Maria Luisa lurrin denda, Paraphernalia jantzi denda, Seber Altube Ikastola, Urrutia Aholkularitza, Zaindu Fisioterapia Zentroa eta Zurich Aseguroak.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin