Bai Euskarari Elkartea, Euskaraldiarekin

fotonoticia_20180531122410_640.jpg
  • Euskal Herriko eremu profesional askotariko 70etik gora entitatek atxikimendua eman diote Euskaraldiari; Bai Euskarari Elkartea izan da horietako bat.

  • Euskaraldiaren 2018ko jomuga herritarak aktibatzea bada ere, herritarrek bizitza entitateei lotuta egiten dute (elkarteak, enpresak, erakundeak…) horregatik horiek ere euskaraz hitz egiteko inguru abegikor bilakatzea garrantzitsua da.

  • Entitateek sustatzaile gisa zortzi urratsetako ardura protokoloa jarraituko dute.

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialari atxikimendua eman dioten 85 bat entitateetatik 55 baino gehiagoko ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria den Rober Gutiérrez ere, bertan izan da. Hitza hartu dute: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Arrate Illaro, Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzaileak; Ignacio Lekunberri, Mutualiako gerenteak; Jose Maria Eizagirre, Fagorreko lehendakaritza batzordearen ordezkariak; eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak. Miren Dobaran sailburuordeak entitateen konpromisoaren garrantzia azpimarratu du gaurko aurkezpenean: “Euskaraldia arrakastatsua izan dadin, ariketa sozial honek hainbat bidelagun behar ditu. Hiztunak aktibatzeko aliatuak behar ditugu, eta gaur gurekin dauden entitateek norabide horretan lagunduko gaituzte. Herritarrek entitateei lotuta egiten dute beren egunerokoa: elkarteetan, enpresetan, kirol elkarteetan, aisialdi taldeetan… Eta Euskaraldiarekin bat egin duten entitateek ekimena zabaltzen eta sustatzen laguntzeko konpromiso argia hartu dute”. Arrate Illarok laburbildu ditu gakoetako batzuk: “Euskaraldiko entitate sustatzaileek herritarrei bidea erraztuko diete beren eremuan ahobizi eta belarriprest gisa hizkuntzaren erabileran urratsak eman ditzaten. Horretarako, ekimenaren zabalkundea egin, kideak aktibatu, eta ariketa egiteko baliabideak eskainiko dizkiete.”

Ignacio Lekunberrik inguruari erreparatu dio: “Gizarte batean bizi diren enpresek gizarte horretan erabiltzen den hizkuntza erabili behar dute.” Jose Mari Izagirren hitzetan horren adibidea: “langile asko eta askorentzat Fagor da beraiek euskaraz egiteko daukaten espazio bakarra, eta hori jakinda, are arrazoi gehiago ditugu gure plantetan Euskaraldia antolatzeko.” Elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Izaskun Landaidak: “Euskaraldia batasun eta elkarlan horren adierazpen bat da. Denak batera helburu berdina lortzeko. Emakundetik Euskaraldia babesten dugu, eta Euskaraldian agente aktibo izan nahi dugu, izan ere, erakunde publikoek erantzukizun berezia dugu euskararen erabileraren sustapenean...”

Euskararen erabilerari dagokionez herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen ariketan parte hartzeko Euskal Herri osoko 350 herritik gora eman dute izena eta entitateen artean 70 baino gehiago zenbatu daitezke. Egunez egun gero eta herri eta entitate gehiago ari dira ekimenera batzen, beraz, hazten jarraituko duen zerrenda da. Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialaren helburua herritarrak badira ere entitateen zeregina garrantzitsua izango da. Izan ere, herritarren bizitzari lotuta daude entitateak eta erakunde publikoetan, euskararen gizarte erakundeetan zein bestelako enpresa eta erakundeetan hizkuntzaren aktibazioa bermatzeko, inguruko abegikorrak sortzea funtsezkoa da.

Zer egin dezakete entitateek, norbanakoak ahobizi eta belarriprest izan daitezen?

Hona hemen entitateek Euskaraldian parte hartzeko jarraituko dituzten zortzi urratseko zerrenda.


1. Kideei (langile, bezero eta bazkideak) ekimena aurkeztu eta parte hartzeko gonbidapena egin.
2. Entitateko kideei parte hartzeko ahobizi eta belarriprest txapak eskaini.
3. Entitateko kideei ekimena gauzatzeko prestakuntza eskaini.
4. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, harrera egiten dieten pertsonak ahobizi edo belarriprest gisa identifikatu, eta posible den guztietan harrera euskaraz egin.
5. Ekimenaren herriko antolakuntza batzordean parte hartu edo batzordearekin koordinatuta egon (herrian batzordea dagoen kasuetan).
6. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra espazioa girotu, ekimena ikusgarri egin eta parte hartzaileei aholkuak emateko.
7. Hamaika egun horietan hizkuntza praktikarako sortzen diren zailtasunak identifikatu eta jaso, gerora konponbidea emateko.
8. Aurrera begira hamaika egunetako praktika horiek posible izan daitezen ibilbidea zehaztea.

 


Iturria: Euskaraldia

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin