Hiznet Hizkuntza Plangintza Graduondokoan izena emateko epea zabalik

Zabaldu dute Hiznet Hizkuntza Plangintza graduondokoaren 2014-2015 ikasturtean izena emateko epea. 2014ko azaroaren 7an hasiko da ikasturtea eta 2015eko uztailean amaituko da. Euskal Herriko Unibertsitateko Berezko Titulua da eta izena emateko epea urriaren 14 arte dago zabalik.

Hiznet Hizkuntza Plangintza graduondokoak 14 urteko ibilbidea beteko du aurten. Epe horretan 500 pertsona inguru dira egitasmoan parte hartu dutenak; euskararen normalizazioaren alde lanean ari direnak, gehienak. 

Soziolinguistikaren oinarrizko ezagutza eskaintzeaz gain, Hizkuntza Plangintzagraduondokoak ondoko helburuak ditu: hizkuntza diagnosiak edo azterketak egiteko lanabesak ematea, euskararen egoera orokorra azaltzea eta abian diren hainbat hizkuntza-plangintzen (udaletakoak, Eusko Jaurlaritzakoak, hezkuntza alorrekoak, lan mundukoak...) berri ematea. Ikastaroak baliabide interesgarriak ere eskaintzen dizkio gizarteari: ikasleen ikerketa-lanak.

Internet bidez eskaintzen den ikastaroa izanik, sareko abantailak lagungarri izan dira ikastaroaren erakargarritasuna eta sendotasuna bermatzeko. Denbora nahieran kudeatzeko aukera eta erosotasuna dute ikasleek. Aurrez aurreko hainbat saio ere badira ikastaroan; horietan edukien transmisioa eta horien gaineko hausnarketa ez ezik, harreman zuzenak ere lantzen dira; irakasle-ikasleen artekoak edota ikasleen beraien artekoak.

Ikastaroa abian jarri zenetik arlo ezberdinetako irakasleek parte hartu dute bertan; Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek eta ikerlariek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako teknikariek, udaletako euskara teknikariek eta hainbat enpresa eta euskalgintzako profesionalek, besteak beste.

Graduondokoa euskalgintzako euskaltzaleei, euskara teknikariei, egunen batean zeregin horietan aritzeko asmoa dutenei, herri-administrazioan eta hezkuntza-sisteman hizkuntza-normalkuntzaren ardura dutenei… zuzenduta dago.

Hauxe da ikastaroaren webgunea: http://hiznet.asmoz.org/

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin