"Euskara, ezinbesteko botika"

Miren Fuldain Farmaziaren arduraduna

MIREN-GETARIAKO-FARMAZIA0137.jpg

BAI ALDIZKARIA

Getariako Elkano kalean dago Fuldain Farmazia, herriko kale nagusian. Miren Fuldain da arduraduna, eta farmaziaren kudeaketaz arduratzeaz gain, Farmazialari Euskaldunen Elkarteko (FEUSE) zuzendaritzako kide ere bada. Euskaltzalea, euskararen erabileraren aldeko hautua egina du farmazia ireki zuenetik, lanean zein bizitzako gainerako arloetan ere. Euskarak onurak besterik ez dizkio eragiten bere negozioari.

Zorionak lehenik eta behin. Bai Euskarari Saria jaso berri, nola sentitzen zara?

Poza eta harridura dira nagusi. Batetik, gure euskararekiko jarrera eta lana zuek aipagarri ikusteak poztu egiten gaitu; bestetik, ez genuen inolaz ere pentsatzen Getariako farmazia sarituen artean egongo zela, gure lana euskaraz egiten baitugu naturaltasun osoz.

Hiru langile zarete eta hiruak euskaldunak. Ezinbesteko ezaugarria al da farmazian?

Guztiz ezinbestekoa da farmaziako langile guztiak euskaldunak izatea. Getaria herri euskalduna da eta ez zait burutik pasatzen euskara menperatzen ez duen pertsona bat egotea mostradorearen atzean. Herritarrenganako errespetu falta handia izango litzateke.

Langileen hizkuntza gaitasunaz aparte, nola bermatzen duzue euskararen presentzia?

Lehenik, bezeroei luzatzen diegun idatzitako informazio guztia euskaraz dago: maisu-formulen erabilera orriak, osasun aholkuak, baita salmenta tiketak eta fakturak ere. Bestetik, farmazian ipintzen ditugun kartelak, guk idatzitakoak badira, beti euskaraz daude; laborategiek prestatutakoak badira, ia beti erdaraz daude eta esaldiren bat euskaraz jartzen saiatzen gara. Ordutegia, izena eta abar euskara hutsean daude. Azkenik, hilean behin aldatzen dugun erakuslehiorako prestatzen dugun materialetan ere euskara agertzen da. Motzean esateko, bezeroarekiko lotzen gaituzten arlo guztietan euskara baliatzen saiatzen gara.

Lehenengo hitza euskaraz egitea erraz bete daiteeken gomendio sendoa da.

Farmazia eta osasun arloan, orokorrean, zein da euskararen egoera? Aurrerapausorik antzeman duzue azken urteotan?

Ezagutzen ditudan farmazia gehienetan daude farmazialari euskaldunak. Hutsune handiena idatzitakoinformazioan datza. Bezeroei luzatzeko izaten ditugun oharrak eta aholkuak ia beti erdara hutsean daude; laborategiek, aldizkari profesionalek, Farmazialarien Elkargoen Kontseiluak, osasun arloko elkarte desberdinek prestatutakoak izaten dira. Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Farmazia saila eta EAEko Farmazialarien Elkargo Ofiziala dira, noizean behin, materiala euskaraz prestatzen duten bakarrak. Aurrerapauso handia ikusi dut lanean aritu naizen 25 urte hauetan. Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin ditudan harreman guztiak euskaraz egin daitezke, eta duela urte batzuk ez zen horrela gertatzen. Bizkaiko Elkargoan ere euskara erabiltzen da, ekitaldi batzuk euskara hutsean prestatu ohi dituzte; Nafarroakoak argitaratzen duen aldizkarian ere euskaraz idatzitako artikuluak agertzen dira; Arabakoaren egoera ez dut ezagutzen. Osasun arloan, hutsune handiak daude. Euskaraz aritzeko gaitasuna duten zenbait sendagilek errazegi jotzen dute erdarara, eta beste hainbatek ez dute gaitasun nahikorik. Gure eskualdean kexak egon ohi dira pediatra erdaldunak kontratatzeagatik. Osakidetzak profesional euskaldunen ezagatik gertatzen dela esaten du, baina gaitz egiten zait hori sinestea. Etorkizuneko egoera hobea izango da. Gero eta biztanle gehiagok ezagutzen du euskara. Dakigunok hitz egiten badugu, aurrean dugunak euskaraz erantzungo digu.

Zuek ere ekarpen handiak egin dituzue euskararen alde, batez ere, farmaziaren arloan eta horren ondorioa izan zen FEUSEk banatutako “Farmaburua saria”.

Farmazia munduan euskararen alde ekarpenen bat egiten duenari FEUSE elkarteak, bi urtetik behin, “Farmaburua saria” ematen dio. Garai haietan farmazietako laborategietan maisu-formula ugari prestatzen ziren eta horrelako formula bakoitzari erabilpen-orria gehitu behar izaten zaio. Gure farmazian orri horiek euskaraz idatzita zeuden, ia-ia 100 ziren, eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoaren laguntzarekin Euskal Herriko farmazia bulego guztien eskura jarri ziren, behar zuenak erabil zitzan. FEUSEn iritziz, horrek saria behar zuen eta niri eman zidaten 2007an. Dena den, erabilpen-orriak idazteko unean, farmaziatik pasa ziren farmazialari guztiek hartu zuten parte, eta denen izenean jaso nuen saria.

FEUSEko zuzendaritzan zaudela, nola edo zer egiten duzu euskararekiko duzun ikuspegi positiboa partekatu eta baliabideak eskaintzeko?

FEUSEn zuzendaritzan nago duela zortzi bat urtetik, diruzaina naiz. Elkartearen helburua farmazia arloan euskararen erabilera indartzea da. Azken urteetako erronka nagusiena Farmazia-Hiztegia berritzea eta digitalizatzea izan da. Elkarteko kideei lau hiletik behin “Farmaberri” izeneko aldizkaria luzatzen zaie eta, bi hilabetero, gure lan arloarekin zerikusia duen buletin elektroniko bat. Webgunea ere berritu da eta bertatik hiztegira eta beste argitalpenetara sartzeko aukera dago.

Zein gomendio emango zenioke farmazia, saltoki… bat ireki berri duen bati?

Lehenengo hitza euskaraz egitea erraz bete daiteeken gomendio sendoa da. Lehenengo berba euskaraz esatean, aurrekoari hizkuntza hori erabil dezakeela jakinarazten diogu. Ez da ezer kostatzen. Euskara sustatu nahi bada, badaude beste pauso erraz batzuk: musika euskaraz jarri, ordutegia, itxita-zabalik letrerotxoak…

Edozein negoziok euskara erabiltzen badu aukera ematen dio bezeroari gustora sentitzen den hizkuntzan hitz egiteko, eta hori aberasgarria da, bai negozioarentzat baita bezeroarentzat ere.

Zein balio du euskara negozio batean txertatzeak?

Balio handia ematen diot negozio batean euskara presente egoteari. Euskaldunok gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea dugu, bizitzako arlo guztietan. Edozein negoziok euskara erabiltzen badu aukera ematen dio bezeroari gustora sentitzen den hizkuntzan hitz egiteko, eta hori aberasgarria da, bai negozioarentzat baita bezeroarentzat ere.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin