Bihotz-guneak

PAUL BILBAO Duela bi urte, Eskoziako Skye irlan izan nintzen hizkuntza gutxiagotuei buruzko jardunaldi batzuetan. Skye irla gaelikoaren arnasgunea da, bai eta bertan kokatuta dagoen Sabhal Mor Ostaig unibertsitate-fakultatea ere. Ordura arte guk arnasgune deitzen ditugun eremuen ingelesezko itzulpena language breathing spaces zelakoan nengoen, baina bertan beste izendapen egokiago bat bazela ikusi nuen : Language Heartlands (hizkuntzen erdigunea, bihotz-gunea). Izan ere, bizirik egoteko bihotza behar dugu. Eta hizkuntzetan ere bihotz-eremuak behar dira, hizkuntza bizirik dagoela erakusten duten eremuak, hizkuntzaren gorputzean odola eta oxigenoa barreiatzeko bihotzak. Bi hizkuntza leku eta aldi berean hitz egitean, beti, bat nagusitu egiten da. Euskaldunok egunero dugu horren berri. Halere, leku batzuek inguruko erdaren nagusitasunari aurre egin eta euskara nagusi edo hegemoniko izatea lortu dute. Euskaldunon kontzentrazio nabarmena dago leku horietan, eta euskara modu naturalean transmititzen da. Leku horietan euskaldunok lasai har dezakegu arnasa, lasai egin dezakegu euskaraz, bai baitakigu bertako hizkuntza naturala horixe dela. Eguneroko euskarazko mintzajarduna hainbat eta hainbat gunetan burutzen da: ikastetxeetan, lantokietan, dendetan… Horiek guztiak jardun-guneak edo espazio soziofuntzionalak dira. Bertan, euskaldun kopuru nahikoa da eta euskara nagusi da. Euskaldunok eroso ari gaitezke euskaraz, inork kontu hartuko digun beldurrik izan gabe. Euskaldunontzat nolabaiteko irlak eratzen dituzte erdaren itsasoan. Erdara nagusi den itsasoan, esparruren batean (lan-mundua, merkataritza…) euskaraz lasai jarduteko lekua eskaintzen digute arnasgune soziofuntzionalek. Arnasgune diren espazio soziofuntzional ugari elkarren ondoan daudenean, elkar harremanean aritu ahala arnasgune handiagoak edota arnasgune geografikoak eratu ditzakete. Udalerri euskaldunak dira horiek. Bertan euskaraz normaltasunez bizi dira herritarrak; hizkuntza nagusia (bakarra ez izan arren) euskara da. Eta horietan ere hizkuntza-politika zehatzak aplikatu behar dira. Askotan esan izan dugu hizkuntza-politikak zeharlerrotasun izaera hartu behar duela. Hartara, arnasguneetan ere zeharlerrotasun hori oso beharrezkoa da. Horrexegatik, arras garrantzitsua da etxebizitza-politikan, lurralde-antolamenduaren politiketan… hizkuntzaren irizpidea ere txertatzea. Egia da, bai, azken hamarkadan lurralde antolaketaren esparruan irizpide berriak txertatuz joan direla, esaterako, iraunkortasuna, parte hartzea edota genero-ikuspegia. Horrez gain, egia da hizkuntzaren berreskurapen-prozesuen azterketei geografiaren garrantzia ere erantsi diela geolinguistikaren jakintza-alor berri samarrak. Hala ere, gutxi hitz egiten da oraindik ere lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duten eraginaz. Horrexegatik, hain zuzen ere, elementu horiek arnasguneetan zein hizkuntza-ohituretan duten eragina izango ditugu aztergai Lurraldea eta hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea jardunaldietan. Geolinguistika, euskararen arnasguneetako esperientziak, gure mugetatik kanpo dauden beste arnasguneetako estrategiak… Gai arras interesgarriak arnasguneetan nola eragin beharko litzatekeen ondorioztatzeko. Aditu askok esana da hizkuntza bat desagertu ez dadin beharrezko sentitu behar dela. Nonbait euskara beharrezkoa bada, arnasgune geografikoetan da. Bertaratzen den edonork euskaraz jarduteko gizarte-araua inplizituki jasotzen du. Horregatik guztiarengatik, euskararen normalizaziorako abiapuntu eta helmuga dira arnasguneak. Hain zuzen, galera prozesua eman den kontrako norantzan, arnasguneak euskarari eusteaz gain, horiek hedatuz, euren inguruan arnasgune berriak sortuz emango baita normalizazioa. Xalbadorrek herria gorputza eta hizkuntza bihotza dela idatzi zuen. Euskararen bihotz-guneak erantsiko nizkioke horri, arnasguneak, euskaraz bizitzeko nahitaezkoak.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin