Azaroaren 3an egingo da 2016ko Enpresarean Azoka Orona Ideoren egoitzan. Finantziazio era ekintzailetza aukerak eta krisiari aurre egiteko formula berriak izango dituzte hizpide aurtengo solasaldien parte hartzaileek. Bertan izango dira, besteak beste, ADEGI, BAC Mondragon edota Laboral Kutxako ordezkariak.
Aurreko urteetan bezala, hirugarren edizio honetan, hainbat solasaldi, erakustaldi eta mahai-inguru antolatuko dira, enpresa eta profesionalen arteko elkarlana sustatu eta esperientziak, zein jakintzak trukatzeko.
Jardunaldi osoaren egitaraua, urria aldera komunikatuko bada ere, ekintzailetza eta finantzazio ereduez hausnartzeko bi solasaldi aurreikusi dira: alde batetik, ekintzailetza ereduez ADEGI-Ekintzaileen Foroa, BAC Mondragon, Talaios eta Crecer+Orkestrako ordezkariak arituko dira; bestetik, finantziazio formula berrien inguruan jardungo dute Laboral Kutxako, Fiare, Elkargi eta SPRIko ordezkariek, beste batzuen artean.
Enpresarean Azoka Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak bultzaturiko Enpresarean egitasmoaren ardatz bat da. Horren helburua da euskara oinarri duen elkarlana, negozio aukera berriak eta komunitatea sustatzea. Erronka horren aurrean, beste bi ardatzek osatzen dute Enpresarean proiektua, Enpresarean Foroa eta Enpresarean.eus webgunea, hain zuzen ere.
Urrian irekiko da negozio eredu berriak aurkezteko eta azokan parte hartzeko eta izena emateko epea; www.enpresarean.eus webgunearen bidez egingo da inskripzioa eta datak aurreratzean komunikatuko dira.
Honako hauek dira Enpresarean-en helburu nagusiak:
• Euskaraz lan egin nahi duten edo-eta produktuak eta zerbitzuak euskaraz eskaini nahi dituzten organizazioei eta profesionalei erraztasunak ematea.
• Zerbitzuak eta produktuak euskaraz (ere) eskaintzen dituzten enpresei eta profesionalei salmentarako gune bat eskaintzea.
• Arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen eta profesionalen artean elkarlana sustatzea eta esperientziak zein jakintzak trukatzea.
• Era berean, Enpresarean proiektuaren bidez enpresei/profesionalei negozio-aukerak handitzea. Proiektu/zerbitzu berriak sortzea ahalbidetu nahi da, euskaratik eta euskaraz.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin