EH Bildu talde parlamentarioak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu du

ehbildu-legebiltzarra.jpg

Eusko Legebiltzarreko EH Bildu talde parlamentarioak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu du, ‘Zerbitzua euskaraz’ maila. Estitxu Breñas eta Xabier Isasi legebiltzarkideen esanetan, “funtsezkoa iruditzen zaigulako gurean euskaraz funtzionatzeko oinarria ezartzeko eta euskararen normalizazio bidean urratsa delako; egingarria, erosoa eta eraginkorra”.

Ziurtagiria eskuratzeko prozesuan barne-ebaluazioa egin die Ziurtagiriaren Elkarteak eta “uste baino ahulune gehiago” aurkitu dituzte. Hala ere, “ebaluazio ona izan da eta taldeko kideen jarrera ona” aurkitu dute. Taldearen helburua da goreneko maila lortzea, ‘Zerbitzua eta lana euskaraz’ ziurtagiria. Euskaraz lan egitera iristeko prozesua jarri dute orain martxan.

Legebiltzarkideek nabarmendu dute taldearen kohesioan lagundu duela ziurtagiria lortzeko prozesuak eta orain taldeari “estilo, marka eta konpromiso zehatza” ezartzen diola.

Gainerako taldeei proposamena

Ziurtagiriaren Elkartea gainerako talde parlamentarioekin jarriko da harremanetan irailetik aurrera elkartearen berri eman eta Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko zer egin dezaketen azaltzeko.

Argazkian, Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria Unai Urruzuno taldeko bozeramaileari ziurtagiria ematen, atzean EH Bilduko legebiltzarkideak direla.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin