Azal eta mamiz berrituta kaleratuko da Berria-ren papereko edizioa larunbatetik eta igandetik aurrera. Erredakzio multimedia eta multiplataforma bihurtzeko urratsak hasi zituen Berria-ko erredakzioak orain bi urte. Iaz, hamar urte bete, eta bide horretan sakontzeko konpromisoa hartu zuen. Urtebete pasatxoko gogoetaren eta lanen ostean, webgune berritua martxan jarri du asteon, eta papereko egunkaria berrituko du larunbatean eta igandean.
Berria-k larunbatetik aurrera izango dituen aldaketak eta Badok.info berritua aurkeztu zituzten atzo Donostian, San Telmo museoan. Bertan izan zen Rober Gutiérrez ere, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen ordezkari.
Krisitik ateratzeko, errebeldia
"Kazetaritza eta komunikabideak, hori da gure errebeldia, gure aldarrikapena eta lau haizeetara zabaldu nahi duguna". Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariaren hitzak dira. Berria-ren aldaketak eta berrikuntzak aurkezteko ekitaldian egin zituen hitzok, atzo, Donostian, San Telmo museoko elizan. "Bi krisiren erdian gaude: komunikabide tradizionalen eta ekonomiaren krisian. Guri bi krisiak tokatu zaizkigu. Eta bi aukera geneuzkan: etxean gelditu malkotan ito bitartean, edo errebelatu. Bigarrena aukeratu dugu, errebelatzea".
Iritzia eta kultura nabarmenduta
Paperean bezala webgunean, Berria berriak iritzia eta kultura nabarmendu nahi ditu, oharturik euskarazko egunkariaren irakurleek bi atal horiei garrantzi handia ematen dietela.
Diseinu eguneratua
Danel Agirre diseinatzaileak eguneratu du papereko egunkariaren diseinua, irakurleak larunbat eta igande honetatik aurrera eskuetan izango duena.
Webgunearen jauzia
Azken orduko berriei azkar eta ongi erantzun nahi die webgune berriak, baina, aldi berean, horren presazkoak ez diren eduki interesgarriak ere eman asmo ditu. Paperean bezala, diseinua berritu du webguneko Berria-k ere; argiagoa eta erabiltzeko errazagoa da orain. Eta zerbitzu asko berriak ditu.
Badok.info berritua
Berria-ren aldaketak aurkeztearekin batera, Badok.info musika webgune berritua aurkeztu zuen atzo Jon Eskisabel proiektuaren koordinatzaileak. 2009an sortu zuen euskal kantagintzaren ataria. "Aurreko Badok garai analogikoari zegokiona zen, molde zaharrekoa. Honakoa aro digitalerako prestatutako tresna da", azaldu zuen. Euskal talde eta bakarlarien azken lanei tokia egingo die atariak, atal berezitu batekin.
Badok.info atari berrituan erabiltzaileak bere zerrendak egin ahalko ditu, eta nahi dituen kantuak edo diskoak pilatu ahal izango ditu erreproduzitzailean.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin