Bai Euskarari Sarien ekitaldiaren data eta lekua finkatu ditugu; ekainaren 22an izango da Tabakaleran, 14:00etan. Aurten ere ospakizun eta elkartasun giroa bermatuak egongo dira. Udara hasiera eta ekaineko solstizioa nahikoak izango dira euskarari eta euskararen erabilera sustatzeko lanean ari direnei argia emateko.
Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua eta sari hauen bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi ditugu, modu berezi batean, elkartasun eta Bai Euskarari komunitatearen berotasunetik.
Aurreko urteetan bezala, hiru sari banatuko dira: Bai Euskarari ziurtagiria duten bi entitatek Bai Euskarari Saria jasoko dute eta hirugarren saria Bai Euskarari Laguna izango da, Euskal Herriko pertsona batek jasoko duen saria, bereziki alor sozioekonomikoaren espazioetan euskara sustatzearen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik.
Irabazleak aukeratzeko garaian, publikoaren proposamenak ere hartuko dira aintzat eta ondoren, Bai Euskarari Elkartearen zuzendaritzatik hiru saridunak hautatuko ditugu. Publikoak ondorengo galdetegiaren bidez aukeratu dezake irabazle izateko hautagaia:
https://goo.gl/forms/DjkQTcSmASnBUCSV2
Bai Euskarari Elkarteak ekainaren 22a agendan gordetzeko deialdia egin du eta maiatzaren 28an zabalduko du ekitaldira bertaratzeko izen-emateko epea.
Bai Euskarari Sarien bidez euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi ditu Bai Euskarari Elkarteak. Izan ere, Bai Euskarari Ziurtagiria-z gain, euskal komunitate profesionala sendotu eta hizkuntza integratzeko bideraturiko espazioak, baliabideak eta tresnak sortu eta garatzeko dihardu elkarteak, elkarlanean. Besteak beste, Enpresarean, Lansarean lan-ataria eta Lanabes, Araban Euskara Lanean dira martxan jarritako egitasmoak.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin