Hizkuntza irizpideak

Info7-titularrak-3.jpg

Rober Gutiérrez.

 

Aitortu beharrekoak dira ekimen enpresarialak abiatzeko ausardia duten ekintzaileak, era guztietako enpresak etengabe sustatzen, berritzen eta hobetzen diharduten emakume eta gizonak. Aberastasuna sortzen dute eta guztion ongizatean eragiten dute... Horien artean, gainera, bereziki nabarmentzeko modukoak iruditzen zaizkit hizkuntzaren aldagaiari, eta gainerako zehar lerroei ere, erreparatzen diotenak. Txapo! Horrelako praktika egoki eta eredugarri gehiago behar ditugu.

Honekin lotuta, azken egun hauetan administrazioen hizkuntza irizpideen inguruan hitz egitea egokitu zait zenbait bileratan. Adostasun handi samarra egon da ondorioetan: gure administrazioak eredugarriak izan beharko lirateke, lidergoa bere gain hartuz, eta erantzukizunez jokatu beharko lukete gurekiko harremanetan euskaraz aritzeko bitartekoak jarriz eta bertan lanean ari diren pertsonei lana euskaraz garatzeko eskubidea bermatuz. Eta gainera, mahai gainean jarri beharko genituzke haien zerbitzu esleipenetan, dirulaguntza deialdietan eta era guztietako kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzeak,  baloratzeak eta puntuatzeak hizkuntzaren garapenari ezezik, elkarbizitzari eta gure ongizateari ere dakarzkien onurak.

Hainbat administraziotako zenbait sailetan gertatzen ari den bezala, euskarari bere balioa aitortu beharko litzaioke dirulaguntza deialdietan eta kontratazioetan (baldintza batzuk ezarriz, Bikain agiria zein Bai Euskarari Ziurtagiria balioetsiz, etab.). Administrazioen kudeaketa egokia izan beharko litzateke arlo horretan ere, hizkuntza irizpideek gu guztion ongizatean duten garrantzia agerikoa baita.

Era guztietako enpresetan, eta horien harreman komertzialetan hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea mesedegarria da merkatu eta bezero berriak irabazteko garaian. Enpresen hazkunde ekonomikoan eragiten du. Enpresa gehienetan, oro har, ez da zalantzan jartzen kanpoko merkatuetan aritzeko, tokian tokiko hizkuntza(k) erabiltzea komeni dela. Aniztasuna, hizkuntza-aniztasuna, kudeatu beharreko aberastasuna da, baina gurean ez da askotan hala egiten.

Zein irizpide hartu beharko lukete aintzat administrazioek eta enpresek? Horretarako, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa dugu tresna eragingarria. Protokoloaren barruan zazpi lan-eremu identifikatu dira, horien artean Administrazio publikoa eta instituzioak eta eremu sozioekonomikoa. Eremu horietan Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak jasotako eskubideak bermatzeko neurri-zerrenda eta adierazleak jaso dira. Bai Euskarari Elkarteak ere bere ekarpena egin du Protokoloan, arlo sozioekonomikoan hizkuntzaren berdintasuna eta normalizazioa bermatzeko jarraibideak definitzeko. Horiek betetzeko zehaztu beharko lirateke bai neurrien hurrenkera bai eta denboralizazioa ere.

Ikus ditzagun neurri horietako batzuk. Norberak baloratuko du gaur-gaurkoz betetzen diren edo ez:

  • Zerbitzuak [euskaraz] emateko, hizkuntza-plangintza orokor bat aplikatzen dute administrazioko alor guztiek.
  • Administrazioek beren zerbitzuak kanpoko enpresei esleitzean, hizkuntza-plangintzako neurriak betetzen direla bermatzen dute.
  •  Lan-eremuan [euskararen] aldeko jarrerak bultzatzen eta saritzen ditu Administrazioak.
  • Enpresek [euskararen] erabilera bultzatzen dute: trebakuntza-planak; etengabeko prestakuntza; lan-kontratuak eta lan-hitzarmenak; txosten, mezu, jakinarazpen eta bestelako dokumentuak; barneko lan-prozedurak; hizkuntza-paisaia; hizkuntza erabiltzen duten materialak (katalogoak, Interneteko saltokiak, publizitatea...).
  • Enpresek modu proaktiboan jarduten dute hizkuntza gutxituko komunitateekin gizarte-erantzukizuna garatzeko garaian.
  • Ekonomiako funtsezko sektore eta zerbitzuetako (aseguru-etxeak, energia-hornitzaileak, garraio-zerbitzuak, finantza-erakundeak, telefono-hornitzaileak, gizarte-prestazioak, osasungintza, posta-zerbitzua...) kontsumitzaileen eskubideak euskaraz ere bermatzen dira.

Jakin badakigu nora iritsi behar dugun eta horretarako urratsak eta epeak zehaztu beharko ditugu. Administrazioak lidergoa bere egin behar du, erantzukizunez, eredu egokia eta eraldatzailea eskaintzeko. Gurean dauden enpresek, aberastasuna dakarkigun aniztasuna hobeto kudeatuz.

 


Info 7 / Gureaz Blai 2017/04/06

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin