Urriaren 23an egingo dugu 2014ko Enpresarean azoka Donostiako Kursaalen eta dagoeneko prest dago jardunaldiaren egitaraua. Euskal Herriko enpresen etorkizuneko erronken inguruan jardungo dugu eta hori izango da solasaldi nagusiko gaia. Gai horren bueltan, beste zenbait solasaldi, erakustaldi eta mahai-inguru egingo dira. Azokaren gaineko azken xehetasunak eta nondik norakoak azaldu dituzte gaur Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak.
Rober Gutiérrezen esanetan, “Elkarlana beharrezkoa da enpresa munduan, proiektuak elkarrekin aurrera ateratzeko, aliantzak sortzeko... eta horretarako, oso aberasgarria izaten da enpresek eta profesionalek elkar ezagutzea. Horri begira sortu zen Enpresarean proiektua eta bi urtean behingo azokarekin elkarlan hori sustatu nahi da, Euskal Herriko enpresek eta pertsonek etorkizun oparoagoa izan dezaten”.
Euskaraz lan egin nahi duten edo-eta produktuak eta zerbitzuak euskaraz eskaini nahi dituzten organizazioei eta profesionalei erraztasunak ematea.
Zerbitzuak eta produktuak euskaraz (ere) eskaintzen dituzten enpresei eta profesionalei salmentarako gune bat eskaintzea.
Arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen eta profesionalen artean elkarlana sustatzea eta esperientziak zein jakintzak trukatzea.
Era berean, Enpresarean proiektuaren bidez enpresei/ profesionalei negozio-aukerak handitzea. Proiektu/ zerbitzu berriak sortzea ahalbidetu nahi dugu, euskaratik eta euskaraz.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak azaldu duenez, “eskuartean dugun Enpresarean proiektuaren zati bat da azoka. Hor dago www.enpresarean.org plataforma, enpresa eta profesional euskaldunak batzen dituena. Askotariko ekimenen bidez, urtean behin behintzat, sare hori osatzen dutenei aurrez aurre berba egiteko aukera eman nahi diegu, eta hor kokatzen da azoka”.
Gutiérrezek aipatu du Ziurtagiriaren Elkartearen helburu nagusiena “alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea” dela, “gure egunerokoan eragina duten espazio guztietan euskarari lekua egitea estrategikoa baita. Proiektu honekin, zuzenean ari gara eragiten enpresaren eremuan euskararen presentzia gero eta handiagoa izan dadin”.
Egitarauari dagokionez, Euskal Herriko enpresek etorkizunean dituzten erronkak izango dira azokaren ardatz eta lehen solasaldia horren ingurukoa izango da.
Mahai-inguruak, solasaldiak eta tailerrak egongo dira, eta berauetan, askotariko enpresa eta erakundetako ordezkariek euren esperientziak partekatuko dituzte. Gai nagusiari, hau da, etorkizuneko erronkei, ikuspuntu ezberdinetatik helduko diegu. Hala, besteak beste, merkataritza elektronikoaz hitz egingo da (plataformak, softwarea, negozio-ereduak, produktuen salmenta, ordainketa-moduak, segurtasuna…); baita formazioan dauden erronken inguruan ere.
Hemen duzue egitarau osoa.
Aurten, gainera, nahi duten enpresek euren negozioen berri emateko aukera ere izango dute. Gutiérrezek azaldu duenez, “Aurkezpen laburrak izango dira, hiru minutukoak, eta enpresek euren ideien berri emateko edo elkarlana bilatzeko erabiltzea nahi dugu”.
Azokan izena emateko, bi epe daude: azokan euren negozioen berri eman nahi duten enpresek urriaren 10a dute izena emateko azken eguna; gainerakoek, urriaren 17a. Izena emateko, www.enpresarean.org webgunean dagoen galdetegia bete behar da.
Izagirre Donostiako alkateak prentsaurrekoan esan du oso pozik daudela ekimen hau Donostian egiten delako eta “euskararentzat ekimen garrantzitsua eta beharrezkoa” dela, baita Donostiarentzat ere.
Horren harira, hiriarentzat garrantzitsua dela azpimarratu du “Donostia euskararen hiria” delako eta “Donostia euskalduntzeko” apustua egina dutelako. Hori administraziotik bakarrik ez dutela egingo esan du Izagirrek: herritarrak, administrazioa eta gizarteko eragile guztiak behar direla aipatu du, tartean baita enpresak ere.
“Euskara beste erakunde, eragile eta instituzioekiko harremanetako hizkuntza izatea” nahi dutela adierazi du Donostiako alkateak eta hori dela jardunaldi hauetan sustatu nahi den ideia nagusietakoa: “Euskaraz lan egiten duten enpresen arteko harremanak sustatzea, sareak sortzea”.
Donostia Sustapenak ere parte hartuko du Enpresarean azokan eta hori azpimarratu nahi izan du Izagirrek: “Donostiako Sustapenaren zeregin nagusia gure hiriaren ekonomiaren aktibazioan lan egitea da. Eta ez dugu alferrik parte hartuko ekimen honetan ere. Izan ere, euskaraz lan egiten duten enpresen arteko sareak eraikitzeak onura baino ez baitio egiten gure ekonomiari ere”, esan du.
Etxeburuaren hitzetan, “GFAren hizkuntza politikaren ildo nagusia da euskaraz bizitzea, eta bereziki, euskaldunoi euskara erabiltzeko aukerak eskaintzea. Bide horretan, alor sozioekonomikoaren euskalduntzea eragin nahi du Aldundiak”.
Euskara zuzendariak azpimarratu du funtsezkoa dela “bizitza sozialean eremu eta funtzio berriak euskalduntzea etengabe, bereziki, euskaraz lan egitea eta enpresen arteko lan harremanak euskaraz izatea, euskaldunok praktikatik eta baita patrikatik ere nabaritzeko euskararen garapena”.
Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lau hitzetan biltzen duen jarduera garatzen duela azpimarratu du Etxeburuak: arautu, praktikatu, lagundu eta sustatu. Hain zuzen ere, sustapenaren atalaren baitan abiatu zuten, duela bi urte, lankidetza harreman bat Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartearekin, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka antolatzeko.
Etxeburuaren hitzetan, “Gipuzkoako eta EHko enpresa asko bidegileak dira euskara beren ohiko funtzionamenduan txertatzen. Enpresa ugarik, dagoeneko, eskaintzen dituzte beren zerbitzuak euskaraz, gizartean dagoen eskariaren aurrean arduratsu, eta euskarak eskaintzen dituen aukerekin erne”.
Enpresarean azokaren bidez, ahalegin hori ikusgarri egin nahi dutela azpimarratu du Euskara zuzendariak, “kontaktuan jarriz bezeroak eta zerbitzu emaileak”.
Bukatzeko, azokara gonbidatu ditu “euskarazko beren zerbitzuak erakutsi nahi dituzten enpresak, eta euskarazko zerbitzuak topatu nahi dituztenak”.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin