Zergatik. Euskal Modaren aitzindari...Horrela al da? Zertaz ari gara euskarazko modari buruz ari garenean?
Aitzindari baino gehiago, uste dut euskal moda deritzonaren sortzaile eta partaide izateari buruz hitz egin genezakeela. Moda, bere oinarrian, dagokion gizarte eta denboraren isla da. Hori hala, euskal moda, gure gizartearen elementu bat bezala harturik, adar anitzek eta desberdinek osaturikoa dela esan genezake. Izan ere, asko gara moda munduan euskal marka gisa ezagunak garenak, baina ez gara denok berdinak, norbera bere ezaugarriengatik baita ezagun. Hau argi utziz, Zergatik, mugimentu zehatz batean oinarritzen dela esan genezake. Moda, jolas bat bezala ikusten duen eta bere nortasuna jantzien bitartez adierazi nahi duen emakumea da gure isla. Bere gorputza eta pentsamenduak mugatuko ez dituen forma asimetriko eta koloretsuak dituzten jantziak. Gure balioak eta moda ulertzeko era elkarbanatzen dituen pertsona orok, mugimendu berdina jarraitzen duten munduko beste herrialdeetako emakumeekin harremanetan jartzea lortzen du.
Zein balio hartzen du euskarak arroparen diseinu eta salmentan?
Lehen aipatu bezala, moda gure gizarte eta kulturaren isla da, gure jatorria eta oraina. Praktikotasunerantz begira jarriz, gure diseinuen izen askok dute euskal jatorria eta nola ez, gure salmenta ere euskaraz egiten dugu. Azken puntu honek berezko garrantzia du, izan ere, transakzio ekonomikoa ez ezik, bezeroarenganako arretak erkidego erlazioak ere bultzatzen ditu eta hala, gure bezeroentzat esperientzia bat da.
Gure diseinuen izen askok dute euskal jatorria eta, nola ez, gure salmenta ere euskaraz egiten dugu.
16 urte ondoren, zeintzuk izan dira aurrerapauso edo lorpen nabarmenenak?
Urrats garrantzitsuenetako bat marka internazionalizatzea izan zen. Bestalde, maioristenganako zerbitzutik bere denda propioak izatera heldu den marka bat izanik, lorpen handia da hori bere ibilbidean. Gaur egun, laugarren denda propio bat ireki berri dugu Irunen. Gure lurraldean markak duen harrera bermatu eta indartuz eta gure bezeroekiko salmenta zuzena zabalduz. Aldi berean, gure on line denda ere ezin dugu ahaztu, azken aldian lan asko egin baitugu alor honetan.
Urrats garrantzitsuak eman dituzue. 2012. urtean Bai Euskarari Ziurtagiriaren “Bidean” maila lortu zenuten eta “Zerbitzua euskaraz” maila izatera iritsi zineten bi urte beranduago. Nola bizi izan duzue prozesua?
Gogotsu eta ilusioz, baina aldi berean oso modu naturalean. Zentzuzko bilakaera batekin esan genezake. Onura bikoitza du guretzat, barnera zein kanpora begira, lan taldean zein gure bezeroei eskaintzen diegun zerbitzuan.
Zergatik erabaki zenuten Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea? Eta, zertan lagundu dizue gerora?
Euskal marka bat izanik, eta hori oso barneratuta daukagunez, ulergaitza egiten zitzaigun prozesu honen parteez izatea. Gure hizkuntzaren erabilera sustatu eta gure kulturaren parte garela sentituz, gure marka sortzen lagundu digu eta aldi berean gure bezeroenganako harrera modu argi eta eraginkor batean egiten lagundu digu, komunikazioan zein zerbitzuan.
Nolakoa da harremana bezeroarekin? Eskertzen al dute euskaraz artatuaizatea?
Azken urteetan bereziki, euskararen erabilera zerbitzuetan handitzen ari dela uste dut, gure gizartearen eremu ugarietan. Arropa erostera goazenean esperientzia hori atseginagoa bihurtu dezakegu, euskaraz arreta egiten badigute. Bezeroaren erosketaren esperientzia ahalik eta gozagarrien bilakatu dadin, argi daukagu euskaraz aritzeak laguntzen duela.
Nola zaintzen duzue euskara dendetan eta bestelako lan eremuetan?
Gure dendetako infografia eta seinaletika guztia euskaraz egiten dugu, baita gure bezeroekiko zerbitzua ere. Barne komunikazio eta sail gehienetan ere euskaraz aritzen gara, eta bere erabileratik haratago ere, euskararen aldeko ekimen askotan parte hartu eta elkarlanean aritzen gara: Kilometroak, Korrika, Nafarroa Oinez...
Prozesu honen alderik zailena? Eta saiakeraren fruiturik nabarmenenak?
On line denda euskaraz eramatea da agian zailena den alorra. Baina bertan jartzen ari garen ahalegin guztiak emaitzak dituela ikusteak bere onurak ere baditu. Bezeroen aldetik jasotzen dugun maitasunak eta positibotasunak aurrera jarraitzeko indarra ematen digute.
Bezeroaren erosketaren esperientzia ahalik eta gozagarrien bilakatu dadin, argi daukagu euskaraz aritzeak laguntzen duela.
Bai Euskarari Saria, Zergatik?
Atzean dakarren lan guztia aitortzeagatik, eta euskara gure parte izan dadin egindako ahaleginagatik.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin