Banaiz Bagara elkartea 2009an sortu zen Urnietan, kanpotik etorritakoei zein erdal munduan bizi direnei euskara ikasteko bidea eman eta euskaraz bizitzeko aukerak areagotzeko. Gaur egun hamar herritan daude eta komunitate aberatsa osatzea lortu dute. Bai Euskarari Saria jaso du aurten Banaiz Bagarak. Elkarteko kide Petra Elserrekin izan gara.
Zorionak! Zer da zuentzat sari hau jasotzea?
Onarpen handia, batez ere lan alorrean egiten ari garen ahalegina saritzen duelako. Ikustarazi nahi dugu euskara bizitzeko hizkuntza dela eta, hortaz, lanean ere beharrezkoa dela.
Zeintzuk dira zuen proiektu kuttunenak?
Lantokiko praktikan oinarrituta daude eta komunikazio erreala eta konpetentzia profesionalak hartzen dituzte kontuan. Lan sektoreetarako NEL(Nik ere Euskaraz Lanean) ikastaroak eta gaztelaniazko prestakuntzetan txertatutako lau orduko euskara modulu laburrak dira. Iaz Europako Kontseiluko Language for Work proiektua ezagutu genuen, migratzaileek lanean bertako hizkuntza ikasteko, eta guztiz islatuta ikusi genuen gure burua. Erronka da metodologia horiek gure beharretara egokitzea eta esperientziak partekatzea.
Bidean maila lortu duzue. Beste pausorik?
Bidean lortu dugu gure bazkideak bide horretan daudelako. Gure salmahaietan kideak euskaraz aritzen dira, nahiz eta maila baxua izan. Bestela, lantaldea jatorrizko eta beste herrialde batzuetatik etorritako euskaldunek osatzen dute. Lan bilerak euskaraz egiten ditugu, dinamizatzaileak gurekin ikasitakoak dira... Euskarara hurbildutakoa emailea ere izatea nahi dugu.
Zeintzuk dira etorkizuneko erronka eta estrategiak?
Gure esperientziatik abiatuta, metodologiaren berrikuntzan jarraitzea. Egitura operatiboagoa lortu eskaera guztiei behar bezalako erantzuna emateko. Dinamizatzaileak ondo formatu, berrikuntzaren jarrera irekia landu eta benetako emaitzen bila jardun, beti ere jatorria eta hasierako helburuak ahaztu gabe. Egitasmo soziala da gurea elkarbizitzan eta aukera berdintasunean oinarritutakoa. Gure eskaintza kale-saltzaileari zein unibertsitateko ikasketak dituenari egokitu behar zaie.
Zer egin daiteke era koordinatuan euskarak etorkinen artean ere bere egoera sendotzeko?
Euskarazko prestakuntza modu arautuan eskaini HHIn (Helduen Hezkuntza Iraunkorra), prestakuntza okupazionalean, Lanbide Heziketan... Eta, bestetik, ohartzea euskara ikasteak balio duela euskaldunok pertsona horiekin euskaraz egiten badugu. Biak dira ezinbestekoak.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin