Bai Euskarari Elkarteak eta Zarauzko Udalak hitzarmena berritu dute

30 entitatek dokumentua berritu dute eta 3 batu dira aurten, Ekolio, Solozabal auto-eskola eta Maria Etxetxikiko Eulen

baieuskarari-zarautz.JPG

Zarauzko 33 establezimenduk dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Horietatik 30 entitatek euskararekiko konpromisoa erakusten duen dokumentua berritu dute eta 3 batu dira egitasmora: Ekolio olio birziklapena, Solozabal auto-eskola eta Maria Etxetxiki eguneko zentroko Eulen Sociosanitarios S.A. Udalbatza aretoan ospatu dute Bai Euskarari Ziurtagiria sinatzeko ekitaldia eta Euskara zinegotzi Nekane Iribarrek (EAJ-PNV) Bai Euskarari Elkarteko Arkaitz Ilarramendi eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak aurkeztu dute ekitaldia.

Igandean Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Iribarrek “guztiontzat euskararen aldeko jarrerak eta indarrak berritzeko aukera paregabea” dela nabarmendu du. “Zarautz euskararen normalkuntzarentzat udalerri garrantzitsua da. Herri turistikoa izan arren eta biztanleria hazten joan den arren euskaldunen portzentajea eta euskararen erabilera mantendu dira azken 20 urte hauetan”, jakinarazi du. Herritarren artean “euskarari eusteko indarra” badagoela adierazi du, baina, mantentzea ez da nahikoa, ordea: “Zarautzen euskara gero eta gehiago erabiltzea da gu guztion helburua. Guztion gogoa eta ahalegina eskatzen dituen helburua; helburu ilusionagarria; denoi dei egiten diguna: norbanakoei eta kolektiboei, herri aginteei, alderdi politikoei, langileen sindikatuei, enpresari-elkarteei, kirol, aisialdi nahiz kultur arloko elkarteei, gizartearen arlo desberdinetako erakundeei…”.

Zinegotziak gustura hartzen duten konpromisoa dela gaineratu du. Zentzu honetan, duela gutxi aurkeztutako Enpresa euskaraz handitzen-handitzen egitasmoa aipatu du,euskararen erabilera sustatzeko Urola Kostako Udal Elkartetik bideratuko duten zerbitzu berria, alegia. “Gaur berritzen dugun konpromisoa duela 12 urte hasi genuen. 12 urte bete dira Zarauzko Udala eta Bai Euskarari elkartea elkarlanean hasi zirenetik. Lehenbiziko hitzarmena 2005ean sinatu baitzen. Urte horietan establezimendu ugarik atera dute bai Euskarari ziurtagiria, eta askok urtez urte berritu duzue”, adierazi du. Honela, aurten 33 establezimenduk berritu duzue euskararekiko konpromisoa eta Udalak hor egon nahi izan du bide horretan laguntzen. Hala, helburu hau betetzeko 4.438,28 euroko aportazio ekonomikoa egin du 2017an.

Arkaitz Ilarramendik, Bai Euskarari Elkartearen izenean, eskerrak eman dizkie Udalari aurten ere Bai Euskararirekin hitzarmena berritu dutelako eta Zarauzko ziurtagiridunei, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko egunero egiten duten ekarpenagatik. Bai Euskarari komunitatea geroz eta sendoagoa dela nabarmendu du eta elkarlana goraipatu du orain eta etorkizuneko giltzarri gisa. Haren hitzetan, "gu guztion rol aktiboa funtsezkoa da aldaketak egin nahi baditugu eta pixkanaka lan mundua euskalduntzen joan nahi baldin badugu". Zentzu horretan, guztion inplikazioa "beharrezkoa" dela nabarmendu du, "urrats horiek eman eta euskararen espazioak arlo sozio-ekonomikoan areagotuko baditugu". 

Horrekin batera, aitortu du gaur egun "pozgarria" dela, "lorpenak ematen ari direla ikusten ari garelako eta era askotako entitateak egiten ari diren lanagatik zein konpromisoagatik": "Urte hauetan guztietan bidelagun izateaz gain, bide erakusle izaten ari zaretelako".

Gainera, gogorarazi digu Bai Euskarari Elkartearen 10. Urteurrena ospatzen dutela aurten. “2007an sortu zen elkartea, zazpi urte lehenago Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, lan munduaren euskalduntzean eragiteko, abian jarritako Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua indartzeko, elkarlanaren bidez gidatzeko, zabaltzeko eta sendotzeko, eta gizartearen aurrean erreferentziala izateko xedearekin”.

Bukatzeko, etorkizunera begira jarri da, Bai Euskarari Ziurtagiri bat baino askoz gehiago dela adierazteko: "Bistan da denon inplikazioari eta ekarpenari esker Bai Euskarari Elkartea pixkanaka hazi dela, eta jatorrizko proiektutik harago joatea lortu dugula. Gaur egun, BaiEuskarari Elkartea ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gure komunitatea sendotzeko ari gara lanean, baliabideak etengabe sortzen eta eguneratzen saiatzen gara... Eta ez hori bakarrik; gero eta eragin handiagoa hartzen ari diren beste zenbait egitasmo ere ari gara elikatzen: Enpresarean, Lanabes eta Lansarean lan-ataria, esate baterako.”.

Xabier Txurruka alkateak jakinarazi ditu 33 establezimenduen izenak. Horietatik 4k Zerbitzua eta Lana Euskaraz goreneko maila dute, 22ek Zerbitzua Euskaraz eta gainontzeko 7k Bidean maila.

  1. Amenabar S.A. Euskararen bidean
  2. Andere Produktu Profesionalak Zerbitzua euskaraz
  3. Asti Pinturak Euskararen bidean
  4. Borda Ardoak Zerbitzua euskaraz
  5. Chapucetti Diseinuak Zerbitzua euskaraz
  6. Eguzki Taberna Zerbitzua euskaraz
  7. Ekia Pentsioa Zerbitzua euskaraz
  8. EKOLIO Olio Birziklapena Zerbitzua euskaraz
  9. Etxabe Confort Zerbitzua euskaraz
  10.  Euskadiko Halterofilia Elkargoa Zerbitzua euskaraz
  11.  Garrastazu Optika Zerbitzua euskaraz
  12.  Ur Kontsortzioa Zerbitzua euskaraz
  13.  Harrespil Hilerri eta Hileta Zerbitzuak S.L. Zerbitzua euskaraz
  14.  Horel Restaurante Argiñano Euskararen bidean
  15.  Inmobiliaria Orio Euskararen bidean
  16.  Iruretagoiena Harategia - Kukulu Zerbitzua euskaraz
  17.  Laguntasuna S. Coop. Euskararen bidean
  18.  Laia Janari Denda Zerbitzua euskaraz
  19.  Lizardi Lanerako Arropa Denda Zerbitzua euskaraz
  20.  Maria Etxetxiki Eguneko Zentroa (EULEN Sociosanitarios S.A.) Euskararen bidean
  21.   Martiarena Zapategia Zerbitzua euskaraz
  22.  Mendizabal Kinkila Denda Zerbitzua euskaraz
  23.  Ori-Zar Burdindegia S.L. Euskararen bidean
  24.  Oteitza Lizeo Politeknikoa Zerbitzua eta lana euskaraz
  25.  Salbatore Mitxelena Ikastola Zerbitzua euskaraz
  26.  Solozabal Autoeskola Zerbitzua euskaraz
  27.  Talai Berri Txakolindegia Zerbitzua euskaraz
  28.  Tropela Informatika eta Euskara Elkartea Zerbitzua eta lana euskaraz
  29.  Ulacia Bidaiak S.L. Euskararen bidean
  30.  Urola-Kostako Hedabideak S.L. Zerbitzua eta lana euskaraz
  31.  Zarautz Hileta Zerbitzuak S.A. Zerbitzua euskaraz
  32.  Zarauzko Industrialdea S.A. Zerbitzua euskaraz
  33.  Zarauzko AEK Euskaltegia. Zerbitzua eta lana euskaraz

30 entitatek lehendik zuten Bai Euskarari Ziurtagiria berritu dute eta 3 entitate berri egitasmora gehitu dira. Ondokoak dira:

·   EKOLIO Olio Birziklapena

·   Solozabal auto-eskola

·   Maria Etxetxiki Eguneko Zentroko EULEN Sociosanitarios S.A.

 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin