Umeek laguntzen dute egunerokotasunari beste modu batez begiratzen, erronkak beste ikuspegi batzuetatik aztertzen. Aitortu behar dut gure seme-alabekin hala gertatzen zaidala eta egoera deigarriak eta errealitatearen gordina behin eta berriro paratzen dizkidatela begien aurrean.
Hizkuntzari dagokionez, konturatzen zara urte hauetan urratsak egin direla euskararen bilakaera sozialean. Egia da, aurrerapenak hor daude. Hitz egin genezake politikez, plangintzez, baliabideez, erritmoez, erantzukizunez eta abarrez, baina egindakoa hor dago. Ikuspegi baikorrak eta ezkorrak nahasten dira eta, lorpenak lorpen, oraindik ere erronka handiak ditugu aurrera begira, eremu formal zein informaletan, ezagutza, erabilera eta motibazioari dagokienez.
Azken aste hauetan umeekin bizi izandako zenbait egoera erreal partekatuko ditut zuekin, adibide moduan:
1) Maiatzaren bukaeran, alabetako batekin ospitalean. Ni alabarekin hizketan, lasaitzeko asmoz. Proban, hiru erizain zeuden, gazteak, eta hirurak hasi zaizkio hizketan alabari, gazteleraz. Alaba ondo moldatzen da gazteleraz, arazorik gabe, baina euskara da bere ohiko hizkuntza eta horrelako egoera deserosoetan gazteleraz aritu behar izateak urduritasuna areagotzen dio. Euskaraz aritzeko eskatu nien erizainei, alabak erantzuten ez ziela ikusita. Batek galdetu zidan gazteleraz ez ote zekien... Euren protokoloan egongo zen galdera hori. Eman hegoak euskarari... Azkenean, ia probaren amaieran, euskaraz aritzen zen mediku bat ere etorrarazi zuten eta hiru erizainetatik bat hasi zitzaion euskaraz alabari, proban zehar egin behar zuena azaltzeko. Kalitateko arreta eskaini al zioten alabari? Nabarmena da profesional hauek ez daudela behar bezala gaituta gure umeen beharrak asetzeko.
2) Seme-alabek eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz gozatzen dituzte. Ikastolaren irizpidea da, bai eta eskolaz kanpoko ekintzak antolatzearen ardura duen gurasoen elkartearena ere. Oso argi dute, zorionez, umeei espazioak eskaini behar zaizkiela euskaraz, eskola ordutegitik kanpora ere egiten zaien eskaintzak euskarazkoa izan behar duela. Hasi dira, ordea, azken boladan, eskolaz kanpoko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetatik deika ikastetxe eta ikastoletara, jarduera horien ingelesezko eskaintzarekin. Etorkizunerako ezinbestekoa dela eta inguruko eskoletan hasi direla ingelesezko eskaintzarekin. Erne ibiltzeko eta aukera ez galtzeko gomendioa egiten dute, gure seme-alabak atzean ez geratzeko... Eta duela gutxira arte jarduera horiek euskaraz aukeratzen zituzten hainbat guraso ingelesaren aldeko hautua egiten hasi dira, euskaraz ikastolan ere nahikoa ikasiko dutelakoan. Eskolaz kanpoko ekintzak ingelesez, gazteleraz iragartzen diren udaleku ustez hirueledunak... Gasteiz bezalako hiri batean kezkagarria da euskararentzat irabazitako espazio batzuk galtzeko arriskua egon bailiteke. Atzera egiteko arriskua dago.
3) Eskola-kirola. Urtean zehar, multikirol topaketak antolatu ohi dira (Gasteizko) ikastetxe zein ikastoletako umeentzat, udalak eta aldundiak babestuta. Eremu formaletatik kanpo, kosta egiten da umeen arteko ahozko jarduna euskaraz izatea. Egia da, baina ez litzateke arazorik egon beharko haur eta gaztetxoen gaitasunari begiratzen badiogu.
Hizkuntzaren ikuspegi ludikoa landu eta sendotu beharko litzateke era honetako ekinbideei esker. Gertatu izan zaigu, Gasteizko ikastetxeak elkartzen direnean, begiraleren bat edo beste gazteleraz aritzea umeekin... Eskola-kirola administrazio publikoek antolatzen eta finantzatzen dutenez, ezinbestekoa izan beharko litzateke hizkuntza irizpideak ezartzea eta betearaztea. Begirale zein entrenatzaile euskaldunak izatea ezinbesteko baldintza izan beharko litzateke, eta, horretarako behar diren formazioa eta laguntzak bideratu beharko lirateke. Kirolak umeen eta gazteen aisialdiko denbora zati handia betetzen duela aintzat hartuta, euskaraz egiteko aukera bermatu beharra dago.
4) Umeek gustuko dute Elkar dendan sartzea, liburuak, komikiak, diskak, kromoak eta jostailuak begiratzea eta erostea. Gustatzen zaie zinera edo bestelako ikuskizunetara joatea. Gustuko dute telebistako marrazki bizidunak ikustea. Dagoenean, urria da euskarazko eskaintza gainerako hizkuntzen aldean.
5) Umeak kozkortzen ari dira eta noizean behin mandatuak egitera bidaltzen ditugu; nora joan behar duten eta zer erosi behar duten azaltzen diegu eta hara joaten dira... Atentzioa eman zidan behin semeak egin zidan galdera: “denda horretan, euskaraz ala gazteleraz eskatu behar dut?” Horra hor galdera deserosoa.
Gure seme-alabak, neurri handian, euskaraz bizi dira ikastolatik kanpo, baina bere lagun gehienak ez... Argi dago euskara eskolarekin soilik lotzen badute, hizkuntzarekin izango duten harremana oso ahula izango dela. Egunerokoan euskara entzuten eta erabiltzen badute, aldiz, euskaraz ere bizipenak izango dituzte. Hori da euskara eurenganatzeko biderik eraginkorrena.
Rober Gutiérrez
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin