Ekintzailetza eta finantzazio eredu berriak gai nagusia izanik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolaturiko Enpresarean Azokaren hirugarren edizioan parte hartzeko izen ematea zabaldu da. Azaroaren 3an, Oronan, izango da ekitaldia eta enpresa zein ekonomia alorreko profesional esanguratsuak bertaratuko dira. Interesatuek honako galdetegiaren bidez eman dezakete izena: https://goo.gl/a0OE8w
Adibide zein bizipen profesionalak partekatuko dira aukera berriak proposatzeko helburuarekin. Arlo sozioekonomikoan ibilbide handia duten gonbidatuek euren ikuspegia azalduko dute eta aukera ezberdinei buruzko hausnarketa sustatuko da.
Azpimarragarria da, besteak beste, Eneko Knörr-ek, Ludei plataformaren sortzaileak eta inbertsoreak,
Enpresarean Azokan parte hartuko duela. Silicon Valley-en bizi den ibilbide profesional handiko gasteiztarrak bere bizipenetan oinarritutako hitzaldia eskainiko du, berrikuntzaren eta finantzazioaren alorren inguruan. Bidean ikasitakoak azalduko ditu eta aurrera begirako proposamena luzatuko du.
Horretaz gain, nabarmentzeko modukoak dira ekintzailetasunari eta finantzazioari buruzko bi solasaldiak. Alde batetik, ekintzailetasun aukera berrien inguruan, honako gonbidatuak izango ditugu: Orkestratik, Nagore Ardanza (Crecer+ eko arduraduna); BAC Mondragonetik, Mikel Orobengoa (Mondragon Korporazioko kooperatibaren zuzendaria); Beñat Irasuegi, Talaios Kooperatibatik (Zuzendaria); eta, azkenik, ADEGI-ko Paul Liceaga (Elkarte Sektorialen zuzendaria). Pilar Kaltzadak dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatuko du.
Bestetik, finantzazio aukera berrien inguruan, ondorengoak: Fiaretik, Juan Garibi (zuzendaria); Laboral Kutxatik, Xabier Egibar (Negozio Garapen sailaren zuzendaria); Alexander Arriola, Spri-tik (Zuzendaria); eta, azkenik, Elkargi-ko Jorge Elaustegui (Bizkaiako Lurralde Zuzendaria). David Sanchez Botek dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatuko du.
Solasaldiez gain, aurreko edizioetan bezala, “Arin-arin” saioa egingo dela iragarri da. Bertan parte hartuko dutenek euren proiektuak 3 minututan azaldu beharko dituzte. Helburua da ekimen berriak ezagutzea eta ekarpenak egitea, sormena garatu zein elkarlanerako bide berriak irekitzea. Hori dela eta, parte hartzeko gonbidapena orokorra da eta edozein ideia, egitasmo… duen oro ongi etorria izango da. “Arin-arin” saioan parte hartu nahi duenak ondorengo galdetegia bete beharko du: https://goo.gl/4HryRx
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin