“Euskarak balioa eransten die gure harreman eta negozioei”

Iraia Aspuru - Adigrafik

LazarragaSariak-Adigrafik-Iraia-Aspuru-Bai-Euskarari.jpg

 


Iraia Aspuru - Adigrafik

 

Adigrafik izan zen Lazarraga Sariak ekitaldian izendaturiko lehenengo hautagai irabazlea. Aiara aldetik etorri ziren Iraia Aspuru, Ion Aspuru eta Laura Saratxaga, diseinu grafiko eta web sektorean murgilduta dauden Adigrafik-eko ordezkariak. Harriduraz eta poz handiz jaso zuten euskara sustatzeagatik lorturiko saria. Taldeak euskara hobesten du barnera zein kanpora begirako harremanetan eta euren bezeroak euskaraz aritzera animatzen ditu, balio erantsi gisa. Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez, Adigrafik-ek bere zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituela bermatzen da. Saria jaso ondoren, Iraia Aspururekin izan ginen.

 

Zer sentitu duzue zuen izena entzun eta Lazarraga Sarietako bost irabazleetako bat zinetela jakin duzuenean?

Lehenengo eta behin, urduritasuna, baina poza batez ere, poza eta euskararen alde lanean jarraitzeko indarra. 2010ean, Lazarraga Sarien lehenengo edizioan, hautagai izan ginen. Aurten ere hautagai proposatu gaituzte eta edizio honetako irabazleak izan gara; harriduraz eta ilusio handiz jaso dugu saria.

 

Seinale ona da kanpoko norbaitek Adigrafik aurkeztu izana, ezta? Euskararen aldeko lana baloratzen dela adierazten du horrek.

Bai, noski; hala ere, esan bezala, ezin sinetsita gaude eta asko harritu ginen gure izena hautagaien artean ikusi genuenean. Guk ez dugu egiten euskararen aldeko izugarrizko lana, modu natural batean egiten dugu, esfortzu berezirik egin gabe. Gu gara euskara gehien sustatzen dugunok? Ez genuen espero, gure egunerokoan euskara presente egoteak ez duelako ahalegin berezirik suposatzen.

 

Zein garrantzia du euskarak zuen egunerokoan, maila profesionalean?

Saria jaso ondoren adierazi nuen bezala, gure lan gehiena publiko zabalari zuzenduta dago eta euskarari arreta berezia eskaintzen diogu. Kartelak egiten ditugu, webguneak, material grafikoa… euskarri guztiak euskaraz garatzen ditugu eta, gainera, ikusten dugunean bezeroren batek ez dituela testuak euskaraz, animatzen diogu euskaratzeko. Beti saiatzen gara laguntza eta baliabideak eskaintzen, jendeak euskarazko edukiak sor ditzan.

 

Bistakoa da bezeroek oso positiboki baloratzen dutela jarrera hau. Orduan, bezeroek eskertzen al dute zerbitzua euskaraz eskaintzea?

Nik uste dut baietz, euskara balio erantsia da guretzat. Gure eskualdean, adibidez, jaietako egitarau bat egin behar badute, konturatu gabe, zuzenean gaztelaniaz egiten dute. Gurera iritsi eta guk euskarazko edukiak sartzera animatzen ditugunean, ikusten dute euskararen bidez haien edukiak aberasten direla. Kasu guztietan eskertzen dute itzulpena egiteko aukera eskaintzea, eta saiatzen dira euskara txertatzen aurrerantzean sortzen dituzten dokumentuetan.

 

Nola baloratuko zenuke euskararen egoera Arabako arlo sozioekonomikoan?

Esango nuke aurrerapausoak egon direla azken urteotan. Argi dago Araba herrialde konplexua dela, ez dago berezko euskaldun zaharrik eta, zenbait espaziotan, zaila da euskaraz aritzea. Oro har, egunerokotasunean inguruko jendearekin euskaraz aritzea falta da, baina, uste dut, pixkanaka jende gehiago hasi dela lehenengo hitza euskaraz egiten. Gure kasuan, adibidez, bezeroek badakite Adigrafik-en bulegoan telefonoz lehenengo hitza euskaraz entzungo dutela eta, orduan, lehenengo hitza behintzat euskaraz egiten ahalegintzen dira.

 

Etorkizunera begirako erronkak?

Hori da galdera izarra… eta orain, zer? Gutxi gorabehera, paperean dagoen guztia bete dugu. Gu, enpresa moduan, hizkuntzen berdintasuna mantentzen saiatzen gara, nahiz eta euskara izan gure lehentasuna eta etengabe sustatzeko lan egiten dugun. Enpresaren politika da euskara beti aurretik jartzea.

 


Lazarraga Sarien kronika eta elkarrizketa gehiago Bai Aldizkarian.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin