Maite eta Nely Calvo: “Euskaraz ez dakigu, baina lehen pausua eman dugu”

Martxoaren 6ko Arabako 'Alea'-n argitaratutako elkarrizketa

Larruki.JPG

Larruki denda Gasteizko Alde Zaharrean dago, Aiztogile kalean. Duela gutxi eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria eta bertako dendari Maite eta Nely Calvo ahizpekin egon gara, Ziurtagiriak eta euskarak beraien negozioan duten garrantziaz galdetzeko.


Zergatik erabaki duzue Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea?

Ziurtagiriaren Elkarteak egiten duen lana interesgarria iruditzen zaigu. Garrantzia da Ziurtagiria eskuratzeak euskaraz hitz egiten duten bezeroei begira. Euskara normalizatzeko pausu bat da enpresa txikiak eta merkatariak euskara erabiltzera inplikatzea.


Zein onura ekarriko dizkio ziurtagiriak Larrukiri?

Balio erantsia ematen dio gure negozioari, euskaraz ari diren bezeroei begira. Alde Zaharrean gaude eta berez, esango nuke, Gasteizen euskara gehien entzuten den gunea dela. Batez ere gazteen artean. Gustatzen zaie euskara aintzat hartzen den dendetara sartzea. Gure kasuan euskaraz ez dakigu, baina lehen pausua eman dugu. Ziurtagiriarekin gehiago motibatzen zara. Iragarki bat egiterakoan, dendarako beste kartelen bat egiterakoan… beti egiten dugu euskaraz ere. Norbaiten laguntza behar izaten dugu euskaraz ondo dagoen jakiteko, eta horretan Ziurtagiriaren Elkartearen laguntza oso ondo datorkigu.


Gasteizen euskararen ezagutzak gora egin duela diote inkestek. Hori igartzen duzue saltokietako euskara erabileran?

Duela 26 urte ireki genuen denda eta ordutik hona asko igartzen da igo dela euskararen jakintza eta erabilera. Gazte jendeaz gain, nire (Maite) adin inguruko jendeak ere geroz eta gehiago egiten du euskaraz.


Merkatariek zer egin dezakezue euskara gehiago erabil dadin?

Lehenengo urratsa izan daiteke Ziurtagiriaren Elkarteko kide egitea. Azken finean, eguneroko lanean euskara txertatu nahi dutenentzako laguntza bat da, motibazio bat, eta ez zaude bakarrik bide horretan. Gero, bakoitzaren inplikazioa garrantzitsua da.


Ze aurkituko dute bezeroek Larrukin?

Arropa alternatiboa dugu, ezberdina. Artisautzako osagarriak ere baditugu. Beti saiatzen gara Euskal Herrian egiten diren produktuekin lan egiten, bai artisautzan eta baita hemengo arropa markekin ere. Euskara ere bertakoa izanik, gure dendan beharrezkoa da.

Arabako 'Alea'. Martxoak 6 by Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin