Ziurtagiriaren Elkartea Athletic Cluben aldizkarian: "Euskaldunon komunitatea saretu nahi dugu"

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak hedapen estrategiarekin tinko segitzen du Bizkaian eta Bilbon. Ziurtagiridun bizkaitarren komunitatea sendotzen eta arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiten. Athletic-ek euskararen alde eta Bai Euskarariren alde egin du sorreratik eta horren adierazgarri da futbol taldearen ekaineko aldizkarian argitaratu duten erreportajea, Ziurtagiriaren Elkartearen inguruan.

San Mamesera gerturatzen direnek pantaila erraldoian behin baino gehiagotan ikusi dute Bai Euskarari Ziurtagiriaren lelo eta marka irudia. Athletic-en eskutik Bai Euskararik erakusleiho dotorea izan du katedralean. Bide batez, erakundearen hedapen estrategiarekin bat egin du Athletic-ek, aspaldiko harremanaren erakusle.

Rober Gutiérrez (Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendaria) eta Olatz Amezua (Elkartearen Bizkaiko teknikaria) gustura daude Bai Euskarari Bizkaian eta bereziki Bilbon izaten ari den harrerarekin. Gero eta gehiago dira, une honetan 225, Bai Euskarari Ziurtagiria duten edo eskuratzen ari diren erakundeak, eta ziurtagiridunen komunitatea saretzen ari da egunez egun.  "Egunerokotasunean euskaraz funtzionatu nahi duen edozein enpresa, negozio, komertzio, tabernari...  euskaraz aritzeko aukerak eskaintzen dizkio Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak". Era samurrean, bakoitza bere erritmora, "Bizkaian euskararen erabileran eragin gura dugu eta bereziki Bilbon gune euskaldunak identifikatu nahi ditugu, jendeari eskaintzeko nondik nora ibili daitekeen euskaraz, saretu nahi dugu euskaldunen eremua".  Hori da, hain justu ere, elkartearen uneotako helburu nagusia, baina ez bakarra. Elkartearen zuzendariaren hitzetan, "Gipuzkoan, Nafarroan, Araban... lan asko egin da eta urrats nabarmenak egin ditugu: une honetan Bizkaian apustua egin behar dugu alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko".

Hain zuzen ere, Ziurtagiriaren Elkarteak orain bi urte erabaki zuen Bizkaian ahalegin berezia egitea. Gaur egun, 1.400 elkarte, enpresa eta askotariko komertzio daude Bai Euskarari Elkartearen barruan, eta horietatik 225 Bizkaikoak. Olatz Amezuaren esanetan, "Saiatu behar gara Gipuzkoan dauden kopuruetara gerturatzen. Hedapen horretan elkarlana ezinbestekoa da eta Athletic-ek sekulako laguntza eskaini digu, San Mames eta Athletic bera eredu eta erakusleiho dotoreak dira".

Ziurtagiria lortzeko

Bai Euskarari Ziurtagiria lortu nahi duten Bizkaiko elkarte, enpresa, merkatari edo tabernariek Olatz Amezua Bizkaiko teknikariarekin jar daitezke harremanetan 608 167 027 telefonora deituz.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin