Gazte gasteiztarrak mintzo-txiodromoan elkartu dira #Gasteizenbaieuskarari lelopean

Mintzotxiodromoa-1.jpg

 

Gaur, azaroak 30, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean mintzo-txiodromoa egin dugu Gasteizko Egibide, Presentación de María, Karmeldarrak, Gamarrako Ostalaritzako eskola eta Marianistetako Lanbide Heziketa eta Batxilergoko ikasleekin.

Irribarreak, sorpresak eta gogoetak nagusi izan dira Gasteizko Euskararen Astean Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, Udalarekin batera, antolatzen duen ekitaldian.

Gazteek gai ezberdinei buruz hitz egin dute eta gogo handia erakutsi dute euskara euren egunerokotasunean txertatzeko. Partekaturiko gaiak honakoak izan dira: Euskara egunerokotasunean, ikasketak eta lana eta, azkenik, kontsumo ohiturak. 

Hizpide bakoitza talde ezberdinetan jorratu dute parte hartzaileek eta denon artean ideia, iritzi eta erronka anitz partekatu dituzte.

Bai Euskarariko ikasleen ekarpen guztiak jaso nahi izan ditu eta egunotan sare sozialen bidez zabalduko ditugu. Aurrerepentxo bat:

"Hezkuntza sisteman praktika gehiago egon behar dela pentsatzen dugu; horrela, gehiago ikasiko dugu"

"Lan-merkatuan euskaraz lan egiteko aukera eman beharko ligukete"

"Euskara festa giroan erabiltzen dugu gehien, nahiz eta batzuk eskolan bakarrik erabili"

"Gure esku dago euskara egunerokoan erabiltzea"

"Lan merkatuan zein hezkuntza sisteman euskara sustatu behar da eta hori lortzeko beharrezkoa ikusten dugu dena berregituratzea"

"Telebista eta irratia gutxitan euskaraz eta interneta, zein sare sozialak erdaraz"

"Kirol sailetan erdaraz egiten da, kiroletan euskara bultzatu beharko litzateke"

"#EuskaraEgunerokoan zu ta ni, ni ta zu... euskaraz jo ta su"

...

Oso iruzkin interesgarriak egin dituzte gaurko parte hartzaileek; mila esker bertan izan zareten guztioi eta ekarpen sakon hauek egiteagatik! Oso ondo pasa dugu gazte giroan!

Kamera aurrean ere arin eta polit ibili dira....

 

Mintzo-txiodromoa 2016

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin