Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak zazpigarren urtez banatu zituen Ziurtagiriak atzo, abenduak 2, Gernika-Lumon. Udalerriko 32 enpresak, komertziok eta era guztietako entitateek jaso zuten Ziurtagiria.
Iaz Ziurtagiria jaso zuten guztiek berritu dute aurten ere euskararekiko konpromisoa eta horiei berri bat gehitu zaie aurten, uztailean Ziurtagiria eskuratu zuen Gernikako Notaria. Hala, guztira 32 izan dira aurten banatu diren Ziurtagiriak.
Mailari dagokionez, hauek dira Gernika-Lumoko Ziurtagiridunen datuak:
Zerbitzua eta Lana Euskaraz = 5
Zerbitzua Euskaraz = 15
Euskararen Bidean = 12
Elai Alai aretoan egindako ekitaldian parte hartu zuten ziurtagiridunek, udaleko ordezkariek eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko kideek.
Ziurtagiriaren Elkartearen izenean Rober Gutiérrez zuzendariak ziurtagiridunak zoriondu zituen "espazioak euskararekin betetzen hondar-alea jartzen" ari direlako eta eskerrak eman zizkien Gernikako Udalari, euskalgintzari eta Artezi urte hauetako elkarlana "emankorra" izan delako. Era berean, Gutiérrezek azpimarratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria oso tresna baliagarria dela "Gernikako alor sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko; Gernikako establezimenduetan, bezeroei kontsumo-harremanak euskaraz izateko aukerak errazteko; eta herrian euskararen presentzia handitzen joateko".
Gutiérrezek Ziurtagiriaren Elkarteak aurrera begira dituen helburuak ere azaldu zituen: "Etorkizunean alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiten segitu nahi dugu eta, orain arteko datuak hobetu nahiko genituzke. Eta helburu horretan, zuek guztiok bidelagun nahi zaituztegu".
Ekitaldian, Ziurtagiria duten Gure Altzariak eta Biklik-ek beraien esperientziaren berri eman zuten. Lehenengoaren hitzetan, 30 urtetik gora daramate negozioarekin eta lan alorrean "garai batean euskaraz oso gutxi hitz egiten bazen ere Gernika-Lumon, urteekin aurrera pausoak eman direla nabarmena da eta egunetik egunera gehiago erabiltzen da euskara lan munduan". Amaitzeko, guztiak animatu zituen euskara gehiago erabiltzera.
Biklikekoen hitzetan, "bi kide gara eta hasieratik oso argi genuen gure harremana euskaraz zela eta lana ere euskaraz egin nahi genuela. Zentzu horretan, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea hori formalizatzeko modua izan zen. Horrez gain, urtetik urtera helburuak hartu eta urratsak ematen laguntzen digu".
Ekitaldian bi publizitate-bono zozketatu ziren ziurtagiridunen artean. Hauek izan ziren irabazleak:
Ekitaldia amaitzeko, familia-argazkia egin zuten guztiek batera.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin