Zarautz eta Gernikako enpresa, komertzio eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzen jarraituko dute
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, Zarautz eta Gernika-Lumoko Udalekin batera, euskara arlo sozioekonomikoan sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea Zarauzko Udalarekin eta Gernikakoarekin bildu zen orain arte egindako lana aitortzeko eta aurrera begira lanean jarraitzeko hitzarmenak sinatzeko. Bi kasuekin, nabarmendu da Bai Euskarari Komunitatea osatzen duten Euskal Herriko milaka entitatek urte hauetan egindako lana; horrekin batera, erronka zein den azpimarratu nahi izan zuen Rober Gutiérrezek, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak: “helburua da alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea, lan mundutik hasi eta gizartearen gainerako espazioen euskalduntzean eragitea. Egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita”.
Zarautzen 32 ziurtagiridunen babesa
Zarauzko Udalak Bai Euskarari hitzarmena berritu zuen abenduaren 2an, Udaleko Pleno Artetoan, herriko establezimenduek euskalduntzeko prozesuan aurrerapenak eman eta berriak gehitzeko asmoz. Hitzarmena 2005ean sinatu zen lehenengo aldiz eta, ordutik, asko dira Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu eta hobekuntzak antzeman dituztenak; egun, Zarautzen 32 establezimenduk dute euskararen ziurtagiria: hiruk “Zerbitzua eta Lana Euskaraz” maila, 20-k “Zerbitzua Euskaraz” maila eta bederatzik “Euskararen Bidean” maila.
Hitzarmenaren bidez, establezimendu horiek hizkuntzaren jarraipen eta ebaluazioa jasoko dituzte; Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak kasu bakoitzaren egoera aztertu eta baliabideak eskaintzen ditu euskalduntzearen bidea errazagoa izan dadin.
Bezeroak euskaraz artatzeak eta euskarazko kalitatezko zerbitzua eskaintzeak duen garrantzia argi duten entitateak dira hitzarmenaren sinadura ekitaldian izan direnak. Hain zuzen ere, ongi dakite hizkuntzak herritarrengana gerturatzen duela eta horrek bezeroei konfiantza ematen diela. Euskara erabiltzen duten merkatariok irudi hobea ez ezik sinesgarritasun handiagoa ere badute bezeroen artean.
Gernika-Lumo
Abenduaren 2an baita ere, iluntzeko zortzietan Bai Euskarari Ziurtagirien banaketa egin zen Genika-Lumon. Bertako denda, enpresa, elkarte eta erakundeek Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten Astran, Ziurtagiriaren Elkarteak eta Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuaren sustatutako elkarlanaren ondorioz.
Han izan ziren, agiriak emateko, Olatz Larrinaga, Ziurtagiriaren elkartearen izenean, eta Marisa Aldamitzetxeberria, Euskara Zinegotzia. 27 ziurtagiri banatu ziren; horietako zortzi merkatariak dira, 14 enpresa txiki eta ertainak eta 5 elkarteak.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen esanetan, “ziurtagiridunak eredugarriak dira eta euskaraz bizi daitekeela erakusten dute”. Gainera, nabarmendu zuten komunitatearen ongizatean eragiteko esperientziak elkartrukatu eta elkarlanean lan egitearen garrantzia.
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin