Probatu LANSAREAN, enpresa edo-eta profesional euskaldunak ezagutzeko erreminta

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak LANSAREAN proiektua jarri du martxan, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko. Momentuz, froga fasean dagoen lan-atariak enpresa edo-eta profesional euskaldunak ezagutzeko aukera erraztuko du:

  1. Alde batetik, enpresek hautaketa-prozesuak kudeatu ahal izango dituzte  eta eskaintzen dituzten lanpostuetarako hautagaiak aurkitu ahal izango dituzte.
  2. Bestetik, lan bila ari diren pertsonek enpresen lan-eskaintzen berri izan eta horietan izena eman dezakete.

LANSAREAK erreminta berria Bai Euskarari eta Enpresarean proiektuak indartuko ditu, balio erantsi handiko zerbitzua gehituz eta euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta pertsonen arteko harremana sustatuz. Arestian azaldu bezala, froga fasean dago, eta datozen asteotan LANSAREAN probatu eta osatu nahi dugu. Une honetan beste funtzionalitate batzuk  garatzen eta probatzen ari bagara ere, oinarrizko bertsioa sareratu nahi izan dugu. Horregatik, datozen egunotan lan-deialdiren bat kudeatu behar baduzue, LANSAREAN erabiltzera animatu nahi zaituztet. Oso erraza da. LANSAREANen sartu eta alta eman “Enpresa” edo “Hautagai” bezala; hori egin ostean, enpresa eta profesional euskaldunak ezagutzeko aukera izango duzue. Probatu tresna berri hau eta lagundu, zuen ekarpenekin, etorkizunerako hobetzen.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin