Aukera baliatzen asmatu

robergutierrez-baieuskarari.jpg

Rober Gutiérrez 

 

Euskaraldia aurkeztu da, hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera areagotzeko ekimena. Herritar euskaltzaleak aktibatu nahi dira, hizkuntza ohiturak aldatzeko. Hizkuntzaren erabilerari lotutako ekimena da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortzeko. Halaber, era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatu nahi dira.

Zenbait kontzeptu nabarmentzen ari dira egun hauetako adierazpenetan: ilusioa, elkarlana, batasuna, indarra, konplizitatea... Ematen du, beraz, aurrera egiteko baldintza egokiak egon daitezkeela eta aukera baliatu behar dugula.

Garrantzitsua da, askotan nabarmendu izan dugun bezala, pertsona aktiboaren rola: lehenengo hitza euskaraz eginez, ulertzen dutenekin euskaraz arituz, euskarazko hizkuntza praktikak bultzatuz. Baina espazioak ere behar ditugu: aisialdia, lantokia, harreman komertzialak, ziberespazioa... Gaia eta kezka azaldu eta partekatu behar ditugu. Oraindik ere azaldu behar izaten baitugu zein garrantzizkoa den guretzat espazio guztietan euskaraz aritzea, euskara hizkuntza bizia izango bada. Eta horretarako, aldaketa soziala eragiten lagunduko duten pertsona aktiboak beharrezkoak dira. 

Bestalde, oihartzun handia lortzen ari da ekimena, argazki berria ekarri duelako. Ezohiko batasunaren irudia proiektu baten inguruan, Euskal Herri osoko erakundeak  —Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Elkargoa, foru aldundiak, Eudel eta Uema— eta euskalgintzako erakunde erreferentzialenak batera agertu baitira. Ematen du hainbestetan aipatu den bidegurutzetik ateratzeko aukera paregabea eskaini dezakeela, elkarlanaren bidetik jauzia egin daitekeela. Bidegurutzetik ateratzeko nahia dago eta instituzioen eta euskalgintzaren arteko lankidetzan jauzia emateko sortzen ari diren aukerak baliatzen asmatu behar dugu.

Norbanakoak aktibatzeaz ari gara, baina beste aktoreak ere subjektu aktibo izan behar dira ezinbestean, eta horiek ere aktibatu beharra dago: sektore guztietako enpresak eta era guztietako entitateak, sindikatuak, euskararen sustapenean ari garen erakundeak… bai eta administrazioa ere. Denon inplikazioa behar da, eta ardurak ere partekatu behar dira.

Euskararen biziberritze prozesua soziala eta politikoa da. Ezaguna da, era berean, normalizazio-prozesua irudikatzeko erabili ohi den lau zutabeen metafora: herri gogo indartsuarekin batera, corpus juridiko eta araugintza, plangintza eta baliabide egokiak behar dira Euskal Herri osoan.

Garaia da guztion artean konplizitatea eraikitzeko. Horrek lagunduko du ekimenen arrakasta indartzen, martxan dauden edo etorriko diren bestelako proiektuen eraginkortasuna areagotzen eta sendotzen, eta balio erantsia eskainiko duten irtenbide berriak proposatzen. Aukera dugu hizkuntza ohituretan eragiteko eta espazio guztietan euskararen erabilera areagotzeko. Aukera dugu euskara erdigunerantz eramateko. 


Entzun hemen - 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin