“Etxean ere hasi behar dugu praktika berritzaileak, eredugarriak eta arrakastatsuak babesten”

hitzargiakinfo7.jpg

 

 

 

 

Euskararen aldeko eragile garrantzitsuenek bat egin dute, Europako hizkuntzen aldeko sare nagusiekin batera, Hitzargiak proiektu europarrean. Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016k, Europako Kultur Hiriburutzaren barruan martxan jarritako ekimen honek, hizkuntzak biziberritzeko jardunbide egokiak identifikatu eta Europako hizkuntza-komunitateei elkar elikatzeko aukera eman nahi die.

Asteartean aurkeztu zen Hitzargiak proiektuaren Batzorde Zientifikoa. Azaroaren bukaeran izan ziren proiektuari babesa eman eta haren zuzentasuna bermatzen duen Partzuergoaren aurkezpena eta lehenengo lansaioa. Instituzioekin batera, hauek eratzen dute Partzuergoa: unibertsitateak -Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea-, Unesco Katedra, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Kontseilua, AEK, Topagunea, Hekimen, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea eta Europako hizkuntzen aldeko sare nagusiak -Mercator eta NPLD-.

Europako hizkuntza-komunitate ugarik beren hizkuntza biziberritzeko abian jarritako prozesu, egitasmo eta praktika berritzaile, eredugarri, arrakastatsu eta eraginkor horiek jasotzea, eta gainerako hizkuntzei jakitera ematea da Hitzargiak proiektuaren helburua, horrek izan dezakeen emaitza biderkatzailea bultzatzeko. Esperientziak partekatzeak, besteengandik ikasteak, elkar elikatzeak eta laguntzeak nazioarteko harreman sarea eta mugimendua sendotu ditzakete, ikuspegi globala eta tokikoa uztartuz.

Asmo handiko proiektua da, ikusten den bezala.

Aniztasuna proiektuaren esparru guztietan izango da nagusi, Europa osoa kontuan hartuko dela abiapuntu hartuta. Aniztasunaren beste alderdi bat hizkuntzak biziberritzen diharduten erakundeen izaeran eta haiek martxan jarritako jardueretan eta eragin-esparruetan izango da. Aniztasun horren guztiaren erakusleiho, hizkuntzak biziberritzeko jardunbide eredugarritzat jotako ekimenak bilduko dituen eta etorkizuneko harremanak bideratzen lagunduko duen webgune bat izango da: www.hitzargiak.eu. Espero dut, berandu gabe, puntuEUS ere izatea…

Hizkuntzak eta hizkuntza-komunitateak elkarrekin harremanetan jartzeko helburuarekin lotuta, proiektuaren une garrantzitsuenetako bat izango da ekainean egingo den Topaketa. Proiektuan ehundutako sare osoa Donostian bilduko da, eta, bertan, denen esperientziak erakutsi, entzun, ikasi eta partekatzeko parada izango da.

Nik neuk bat egiten dut aipatutako helburu hauekin guztiekin. Are gehiago, helburu horiek barneratuta daude gure jardunean eta proiektuetan, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean. Globalizazioak inoiz baino gehiago eragiten digun mundu honetan, eta etengabe berritzen aritu beharreko garai hauetan, izugarrizko garrantzia du esperientzia eta jakintza elkarren artean trukatzeak; baita indarrak metatzeak ere. Pentsaera horri jarraiki, harrotasun handiz bizi izan dugu Bai Euskarari Ziurtagiriaren ereduan oinarrituta beste zenbait hizkuntza komunitatetan sortu diren ziurtagiriak, hala nola Ya d´ar brezhoneg Bretainian, Òc per l´occitan Okzitanian, CertifiCAT Herrialde Katalanetan edo Abertos ao galego Galizian.

Hona hemen, beraz, kasu eredugarri bat Hitzargiak proiekturako.

Zentzuzkoa da urtetako ikasgaiak, lorpenak eta metatutako ondasuna babestea eta etorkizunerako baliatu nahi izatea. Europa mailako proiektu batez ari gara Hitzargiak-en, baina etxean ere hasi behar dugu kasu, egitasmo eta praktika berritzaileak, eredugarriak eta arrakastatsuak behar bezala baloratzen, aintzatesten eta babesten.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin