Lehen Hitza euskaraz egitearen garrantzia erakutsi digute ARASKI-ko, Arabako Emakumeen Saskibaloi taldeko, Cristina Molinuevo eta Ane Aldadur jokalariek. Gasteizen gaztelera-euskara arteko kontrastea nabarmena dela esan diguten arren, euskaraz ikasi, bizi, lan egin eta kontsumitzeko deia egin dute, euskarak aberastu eta bereizten gaituela adieraziz.
Cristina Molinuevo
“21 urte ditut eta Gasteizkoa naiz. Zortzi urte nituela hasi nintzen saskibaloira jolasten eta gaur egun Araski taldeko jokalaria naiz. Horretaz aparte, EHU-ko unibertsitatean medikuntza ikasten ari naiz eta laugarren kurtsoan nago. Espero dut orain arte bezala jarraitzea, saskibaloia eta ikasketak biak batera egiten”.
Ane Aldalur
"28 urte ditut eta Donostiarra naiz baina orain Gasteizen bizi naiz. Elikagaien teknologia ikasi nuen EHU-n eta, gaur egun, unibertsitatean lan doktoretza tesia egiten nabil. Nire hirugarren urtea da Araski saskibaloi taldean eta hegaleko postuan jokatzen dut".
Molinuevok betidanik jokatu dut Araski taldean, sortu zenetik. Aitarekin joaten zen txikitan ahal zen guztietan jaurtiketak egitera. Baskoniako kideak ziren biak, ez zuten partidu bat ere galtzen. Zaletasuna ez zaio itzaliko ARASKIren jokalari gazteari.
Aladurrek ere aitortu digu saskibaloiarekiko zaletasuna txiki txikitatik datorkiola, familian beti jokatu izan delako eta aita goi mailako saskibaloi entrenatzailea izan zelako. 2015an sartu zen Araski taldean, Donostian eta euskal selekzioan egon ondoren. Lehenengo urte horretan, izugarrizko lana egin ondoren, mailaz igo eta, lehenengo urtean Erreginaren kopa eta play-off-ak jokatu zituzten. Ez zuen horrelakorik espero Araskin sartzeko gonbite deia jaso zuenean.
Elebidunak izatea zerbait aberasgarria bezala ikusten dugu eta euskaldunon kultura identitate bereizgarria izanik, hizkuntza erabili eta zaindu egin behar dugu.
Nolakoa da zuen egunerokotasuna taldean? Harremanak euskaraz egiten al dituzue?
Nahiko zaila da taldekide guztiok gaudenean euskaraz edota batzuetan gaztelaniaz hitz egitea, batzuk atzerritarrak baitira. Hala ere, saiatzen gara haiei ere gutxienez “kaixo”, “agur”, “eskerrik asko”, eta horrelakoak erakusten. Bigarren entrenatzailearekin ere bakarrik euskaraz hitz egiten dugu normalean eta momentu puntualetan dakigunon artean euskaraz egiten dugu.
Gasteizen, erosketak egiterako garaian, lehen hitza euskaraz egiten duzue? Eskertzen duzue euskaraz artatuak izatea? zergatik?
(CM) Gasteizeko egoera sozio-linguistikoa ikusita, gaztelaniaz hitz egiteko joera daukagu. Dena den, denda batean euskaraz hitz eginez gero, asko eskertu eta baloratzen dugu. Denok zerbait arrunta bezala ikusi beharko genuke.
(AA) Nik normalean lehenengo hitza euskaraz egiten dut baina Gasteizen normalean gaztelaniaz erantzuten didate berehala. Diferentzia oso nabaria da Donostiarekin konparatuz gero, eta uste dut pena handia dela kontsumo ohiturak euskaraz egiteari galtzea, azken finean kalean hasi eta bultzatu behar da euskararen erabilera.
Uste dugu guztion elkarlanarekin euskara geroz eta gehiago erabiltzea posible dela.
Zein balio du zuentzat euskarak egunerokotasunean?
Gure bizitza osoan zehar, euskaraz ikasi dugu. Beraz, lanean eta arlo akademikoan dena erlazionatzen dugu euskararekin. Arlo pertsonalean, lagunekin euskaraz egiten dugu eta oroitzapen oso politak ditugu hizkuntza honekin lotuta. Era berean, elebidunak izatea zerbait aberasgarria bezala ikusten dugu eta euskaldunon kultura identitate bereizgarria izanik, hizkuntza erabili eta zaindu egin behar dugu.
Nolakoa da zuen ustez Gasteizko egoera euskararekiko eta nola irudikatzen duzue etorkizuna?
Gure ustez, egoera hobetzen ari den arren, lan handia dago oraindik egiteko. Uste dugu jende askok beldurra edota lotsa diotela euskaraz hitz egiteari eta beraz nahiago dutela gazteleraz egin. Etxeko txikiekin beti dago euskaraz hitz egiteko ohitura gehiago baina ez da egunerokotasunean, lan arloan edo lagun artean aplikatzen; beraz, askotan arazoa ez da euskaraz egiten ez jakitea, baizik eta ohitura eta erosotasun kontua. Uste dugu guztion elkarlanarekin euskara geroz eta gehiago erabiltzea posible dela.
Zer esango zeniekete Gasteizko merkatariei lehen hitza euskaraz hartzera animatzeko? eta kontsumitzaileari?
Egoera hobetzen ari den aldetik, gero eta jende gehiagok ezagutzen duela euskara. Hori dela eta, komenigarria izango litzatekela euskara gero eta gehiago erabiltzea inongo beldurrik gabe. Batzuetan hitz egitean akatsak egiteari beldurra dio jendeak eta horregatik ez da euskara erabiltzen egunerokotasunean, eta beraz, ohitura galdu egiten da. Ez beldurrik izan euskaraz akatsak egiteari eta saia gaitezen denok batera euskara merkatu eta dendetan normaltzat hartzen!
"LEHEN HITZAK BALIO HANDIA DU" KANPAINA
Bai Euskarari Elkartetik kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat abian jarri dugu Gasteizen, Udalaren babesarekin. Horren helburua da establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin