Atzo, maiatzaren 25ean, banatu ziren Aenkomer-ek antolaturiko Arabako Udaberriko Erakusleiho lehiaketaren sariak. Merkatari askok parte hartu dute aurtengo edizioan eta, euskararen alorrean, Elkar-ek eta Errota Hortz Klinika izan dira irabazleak.
Bai Euskarari-ko zuzendariak, Rober Gutiérrez-ek, Elkar (Bai Euskarari ziurtagiriduna) liburu dendari eman zion saria erakusleihoan euskara ondoen erabiltzeagatik; Ane Agirregomezkortak jaso zuen Elkar-en izenean eta, gainera, Aenkomer-ek eskainitako bigarren sari teknikoa jaso zuten.
Bai Euskarariko Zuzendariak aukera baliatu zuen euskarak produktu eta zerbitzuen kontsumoan duen balioa nabarmentzeko eta bezeroaren ikuspegitik duen garrantzia azpimarratzeko; izan ere, erosketa hautaketa prozesuan, hizkuntza oso kontutan hartzen den irizpidea da eta oso lotuta dago asebetetze zein zerbitzuaren kalitatearekin. Gutiérrez-ek gehitu zuen euskararen bidean urrats asko eman daitezkeela, ahozko eta idatzizko zerbitzua euskaraz ematen ez badute ere, hizkuntza paisaian, publizitatean eta abarretan pausoak eman ditzaketela; eta Bai Euskarari Elkarteak, beste batzuen artean, bide horretan laguntzeko baliabideak eskaintzen dituela.
Bestetik, Errota Hortz Klinikak, Bai Euskarari Ziurtagiriduna ere, Aenkomer saria jaso du, euskararen kategorian. Ordezkariek esker hitz hauek partekatu zituzten publikoarekin:
"Ezer baino lehen, eskerrak eman nahiko genituzke sari hau guri eman izateagatik. Hemen gauden guztiok gizarteari zerbitzuak eskaintzea dugu langai nagusi, eta, guk, euskaraz egiten dugu aukerak ematen duen heinean.Errota Hortz Klinikako langileok harro gaude egiten dugun lanaz, baina gure bezeroekiko dugun arretaz ere. Baina, egunerokoari euskaraz erantzuteak are harroago egoteko aukera ematen digu, modu honetan, gure aletxoa ematen baitiogu euskararen erabilera sustatzean. Ezin ahaztu, bestalde, Araban gaudela; askotan, eta kantak zioen bezala, oraindik ere “zazpigarren alaba”. Egoerak egoera hemen gaude areto honetako guztiok, Euskal Herriaren euskaduntzean gure aletxo hori ereiten. Ez al da, bada, harro egotekoa? Guk argi dugu, ez dezagun utzi euskararen erreka lehortzen".
Zorionak irabazleei!
Ikus argazki guztiak hemen.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin