Gasteizko Udalarekin sinatu dugun hitzarmenaren harira, Javier Maroto alkatearen iritzia jaso nahi izan dugu.
Green Capital, Hiriburu Gastronomikoa, mugikortasunean eredu… Badirudi Gasteiz modako dagoela.
Gure hiria esparru ezberdinetan nabarmentzen da, eta azken aldian hainbat errekonozimendu jaso ditugu nazioarte mailan. Modako egon? Hori baino gehiago, Gasteiztarron artean hiri paregabe batean bizi garen sentsazioa areagotzen hasia dagoela esango nuke, eta gure hiriaz harro gaudela. Kanpo proiekzioa lortzeko ezinbestekoa da lehendabizi egiten ari zaren horretan sinistea.
Ingurumenaren esparruan, Gasteiz erreferente izan da azkeneko hamarkadetan, eta Green Capitalek erreferentzialtasun hori berretsi zuen. Orain, Hiriburu Gastronomikoaren izendapenarekin, gauza bera gertatzen da gastronomiaren alorrean.
Halako izendapenek Gasteizko irudia goratzen laguntzen dute?
Hiriburu Gastronomikoaren kasuan, gure gastronomia, hemengo jatetxeak edo-eta gure sukaldaritza harrobia kokatzen lagunduko du. Garai gogorra da ostalaritza sektorearentzat, eta izendapenarekin bultzada jasoko du. Erakusleiho ona izango da turistak erakartzeko; Green Capital izendapenak turismoaren hazkunde ikaragarria ekarri zuen.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Gasteizko Udalak hitzarmena sinatu berri dugu alor sozio-ekonomikoan euskararen presentzian eragiteko. Zein balorazio egiten duzu?
Balorazioa positiboa da. Elkarlanean sinisten dugu, bide egokiena dela uste baitugu. Hitzarmenak, besteak beste, euren bezeroak euskaraz artatzeko ahalegina egiten duten guztiak saritzeko balioko du.
Ziurtagiriaren Elkartearekin sinatuko hitzarmenak euskararen presentzia areagotzen lagunduko du. Zein beste neurri aurreikusten ditu Udalak euskararen presentzia sustatzeko?
Hitzarmena osagarri bat da. Udalak euskararen aldeko hainbat ekimen bideratzen ditu, eta hitzarmena horien guztien osagarri izango da: merkatariei bideratutako euskara ikastaroak; euskaraz ikasteagatik bideratzen ditugun diru-laguntzak; itzulpen zerbitzua eta errotuluak euskaratzeko zerbitzua; praktika onen sariak, eta abar.
Gehienbat merkataritzan eta ostalaritzan eragingo du. Herritarrekin, eta bisitariekin, zuzeneko harremana duen sektorea izanik, estrategikotzat duzue eremu horretan lan egitea?
Hala da, bai. Guretzat bata zein bestea sektore estrategikoak dira, eta euskal hiztunak kontuan hartzeko bezeroak dira. Badira zazpi urte merkatari eta ostalariekin elkarlana abiatu genuenetik. Denbora horretan bi mezu zabaldu ditugu: Eskerrik asko, merkatariekin; eta, Giro onean, ostalaritza sektorearekin.
Gasteizen, halaber, hainbat ekimen antolatzen dira udalaren babesa dutenak (Festval, Azkena, Jazzaldia, Magialdia, Ardoaraba…). Udala antolatzaile/laguntzaile gisa agertzen den ekitaldietan euskararen presentzia areagotzen lagunduko dio Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Udalari. Zure ustez, zein neurri garatu beharko lirateke horietan?
Halako ekitaldietan euskararen presentzia areagotzea positiboa da, eta gure ustez progresiboki eman beharrekoa. Horretarako, antolatzaileekin elkarlana funtsezkoa da, hartu beharreko neurriak egokiak izan daitezen aholkua eman behar zaie, Udaleko zerbitzuak euren eskura jarri, eta abar.
Beste udal eta administrazio batzuetan, hizkuntza irizpideak hartzen dira kontuan kontratazioak egiten direnean. Gasteizen?
Gasteizko Udalean kontuan hartzen dira hizkuntza irizpideak. Hori bai, euskararen aldagaia beharren araberakoa da, ezin baita maila bera eskatu jendaurreko lanpostu batean edo herri-lanak egiteko lanpostuan.
Gasteizko bilakaera soziolinguistikoa esanguratsua izan da azken urteotan. Nola ikusten duzu etorkizuna? Nola lagundu dezake Gasteizko Udalak bere garapenean?
Bi norabidetan ari gara lanean. Barrura begira, euskararen erabilera normalizatzeko plana daukagu. Kanpora begira, berriz, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Batean zein bestean, maila politikoan eta eragile sozialekin aurrez hitzartutako estrategiak garatzen ditugu, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin