Enpresarean.eus atari berrituak profesionalen sarera gonbidatzen zaitu

Bai Euskarari Elkarteak euskal enpresei eta profesionalei zuzenduriko Enpresarean proiektuaren webgunea berritu du

Enpresarean_web_berria_iragarkia_4.jpg

Euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatu nahi dira, 2012tik, Enpresarean proiektuaren bidez. Bi urtean behin antolatzen den Enpresarean azoka, Enpresarean Foroa eta Enpresarean.eus webgunea dira egitasmoaren ardatz.

Bai Euskarari Elkarteak Enpresarean.eus, euskal profesionalei eta enpresei zuzenduriko webgune berritua aurkeztu du, haien artean baliabideak, esperientziak edo jakintzak partekatzeko, elkarlana errazteko edo negozio-ideiak sustatzeko helburuarekin.

Webgunea Enpresarean proiektuaren zutabe moduan aurkezten da, eduki interesgarria modu irekian partekatzeko erakusleiho gisa. Profesionalek eta enpresek funtzionalitate hauek, besteak beste, izango dituzte gailu ezberdinetan erabili ahal izateko: Enpresarean TB, agenda profesionala, formaziorako aukerak, enpresa munduko berriak eta sareko parte izateagatik aukera bereziak.

Enpresarean TB, nahieran

Enpresarean TB da berrikuntza nabariena webgune berrituan, Bai Euskarari Elkarteak martxan jarritako telebista berezia. Ikus-entzunezko biltegi bat ere izango du. Bertan, Enpresarean proiektuaren markoan garaturiko ekitaldi guztiak (enpresa azoka, foro, hitzaldi, ikastaro...) egongo dira ikusgai. Gainera, aurreratzean, datozen ekitaldien berri emango du, agendan jaso eta zuzenean izena emateko aukera izateko.

Ekitaldien formatuari dagokionez, pauso bat aurrera eman eta, ekitaldi presentzialak ez ezik, ikastaro, hitzaldi eta foro digitalak ere eskainiko dira, Enpresa ezberdinen etxeetatik, mundu osora. Nahi duenak zuzen-zuzenean ikusi ahal izango du eta, bestela, ondoren ere, saioa Enpresarean TB ataletik zabalduko da.

Helburua da euskal profesionalek eta enpresek, euskarazko eduki profesionalak nahieran izatea, nahi dutenean, nahi duten lekutik, nahi duten unean.

Agenda profesionala

Ekitaldi guztiak, digitalak edo-eta presentzialak, profesionalei egokituriko agenda batean jasoko dira. Hori horrela izanik, erabiltzaileek hilero ekitaldi interesgarriak egutegian gorde eta enpresa sareko harremanak areagotzeko aukera izango dute. Aipagarria da, era berean, agenda horretan ez direla soilik Enpresarean proiektuko ekimenak zabalduko; sareko profesionalek agenda horretan euren proposamenak argitaratu eta partekatu ahal izango dituzte.

Helburua da, euskaratik eta elkarlanetik agenda profesional bat sortzea, euskal enpresen eta profesionalen arteko sarea ehundu eta hartu-emana sustatzeko.

Enpresa munduko berriak

Webgune berriak blog-a mantenduko du, non sareko parte-hartzaile guztiek eduki interesgarriak modu irekian partekatzeko aukera izango duten. Bertan jasoko dira hainbat gairen inguruko albisteak, esate baterako: euskara eta enpresa, enpresarean azoka, enpresarean foroa, ekonomia, hitzaldi bereziak, ikastaroak, etab.

Parte-hartu enpresa sarean

Profesionalen komunitatean sartzea oso erraza da. Webgunearen bidez egin behar da izen-ematea, profesional edo-eta enpresa bezala. Hori egindakoan, erabiltzaileak sareko profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izango du, bai eta ideiak, iruzkinak, iritziak, eskakizunak... partekatzeko ere. Gainera, aurretik esan bezala, ekitaldi bereziak agenda profesionalean sartzeko eta blogean berri interesgarriak argitaratzeko aukera izango du, bai eta webgunearen bitartez saio formatiboak edo hitzaldiak eskaintzeko aukera ere.

Martxoaren 2an, bizi-bizian: Talentua erakarri.

Enpresarean.eus martxan jarri berri, dagoeneko iragarri du bere lehenengo zuzenekoa. Arteman Komunikazioa kooperatibako zuzendaria den Gorka Etxabek marka eta talentuaren erakartzearen inguruko hitzaldia eskainiko du martxoaren 2an, zuzen-zuzenean, enpresaresarean.eus webgunean bertan. Ez dago aurretik izena eman beharrik, interesa duenak egunean bertan webgunean sartuta ikusi ahal izango du saioa.

 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin