Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa-ekitaldia ospatu dute Gernika-Lumon, 24 enpresa, saltoki eta entitateen euskara maila aitortzeko. Hamargarren urtea da jardunaldia antolatzen duela Bai Euskarari Elkarteak, Gernika-Lumoko euskara saila, Busturialdean euskaraz bizi elkartea, Gernikako AEK, Artez Euskara Zerbitzua eta Seber Altube Ikastolarekin elkarlanean.
Bai Euskarari Elkarteko Olatz Larrinaga hitza hartu du eta eskeri hitzak eskaini dizkie erakunde guztiei, egunero euskararen erabilera sustatzeko egiten duten lana eta horren balioa goraipatu du. Ondoren, Jose Cruz Gurrutxagaren umore monologoak girotu du ekitaldia. Eta jarraian, Busturialdean Euskaraz Bizi elkarteko ordezkariak, Pernan Basterretxeak, Gernikako euskara zinegotziarekin, Marisa Aldamizetxebarriarekin batera, 24 ziurtagirien banaketari ekin diote.
Ziurtagiridunen aitortza
Gernika-Lumoko Ziurtagiridunen artean bostek Zerbitzua eta Lana Euskaraz maila kreditatzen dute; 12k, Zerbitzua Euskaraz; eta gainontzeko guztiek, zazpik, Euskararen Bidean maila. Bai Euskarari Elkarteko arduradunak entitate horien guztien aurrerapausoak azpimarratu ditu; izan ere, esparru horretan egiten den ekarpena txalotzekoa da. Gainera, nabarmendu nahi izan dute, Bai Euskarari komunitatean ziurtagiriaz gain, beste baliabide eta proiektuetan parte-hartzeko aukerak ere badituztela.
Udalarekin elkarlanean
Gernika-Lumoko Udalak eta Bai Euskarari Elkarteak sinatutako hitzarmena dela eta, Udalak beregain hartzen du Ziurtagiridun bakoitzaren kuotaren % 30. Olatz Larrinaga, Bai Euskarari Elkarteko ordezkariak, esker oneko hitzak izan ditu Gernika-Lumoko Udalarentzat eta ekimen hau antolatzen duen Euskalgintzako Batzordearentzat “alor sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiten laguntzeagatik. Urrats biziak ematen jarraitzeko beharrezkoa dugu instituzioen babesa, eta zentzu horretan, eskertzekoa da Gernika-Lumoko Udalaren jarrera”. Eta aurrerantzean, elkarlanean jarraitzeko gonbitea luzatu die Udal ordezkariei.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin