2018an ere, Bai Euskarari

Kontrazala_-_22x27_-_2017_urte_berri_on_2.jpg

2017 urtea atzean uztera goaz, urte berezia Bai Euskarari Elkartearentzat. 10 urte bete eta ospatu ditugu, denbora guzti honetan lan munduaren euskalduntzean eragin dugunagatik eta egiten jarraituko dugunarengatik. 2018an ere, Bai Euskarari esango dugu, Bai Euskarari lanean eta bizitzaren egoera ezberdinetan. 

Azkar igaro zaizkigu hamar urte, eta hamar baino hamaika bizipen ditugu nabarmentzeko, hamaika ekintza eta proiektu burutu ditugulako. Gaur, Bai Euskarari, ziurtagiri bat baino askoz gehiago da: elkarlana, komunitatea, inplikazioa, etorkizuna, elkar-laguntza, eraginkortasuna.... da Bai Euskarari Elkartea, guztion artean garaturiko proiektua, hazten jarraituko dena. 

Alor sozioekonomikoan euskaraz normaltasunez aritzeko baliabideak sortu eta garatu behar dira, ezinbesteko baldintza baita, pertsonak eta espazioak euskararekin betetzeaz gain, baliabideak eta tresnak ere euskaraz egotea eta horiek baliatzea. Testuinguru horretan kokatu behar da Bai Euskarariren ekarpena.

Gogora dezagun 2017an abian jarritako egitasmo batzuk, 2018an ere elikatzen jarraituko ditugunak, denon eskura egon daitezen:

Bai Euskarari Ziurtagiria

Bai Euskarari ziurtagiria duten enpresa guztien segimendua eta ebaluazioak garatu ditugu eta urte berri honetan ere horien bidelagun izaten jarraituko dugu. Helburua da horietan eta inguruan euskararen erabilera eta presentzia sustatzea eta handitzea, eta horretarako, Bai Euskarari elkartetik erraztasunak eman eta emango ditugu: hitzarmenen bitartez, eta bestelako tresna eta baliabideak haien esku jarriz.

Bai Euskarari Sariak 2017 eta 10. urteurrena

Aurten ospakizun bikoitza izan dugu. Urriaren 6an, izar moduan aitortu genituen Bai Euskarari saridunak, Tabakaleran, euskararen alde egindako lanarengatik: Zergatik, Miren Fuldain Farmazia, Joxemari Sors eta Jon Jaka. Gainera, Elkartearen urtebetetzea ospatu genuen ekitaldira hurbildu ziren ehunaka lagunekin. Magiaz beteriko eguna izan zen, mila esker guztioi eta zorionak saridunei.

 

"Lehen Hitzak balio handia du" kanpainaren abiatzea Gasteizen

Bai Euskarari Elkartetik kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat abian jarri dugu Gasteizen, Udalaren babesarekin. Horren helburua da establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik. “Gasteizko euskararen mapa” da proiektu honen muina. Bai Euskarari Ziurtagiridunek osaturiko merkataritza planoa gizartearen eskura jarriko dugu, euskarazko kontsumoa errazagoa izan dadin. Era berean, merkataritza eta ostalaritzako establezimenduak mapan gehitzera animatu nahi ditugu, euskara negozioan txertatzeak dituen onurak ikustaraziz. 

Enpresarean Foroak

2017an arlo ezberdinetako enpresa eta profesional ezberdinen bizipen eta iritziak ezagutzeko aukera izan dugu Enpresarean Foroaren bidez. EGAMASTER, SPRI, Elkar, ULMA…. Euskal Herriko enpresak, elkarteak, entitateak… indartsuak dira, etxean eta mundu mailan ere, erreferenteak. Enpresarean Foroak enpresa horien guztien bizipen, iritzi eta hausnarketak partekatzea du helburu, euskal profesionalen artean. Enpresen arduradunek bat egin dute esan dutenean negozio munduan beharrezkoa dela bereizgarriak identifikatu eta sustatzea, bezeroarekiko arreta hobetu eta zerbitzu edo produktuaren kalitatea hobetzeko. Bide horretan, erakutsi digute euskara enpresa munduan txertatzeak onura argiak ekartzen dituela, barne zein kanpo harremanetan. 2018 an ere, Enpresarean Foro digital eta presentzialak egiten jarraituko dugu; eta, gainera, ez ahaztu Enpresarean Azoka ekitaldia izango dugula, bi urtean behin ospaturiko topaketa profesionala.

Hona hemen azken Foroa, EGAMASTER enpresarena:

Lansarean

2016an berritu genuen www.lansarean.eus lan-ataria, enpresa edota profesional euskaldunak ezagutzeko aukerak errazten jarraitzeko asmoz. Milaka lan-eskaintza jaso ondoren, diseinu eta funtzionalitate berriekin, geroz eta gehiago dira euskarazko lana topatzen duten hautagaiak eta hautagai euskaldunak topatzen dituzten enpresak.

#BaiPraktikaEgokia

Zeintzuk dira praktika egokiak eta eredugarriak Bai Euskarari Elkartearen arabera? Zer egin beharko luke egoki jardun nahi duen entitateak? Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko dauden irizpideei jarraiki, lau eremutan jaso dugu euskararen erabilerari dagokionez egoki aritu nahi duten enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek egin beharreko bidea.

Hizkuntzaren ebaluazio eta hobekuntzarako tresna azkar eta erraza, erakundeen hizkuntza-egoeraren diagnosia egiteko aplikazioa. Edozeinek bete dezake www.baieuskarari.eus atarian dagoen sei urratseko galdetegi sinplea, erakundearen euskara maila zein den jakin eta hobekuntza prozesu bat hasteko. Sistema honen bidez tramite, dokumentazio, epe luze eta abarrei agur esan eta hiru minutura laburtu ahal izango dute hizkuntza-egoera aztertzeko prozedura. Sei pausotan. Azkar eta erraz.

         

Lanabes - Araban Euskara Lanean

Nabarmentzeko modukoa da “Lanabes – Araban Euskara Lanean” proiektuaren bitartez Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia handitzeko lortutako emaitza, partaideon inplikazioak, elkarrekin lan egiteak eta elkarrekiko aitortzak eta onarpenak arrakastarako duten garrantziaren adierazle. Besteak beste, azken hilabetean, baliabideen atala sortu, abian jarri dugu enprpesetan euskararen erabilera areagotzeko pilotajea, eta praktika egokien jarraibideak zabaldu ditugu enpresen euskalduntze prozesua errazteko helburuarekin.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin