Amurrioko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu dute

Amurrioko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Josune Irabien alkateak eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak sinatu dute arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzea helburu duen akordioa. Hitzarmen ekitaldira Ziurtagiria daukaten Amurrioko eragileak bertaratu dira.

Amurrioko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak elkarlanerako hitzarmena berritu dute, bien arteko lankidetza publiko eginez. Udalak, bere aldetik, 1.954,15 euro bideratu ditu udalerrian Ziurtagiria hedatzeko. Diru horri esker, Ziurtagiriaren Elkarteak oinarriaren erdia (42,50 euro) deskontatuko die urteko kuotan Ziurtagiria berritzen duten edo lehen aldiz eskuratzen duten entitateei.

Ziurtagiriaren Elkarteak, berriz, honako konpromiso hauek hartu ditu: ebaluazioak egingo dituen teknikariari formazioa ematea; koordinazio eta segimendu lanak egitea; Ziurtagiria berritzeko interesa duten entitateei euren hizkuntza-egoeraren azterketa egitea; Ziurtagiria daukaten entitateen fitxak aztertzea, zuzentzea, maila aldaketak gainbegiratzea eta teknikariari laguntza ematea; eta Ziurtagiria duten entitateei ebaluazio fitxa bidaltzea, eta horrela eskatuz gero, euskarriak eskura jartzea.

Hitzarmen ekitaldian emandako datuen arabera, egun Amurrion 38 saltokik, enpresek eta elkartek eskuratu dute Ziurtagiria. Horien artean seik “Zerbitzua eta Lana Euskaraz” maila gorena lortu dute; beste zazpik “Zerbitzua Euskaraz” maila eta gainontzeko hogeita bostek “Bidean” maila. Guztien artean, nabarmentzekoa da Txoko Gorri Kultur Elkarteak mailaz igotzea lortu duela, Zerbitzua euskaraz mailatik Zerbitzua eta lana euskaraz maila gorenera.

Bi aldeak pozik agertu dira hitzarmena sinatu berritan. Izan ere, lankidetza hitzarmenean jasotzen den bezala, “bi erakundeen indar eta ahaleginen sinergiak batu eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzen jarraitzea ahalbideratuko baitu”. Eta finean, eguneroko lana indartu. Biek ala biek bat egiten dutelako helburuetan, alegia, Amurrioko Udala azken urteotan aurrera eramaten ari den hizkuntza-politika eta alor horretan egindako ekintzak bat datoz Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak dituen helburuekin.

Josune Irabien Amurrioko alkateak “urtean zehar hizkuntza konpromisoak hartu eta bete dituzten Amurrioko 38 eragileak” zoriondu ditu. Era berean, ARTEZ Euskara Zerbitzuak aipatu eragileei konpromiso horiek betetzeko laguntza eskaintzen diela eta, burutzen duen jarduna eskertu du. Amurrioko Udalak ere aurten Udalaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartuko duela gaineratu du eta “guztion elkarlana ezinbestekoa dela Amurrion euskararen erabilera sustatzeko” erantsi.

Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak bere aldetik, Ziurtagiria eskuratu dutenen konpromisoa nabarmendu du “euskara lanean txertatzeko egiten duzuen ahaleginak lan mundua ez ezik gizartea bera euskalduntzeko ere garrantzi izugarria baitu. Ohartu gabe, edo guztiz kontziente, bakoitza zuen esparruan eta inguruan euskararen normalizazioa sustatzen ari zarete”.

Zentzu horretan, Amurrioko gainontzeko saltoki, enpresa eta elkarteetako ordezkariak urrats biziak ematera gonbidatu ditu eta gainontzeko eragileak ausardiaz jokatzera animatu ditu, beti ere, euskararen normalizazioaren alde.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin