Gasteizko Udalak onartu berri du merkataritza arloan euskararen presentzia sustatzeko diru-laguntzak emateko udal programaren deialdia. Hala, deialdi horren bidez, Bai Euskarari Ziurtagiria lortzen duten Gasteizko establezimenduek diru-laguntza eskatzeko aukera izango dute.
Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten Gasteizko establezimenduek kostuaren %50 arteko diru-laguntza jasoko dute; laguntza, beti ere, 300 euro artekoa izango da gehienez. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko jarraibideak ikus ditzakezue bideo honetan.
Epea eta inprimakia
Eskabideak aurkezteko epea 2014ko irailaren 5era arte egongo da zabalik. Hemen duzue deialdia eta diru-laguntza eskatzeko inprimakia.
Onuradunak
Ezaugarri hauek dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak: bizilekua Gasteizko udalerrian izan eta merkataritza jardueraren batean aritzea, diruz laguntzen diren lanak 2013ko irailaren 1etik 2014ko abuztuaren 31ra bitarteko epean egin izana eta jarduera enpresa txikitzat jotakoa izatea.
Betebeharrak
Hauek dira onuradunek bete beharrekoak diru-laguntza eskuratzeko:
50 langile baino gehiago ez izatea.
Urteko negozio-bolumenak edo balantze orokorrak 10 milioi euro ez gainditzea.
Aurreko baldintzak betetzen ez dituzten enpresek ehuneko 25eko edo hortik gorako partaidetza zuzena nahiz zeharkakoa ez izatea bertan.
Merkataritza-jarduera txikizkako salerosketa edo ostalaritza izatea.
Ekonomi jarduera Gasteizko udalerrian eta kalearen altueran kokatutako lokal batean garatzea.
Administrazio publikoen aurreko zerga-betebeharrak egunean edukitzea, baita Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere. Gasteizko Udalarekiko zerga-betebeharren egoera ofizioz begiratuko da.
Nolanahi ere, baztertuta geratzen dira sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, baita irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta elkarte edo lanbide jarduerak burutzen dituztenak ere (elkarteak, lanbide elkargoak etab.).
Onuraduna ezingo da egon Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera horrelakorik jasotzea galarazten duen egoeraren batean.
Lagunduko diren jarduerak
Merkataritza establezimenduen kanpo errotulua aldatu eta bertan euskara sartzea.
Web orriak itzuli eta egokitzea, euskaraz eta gaztelaniaz egon daitezen.
Establezimenduaren hizkuntza egoeraren diagnostikoarekin, ebaluazioarekin edo zertifikazioarekin lotutako gastuak, esklusiboki horretan ari diren entitateek eginda denean (Bai Euskarari Ziurtagiria, esaterako).
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin