Gozagarriago euskaraz

p025_f02.jpg

Ianire Soraluze Zergatik arropa dendaren diseinatzailea da eta igande honetan Berria egunkariko Eztabaida Gelan parte-hartu du, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariarekin batera, euskarak merkataritzan eskaintzen duen balioari buruzko iritzia emateko. Zergatik-ek Bai Euskarari ziurtagiriaren "zerbitzua euskaraz" maila dauka eta argi ditu euskarak bere zerbitzu eta bezeroei eskaintzen dizkion onurak:

 

Euskal kultura gure markaren inspirazio iturri handia da, eta gure hizkuntza beti presente edukitzen saiatzen gara, baita gure bildumetan ere. Zergatik orain dela 17 urte sortu zen, Iruñean, orain Urnietan finkatuta egon arren. Gure arropa erreferentziatzeko, ale bakoitzak izen bat du, eta duela urte askotatik, euskal hitzak erabiltzen ditugu bildumen atal desberdinetan. Nahiz eta hitz asko baztertu behar ditugun, alde batetik arazo teknikoak eta bestetik atzerritarren ahoskatzeko zailtasunak direla medio.

Bai bulego zentralean, gure elkarlaneko hizkuntza gisa, bai dendetan, ohikoa da euskararen erabilera. Iruñean, Bilbon eta Donostian ditugu gure dendak, bertan gure saltzaileek euskara erabiltzeak, dudarik gabe, balio erantsi handi bat du. Euskaraz arreta ematea gure bezeroek eskertzen eta eskatzen duten zerbait baita. Arreta horrez gain, dendetako eskaparateetan, denda barruko komunikazio eta seinaletika guztia beti euskaraz jartzen dugu. Gure bezeroek eskertzeaz gain, atzerritarrek baikortzat jasotzen dute. Izan ere, atzerritar askok bisitatzen gaituzte eta haiek gure hizkuntzaren berri izatea ere atsegin dute.

Azken urteetan bereziki, euskararen erabilera zerbitzuetan handitzen ari dela uste dut, gure gizartearen eremu ugarietan. Gure eguneroko bizitzan euskaraz aritu eta gure aisialdian berdin aritzeak garrantzi handia du. Arropa erostera goazenean esperientzia hori atseginagoa bihurtu dezakegu, euskaraz arreta egiten badigute. Moda arloan bereziki, badirudi erosotasun hori aurkitzea espezialki garrantzitsua dela. Euskaraz arreta jasotzeak erosotasuna eskaintzen digu, eta gure dendetan hori oso nabarmena da, gure bezeroa gustura sentiarazi nahi dugu, bere erosketaren esperientzia ahalik eta gozagarrien bilakatu dadila, eta, horretarako, argi dago euskaraz aritzeak laguntzen duela.

Gure internazionalizazio horrek marka moduan egiten dugun komunikazioa gidatzen du, gure merkatu zabalenak hemen Euskal Herrian, Espainian eta Europa mailan lantzen baititugu. Gaur egun kontsumitzaileak sarean geroz eta denbora gehiago pasatzen du, eta denbora eta erraztasun aldetik Internet bidez gure erosketak egitea geroz eta arruntagoa da. Zerbitzu prestakuntza horretan, euskaraz aritu ahal izatea ere garrantzitsua da. Guk geuk lehengo urtean gure webgunea berritu genuen, eta gure apustua hurrengo urteetarako Interneten dugun presentzia handitzen eta finkatzen joatea da. Momentu hauetan erosketa prozesu guztia euskaraz egin daiteke. Esfortzu handiz aritzen gara arlo honetan, sareak bere teknizitate eta berezitasunak baititu, eta zenbait hitz euskaraz indexatzea zaila da oraindik. Gure sare sozialetan ere, euskaraz aritzen gara. Instagram bereziki indartzen doan tresna dela nabari izan dugu, eta bertan ere, euskaraz mintzatzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Gure bezeroekiko komunikazioa ere, newsletter bitartez, euskaraz nahiz gaztelaniaz egiten dugu.

Beraz, euskararen erabilera geroz eta arlo gehiagotan aurkitzea, merkataritza munduan ere, tresna ordainezina da.


Iturria: Berria - Eztabaida Gela

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin