"Enpresek eta proiektuek komunikaziorako aukeratzen dugun hizkuntzak garrantzia handia du. Bereizten gaituen hautua da"

Mintzanet - Bai Euskarari Sarean Ziurtagiriduna

Ainara_Loiarte_eta_Cristina_Tapia.jpg

Ainara Loiarte eta Cristina Tapia - Mintzanet


Bai Euskarari Sarean ziurtagiria aureztu berri dugu, zerbitzu eta produktuak euskaraz eskaintzen dituzten denda eta webguneak bereizteko helburuarekin. Horietako bat da Mintzanet proiektua, 2013. urtean euskara erabiltzeko sorturiko plataforma digitala. "Zerbitzua euskaraz - Sarean" maila eskuratu dute, eta esan digutenez, euren lana errekonozitzeko eta balioan jartzeko bereizgarri garrantzitsua da. Mintzaneteko Ainara Loiarte eta Cristina Tapiarekin izan gara, ingurune digitala, euskara eta horren balioari buruz hitz egiteko.

Zer da Mintzanet eta nola sortu zen plataforma martxan jartzearen beharra?

Mintzanet euskara Internet bidez eta doan praktikatzeko aukera da. Donostian sortu zen 2013. urtean, maramara* hizkuntza zerbitzuak enpresak kudeatzen du eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza jasotzen du. Alde batetik, bidelagunak daude (euskaraz ongi dakiten laguntzaileak); eta bestetik, bidelariak (euskara praktikatu behar dutenak). Lehenbizikoek ez dute titulurik behar; bigarrenek, A2 altua-B1 maila beharko lukete parte hartu ahal izateko. Esan bezala, elkarrizketak on line dira eta horrek abantaila asko ditu.

Mintzaneteko lantaldearen jardueraren % 100 euskaraz da, gure webgunea euskaraz dago eta gure komunikazioa eta harremanak euskaraz dira. Hori errekonozitzen duen ziurtagiri bat lortzeak gure lana borobiltzen duela uste dugu.

Euskarak eta Internetek bat egiten dute? Zuen ustez, nolakoa da euskararen egoera Sarean?

Gure esperientziaren arabera, gero eta presentzia handiagoa dauka euskarak Sarean. Eta hori da bidea. Egia da, oraindik ere, ohitura asko aldatu behar ditugula, baina aukera gehiago dago eta eskaera handitzen den heinean, eskaintza ere handituko da. Nahiz eta poliki, garrantzitsuena gauzak egitea da, bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan.

Posible da hizkuntza bat, kasu honetan euskara, on line ikastea? Nolakoa da prozesua?

Mintzaneten ez da euskara ikasten, praktikatu egiten da. Proiektuak ez du helburu didaktikorik, horretarako beste bide batzuk daude. Hemen bilatzen eta lortzen duguna lotsa kentzea da, soltura irabaztea. Eta Internetek izugarrizko malgutasuna ematen du horretarako: edozein lekutan eta edozein ordutan hitz egin dezakezu. Muga guztiak gainditzen dira. Gainera, elkarrizketak bi pertsonen artean direnez, hitz egitea derrigorrezkoa da. Horregatik, bidelariak egiten duen aurrerapausoa oso handia da, adibidez, urtebeteko epean (ulermen mailan, jariotasunean...).

Nolakoak dira zuen zerbitzua “kontsumitzen” dituzten erabiltzaileak? Zergatik egin beharko genuke jauzi off line-ko zerbitzuetatik on line dagoen plataforma batera?

Mintzaneteko erabiltzaileak anitzak dira. Euskal Herrian % 80 dago; eta atzerrian gainontzekoa. Gazteak, helduak, eta adineko pertsonak daude, emakumezkoak (% 60) eta gizonezkoak (% 40). Gure ustez, horrek erakusten gaitu off line eta on line kontzeptuak ezin direla dikotomia moduan planteatu. Gure proiektua beste gauza askoren osagarri da. Hori bai, gaur egun, pertsona batzuek daramaten bizimodurako egokiagoa izan daiteke, esan bezala, oso malgua baita.

Gure esperientziaren arabera, gero eta presentzia handiagoa dauka euskarak Sarean. Eta hori da bidea.

‘Bai Euskarari Sarean’ ziurtagiria eskuratu duzue. Zergatik eta nola lortu duzue?

Mintzaneteko lantaldearen jardueraren % 100 euskaraz da, gure webgunea euskaraz dago eta gure komunikazioa eta harremanak euskaraz dira. Hori errekonozitzen duen ziurtagiri bat lortzeak gure lana borobiltzen duela uste dugu. Bai Euskarari proiektuaren helburuekin bat datoz Mintzanetenak. Eta zuen egitasmoak daukan prestigioak, nolabait, gure lana bedeinkatzen duela pentsatzen dugu.

Zuen ustez, zeintzuk dira  Bai Euskarari Elkarteko komunitatearen parte izatearen onurak? Aholkularitza, baliabideak, jarraipena...?

Bide bat egin dugula erakusten digu, eta, batez ere, hemendik aurrera gure helburuak zeintzuk izan behar diren elkarrekin markatuko ditugu. Batzuetan, eguneroko lanean murgiltzen gara eta ez dugu denborarik gelditzeko eta egoeraren eta helburuen inguruko hausnarketa egiteko. Horregatik, zuen ekarpenak funtsezkoak izango direla uste dugu.

Zergatik hautatu beharko luke erabiltzaile batek euskarazko edukiak bermatuko dituen webgune bat?

Sarean dagoen informazioa eta zerbitzuak erdaraz jasotzera ohituta gaude. Baina, gero eta gehiago, Interneten ere, jendeak euskaraz lortu nahi ditu edukiak. Enpresek eta proiektuek komunikaziorako aukeratzen dugun hizkuntzak garrantzia handia du. Bereizten gaituen hautua da.

Dei bereziren bat egin nahiko zenukete?

Bai. Mintzaneten bidelagunak (laguntzaileak) behar ditugu. Jende asko zain dago, euskara praktikatu nahi dute eta, une honetan, ez dute zeinekin. Beraz, norbaitek euskarari bultzadatxo bat eman nahi baldin badio, eman dezala izena. Ez da damutuko. www.mintzanet.net

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin