Ez dakit izenak emateko lekua den hau, baina Mendia Optikara sartu eta euskaraz jardun naiteke, natural. Edo Agirre Lekue farmazian Lakuan. Edo Andra Mari Zuria plazako Erdian-en. Edo Pitiminin eta Zuloan Hedegileak kalean. Edo Elkarren. Edo Galeria del Libron. Edo JGn. Edo Riojanan. Edo Lekeitioko Iñakiren auto garajean. Edo biodendan.
Gasteizko bilakaera soziolinguistikoa esanguratsua izan da azken urteotan. Hala ere, kalean euskararen erabilerak ez du % 4ko langa gainditzen. Zer behar dugu bilakaera areagotzeko? Hasteko, politikariak eta eragileak errei berean, edo paraleloan, edo dena delako modu koordinatuan lanean lotu; behar dugu aktibatu, lehenengo geure buruak, ondoren gizartea aktibatzeko; eta behar dugu liderra: eta behar ditugu planak, arlo guztietan, betetzeko modukoak eta beteko ditugunak. Baina hori dena esana dute Jon Sarasuak, Amaia Baldak, Iñaki Martinez de Lunak, Kike Amonarrizek…
Interbentziorik gabe ez da aldaketarik izango, ez da euskara gehiago erabiliko. Lehengo lepotik burua gabiltza, ordea, eta lehengo lepotik burua ibiliko garela uste dut. Beharbada, PNVk eta Bilduk bat egin eta euskarari bultzada ematea erabakiko balute… Baina nor bere zilborrari begira ari da lanean, botere borrokan, eta bitartean gu “izorrai!”. Euskararen alde lanean ari diren talde eta askotariko eragileekin bat eginik biziko gara euskaraz Gasteizen, katakonbetan bada ere.
Bitartean, geure gain hartu beharko dugu lidergotza. Nola? Euskaraz komunikatuz. Euskaraz komunikatzen bagara, esate baterako, bezerook merkatari eta ostalarien hizkuntza aukeraketan eragin dezakegu. Euskaraz txintik esaten ez badugu, eragiteko modurik ez da. Begira, zapata dendara sartu ginen eguberrietan. Gu, euskaraz. Laster zen bertako neska gaztea euskaraz gurekin. Oinetakoak erosi eta biharamunean aldatzera joan ginenean, dendako nagusiak berak ekin zion, historia eta istorio, euskara zela eta ez zela, aldeko jarreran guztiz. Bezeroak eragiten du, eragiten duenez.
Merkatari eta ostalari sektorea estrategikoa da urratsak ematen jarraitu nahi badugu. Eta nire kasuan –eta beste zenbait lagunen izenean ere mintzo naiz–, erabakigarria da saltokietan arreta euskaraz ematea. Handik hona eta hemendik hara ibili ohi gara, euskaraz salduko digun merkatariaren edo ostalariaren bila. Plus bat ordaindu ohi dugu euskaraz har gaitzaten. Pozik ordaindu ere! Ogitartekoak, ogia, betaurreko eta lentillak, autoaren konponketa, egunkaria, janaria… Nahiago dut euskaraz erosi, askozaz nahiago! Euskarak saldu egiten du, saltzaile txarra horretaz jabetu ez den arren.
Zalantzarik ez dut. Euskarak lehiakorrago egiten du ezein negozio Gasteizen. Baita ingelesak ere. Eta frantsesak… Baina euskarak bezainbat, arabierak egiten du lehiakorrago negozioa Gasteizen. Eta, turismoari dagokionez, katalanak. Neure begiz ikusitakotik ari naiz, baina Tartalo bezain begibakar bizi naiz.
Tituluak pilatzeko amorraturik bizi direnez agintariak, lasterketa ero horretan beste koxka bat litzateke euskararen hiriburutza Gasteizen, aurrez Green Capital edo orain Gastronomiaren hiriburua den bezala. Jakina, agintariok gustuko dutenez, “basque language capital” izango litzateke Vitoria-Gasteiz. Inoiz ez “euskararen hiriburu”. Eta edukiz hustua, betiere. Aukeran, euskararen hiriburu, hobe ez.
Miel A. Elustondo
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin