Enpresarean Azokan euskaraz ekingo duten ekintzaileak bilduko ditugu. Bazatoz?

Rober-gutierrez-enpresarean.jpg

Info 7 irratiko Gureaz Blai irratsaioan izan da Rober Gutierraz, Enpresarean Azokako nondik norakoak azaltzen. Entzun hemen.

 

Ekintzailetza eta finantzazio eredu berriez arituko gara aurtengo Enpresarean Azokan, berritasun ugariz beterik datorren jardunaldian.

Hirugarren edizio hau Orona Ideoko Gallery aretoan izango da azaroaren 3an eta izen ematea zabalik dago enpresarean.eus-eko atari digitalean. Parte hartzera animatzen zaituztegu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartetik, harreman profesional interesgarriak egin eta elkarlanerako bide berriak irekitzera. Gainera, aurten, berritasun bezala, ekintzaileei zuzenduriko sari bat eskainiko da arin-arin saioan, ekintzailetasuna eta lurraldearekiko konpromisoa hobekien uztartzen dituen proiektua gauzatzen hasteko.
 
Izen propioen zerrenda ez da edonolakoa izango: aditu eta ekintzaile sutsuak, Euskal Herriko enpresa askotako kideak, esperientzia handiko eta ibilbide luzeko pertsona sortzaile eta berritzaileak, arriskuak bere gain hartzeko prest daudenak; horiekin batera, finantzazio erakunde garrantzitsuetako ordezkariak izango ditugu Orona-Ideon. Iparra argi dugu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean: ideiak partekatzeko foroa eskaintzea eta euskaraz lan egiten duten enpresen eta profesionalen arteko sarea ehuntzea. Baita ekintzaileen artekoa ahalbidetzea ere. Sinergiak bultzatuz eta elkarlana bideratuz. Enpresarean egitasmoaren bitartez, euskararen presentzia sustatu nahi dugu sistema horretan. Hori ere bada, gure iritziz, etorkizuneko puzzlearen pieza garrantzitsua.
 
 
Etorkizuneko erronkei aurre egiteko ideia eraldatzaileak konpartitzeko espazioa eta jardunaldia izango da. Egitaraua indarrez dator hirugarren edizio honetan:
 
Alde batetik, ekintzailetza ereduez solasaldi batean elkartuko dira Crecer+ Orkestrako Nagore Ardanza; BAC Mondragonetik, Mikel Orobengoa; Talaios Kooperatibako Beñat Irasuegi; eta, azkenik, ADEGI-ko Paul Liceaga. Pilar Kaltzadak dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatuko du. Ondoren, lau ekintzaileren esperientziaren berri jasotzeko aukera egongo da: Lakariko Leire Udabe, Ecobameko Luis Urteaga, Le Nid-eko Haizea Pérez eta Errotuko Miren Muñagorri.

Ekintzailetzarekin jarraituz, azpimarragarria da Antton Tomasenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak, ekintzailetza sustatzeko moduei buruz eskainiko duen hitzaldia: "Nola sustatu ekintzailetza? Zer eskaini ekin nahi duten pertsonei?"

Finantzazioari dagokionez, dirua nola lortu daitekeen arituko dira ondorengo profesionalak: Fiaretik, Juan Garibi; Laboral Kutxatik, Xabier Egibar; Alexander Arriola, Spriko zuzendaria; eta, azkenik, Elkargi-ko Jorge Belaustegui. MIK Research-eko David Sánchez Botek dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatuko du.

Era berean, Eneko Knörr-ek, Silicon Valley-en bizi izan den ibilbide profesional handiko gasteiztarrak, berrikuntzaren eta finantzazioaren alorren inguruan hitz egingo du. Bidean ikasitakoak azalduko ditu eta aurrera begirako proposamena luzatuko du "Zailtasun guztien gainetik, ekintzaileak behar dira Euskal Herrian" izenburuko hitzaldiaren bitartez.

Ekitaldiaren bigarren zatian, emakume ekintzaileen egoerari buruz hitz egingo da eta, horretarako, Miren Lauzirika (EmakumeEkin) eta Sonia Ortubai (Abantail) solasaldi batean elkartuko dira esperientziak partekatu eta emakumeek dituzten aukerak aurkezteko asmoz.

Bukatzeko, Markel Irizar, TREK taldeko txirrindulari profesionala eta Bizipoz proiektuko sustatzaile nagusia, izango da bere egitasmoaren berri ematen. Ekintzailea da Irizar arlo profesionalean, zein pertsonalean eta Enpresarean Azokan "Ekintzailearen ezaugarri nagusia, BAIKORTASUNA" izeneko hitzaldia eskainiko digu.

Aurretik esan bezala, etorri eta ideiak partekatzera animatzen zaituztegu. www.enpresarean.eus webgunean aurkitu dezakezue ekitaldiari buruzko informazio guztia, egitaraua eta izen emateko formularioa. Era berean, arin-arin saioan parte hartu nahi izanez gero, webgunean dagoen formularioa bete beharko da.

Aurtengo Enpresarean jardunalditik ateratako ondorioak laster konpartituko ditugu zuekin guztiokin. Mereziko duelakoan baikaude.
 
 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin