Rober Gutiérrez: "ABB-NIESSENek eredu egoki bat eskaintzen digu hizkuntzaren kudeaketaren ikuspegitik"

Lantalan webgunean argitaratutako elkarrizketa

Niessen_ziurtagiria_jasotzen1-1024x576.jpg

Oiartzungo NIESSEN enpresak Bai Euskarari ziurtagiria jaso zuen Rober Gutiérrezen eskutik. Egoera baliatu du Lantalan webguneak Roberrekin elkarrizketatxo bat egiteko. Honaxe emaitza:

- Zer suposatzen du Bai Euskarari Ziurtagiriarentzat ABB-NIESSEN moduko enpresa batek ziurtagiria lortzeko prozesua abiatzeak?

Ziurtagiriaren Elkartearentzat garrantzi handikoa da ABB-NIESSEN bezalako enpresa traktore batek Bai Euskarari Ziurtagiria lortu izana; ziurtagiria bera prestigiatu egiten baitu eta eredu bat eskaintzen baitigu gainerako enpresei erakusteko modukoa. Eredu egoki bat hizkuntzaren kudeaketaren ikuspegitik.

Uste dut enpresak, oro har, konturatzen ari direla, pixkanaka bada ere, merkatuan eta euren egunerokotasunean hizkuntza ugari daudela. Hau da, hizkuntza bat erabil dezaketela enpresa barruko pertsonen artean, beste hizkuntza bat erabiltzen dutela nazioarteko ordezkaritzako langile batekin, eta hainbat hizkuntza erabiltzen dituztela  bezeroekin.

NIESSENen barneratuta dago euskara ezinbesteko osagaia dela lanean ari diren pertsonen artean, eta horri erantzun egokia eman behar zaiola.

- Euskara normalizatzeko ahaleginak ibilbide luzea du ABB-NIESSENen, baina, zure ustez, zein onura ekarri ahal izango dizkio ziurtagiriak NIESSENi?

Euskara eremu sozioekonomikoan txertatzea estrategikoa da hizkuntzaren normalizaziorako. Enpresen ikuspegitik ere, euskara txertatzea estrategikoa izan beharko litzateke. Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez, hori lortzeko bidean egindako lanaren aitortza egiten diogu ABB-NIESSENi.

Onuren inguruan hitz egiten denean, beti aipatu izan da euskara lagungarria izaten dela merkatuan lehiakideek baino posizio hobea irabazteko garaian, bezero kopurua handitzeko, merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko; produktu eta zerbitzuak bere hizkuntzan eskaini behar zaizkiola bezeroari, harreman-hizkuntza berak hautatu behar baitu, produktu eta zerbitzuak lehiakorrak eta kalitatezkoak izango badira, eta abar.

Kasu honetan nabarmenduko nuke Bai Euskarari Ziurtagiriak aitortu egiten diola ABB-NIESSENi urtetan garatutako lana; aitortzen zaie enpresari eta enpresa osatzen duten pertsona guztiei. Iruditzen zait kasu honetan onura handiena barrura begirakoa dela, euskara gertutasun eta konfiantzaren adierazgarri baita. Euskara erabilita eta konpromiso hori aitortuta, enpresarekiko atxikimendua areagotu eta motibazioa indartu egiten da lanean ari diren pertsonengan.

- Zure ustez, zeintzuk dira gaur egunean euskarak lan munduan sartzeko dauzkan erronka nagusiak? 

Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Hor dugu erronka nagusia. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile izateagatik, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran.

Horretarako, gainera, garrantzitsua da lan mundua euskalduntzeari begira zeresana duen aktore bakoitzak (administrazioak, enpresek, sindikatuek, langileek, kontsumitzaileek…) zein funtzio bete behar duen argitzea. Guztion arteko elkarlana, osagarritasuna eta laguntza beharrezkoak dira. Horrek mesede egingo dio gure hizkuntzari.

- Bai Euskarari Ziurtagiriaz gain, zein beste proiektu ari zarete lantzen Ziurtagiriaren Elkartean? 

Enpresa munduaren euskalduntzean eragiteari begirako proiektuak ari gara garatzen. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin batera, Enpresarean edo Lansarean lan-ataria bezalako ekimenak ari gara lideratzen. Alor sozioekonomikoko entitateen eta pertsonen arteko elkarlana ari gara sustatzen, euskarak dituen eremuak babesteko eta eremu berriak bete ditzan.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin