Barañaingo 39 entitatatek jaso dute Bai Euskarari Ziurtagiria

Bai Euskarari Elkarteak hamaseigarren urtez banatu ditu Ziurtagiriak Barañaingo 39 saltokiek, enpresek eta era guztietako entitateek euskararen alde emandako pausoen aitortza gisa

Ziurtagiridun-berriak-barañain-baieuskarari.jpg

Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa-ekitaldia ospatu dute Barañainen, 39 enpresa, saltoki eta entitateren euskara maila aitortzeko. Barañaingo Udaletik, Oihane Indakoetxeak, alkateak eta, Bai Euskarari Elkartetik, Rober Gutiérrez-ek, zuzendariak, eman zituzten bereizgarriak eta nabarmendu zuten entitateen lan eredugarria eta horien borondate eta konpromisoari esker emandako urratsak.

Geroz eta gehiago dira euskararen balioaz ohartarazten ari diren entitate, saltoki eta enpresak, bizitzan eta lan esparruan. Horren adierazle da aurtengo zifra: 39 ziurtagiridun, hain zuzen ere. Ekitaldiko gonbidatuak, protagonistak izan zirenak, ilusioz jaso zuten errekonozimendua eta argi adierazi zuten Bai Euskarari Elkartearen laguntzarekin euskararen bidea egiten jarraituko zutela.

Rober Gutiérrez-ek esker hitzak eskaini zizkion Barañaingo Udalari, euskara zerbitzuari eta IKAri, euren eskuzabaltasuna nabarmenduz. Nola ez, eguneko protagonistak, ziurtagiridunak, zoriondu zituen eta “subjektu aktibo” izatearen garrantzia azpimarratu zuen: “Sektore guztietako enpresak eta era guztietako entitateak, sindikatuak, euskararen sustapenean ari garen erakundeak, administrazioa… denon inplikazioa behar da euskararen erabilera areagotzeko, bere presentzia alor sozioekonomikoko espazioetan handitzeko, eta ardurak ere partekatu behar dira”.

Lau entitatek ziurtagiriaren maila gorena jaso zuten “Zerbitua eta Lana Euskaraz” maila, alegia; horrek bermatzen du entitate horiek euskara dutela lan-hizkuntza eta, era berean, euskarazko zerbitzuak eskaintzen dituztela; bestetik, bederatzi entitatek “Zerbitzua Euskaraz” maila eskuratu zuten eta, azkenik, 26 “Euskararen Bidean” maila. Lortutako emaitzarekin harro daudela erakutsi zuten guztiek.

Gogotsu itxi zuten ekitaldia eta Bai Euskarari Elkarteak mezu zuzen bat helarazi zion komunitateari: “Bai Euskarari, ziurtagiri bat baino gehiago da”. Bai Euskarari Elkarteak ziurtagiriarekin euskararen aldeko lana balioan jartzeaz gain, komunitatea sendotzeko lanean dihardu eta horren eskura jartzeko proiektuak eta baliabideak etengabe eguneratzen ditu.

 

 

 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin