“Hazten jarraitu nahi dugu, gero eta pelikula interesgarriagoak eginez”

JON GARAÑO eta AITOR ARREGI

garaño_arregi.jpg

Aurten lagun bereziak ditugu Bai Euskarari sarietan, euskararen lagun handiak. Euskal kulturaren eta zinema-industriaren ordezkari bilakatu dira azken urteotan Jon Garaño eta Aitor Arregi, Handia filmeko eta Moriarti ekoiztetxeko zuzendariak. Ez dakite euskal zinemaren industria, Altzoko erraldoia bezala, etengabe haziko ote den, baina badakite gero eta pelikula hobeak egin nahi dituztela eta euskara nazioarte mailan kokatzeko lanean jarraituko dutela.

 

Euskararen lagunik hoberenak izan zarete alfonbra gorrian, euskal zinemaren ordezkariak. Bai Euskarari Laguna Saria, zuena da.

A: Saria jasotzea oso polita izan da, poz handiz hartu dugu. Gure ustez, Handia pelikularen bidez espazio mediatiko eta publikoetan euskararen presentzia nabarmentzea lortu dugula adierazten du aitortza honek.

Goya Sarien historian sari gehien jaso duen hirugarren filma da Handia eta izar ospetsuenen artean ospatu duzue. Nola bizi izan duzue?

J: Sari asko jasotzeko zortea izan dugu eta nabarmenenak Goyak izan dira. Bakoitzak oso modu ezberdinean bizi zuen; nire kasuan, pozez eta zorion handiz, ez nuelako espero 10 Goya irabaztea, baina arraroa ere egin zitzaidan, oso azkar pasa zelako eta taldearekin ospatzeko denbora gutxi izan nuelako. Adibidez, poztasun bereziagoa sentitu nuen Donostiako Zine

maldiko saria jaso nuenean; baina, dudarik gabe, oso polita izan zen Goyetan taldekide guztiak saria jasotzen ikustea eta horregatik bakarrik merezi izan zuen.

“Amama”, “Loreak”, “Handia” eta abar pantaila handietara eraman dituzue. Argi izan zenuten hasieratik euskaraz lan egingo zenutela?

A: Istorioak eta lekuak erabiliko den hizkuntza baldintzatzen dute. Gure kasuan, euskaldunak gara eta “ehizatu“ nahi izaten ditugun istorioek hemengo oinarria dute. Argi genuen euskaraz lan egingo genuela, istorioarekin koherentea izango zuelako.

J: Lengoia zinematografikoa funtsezkoa da, baina istorioak baldintzatzen du pertsonaiak zein hizkuntzatan mintzatzen diren. Hizkuntzaren erabilera tramaren parte da gure azken pelikulan. Horregatik ere, hemengo publikoak pelikula bere osotasunean eta ñabardura guztiekin gozatuko du.

“Handia pelikularen bidez espazio mediatiko eta publikoetan euskararen presentzia nabarmentzea lortu dugula adierazten du aitortza honek”.

Interneten iritzi hau irakurri dugu: “Tim Burton euskalduna izan balitz, Handia filmatuko zuen”.

A: Ez dakit. Polita da horrelako gauzak irakurtzea, baina askotxo esatea iruditzen zait. Tim Burton-ek, bere gorabeherekin, hainbat maisulan egin ditu, tartean “Edward Scissorhands”; agian horregatik lotu gaituzte zuzendariarekin. Edozein modutan ere, gure pelikulek Tim Burtonen mundua iradokitzea lortu badute, piropo bezala hartzen dugu.

XIX. mendean bizi izan zen Altzoko Handiak mundua zeharkatzea lortu duzue. Ez da gauza makala. Netflix-en ere ikusi dezakegu. Zer dio munduak Altzoko erraldoiari buruz?

J: Denetarik dago, eta hori ona da, badakigulako ez dela publiko guztientzako pelikula bat. Hasieran dudak sortu zitzaizkigun ez genekielako nazioartean ondo ulertuko zen, baina lasai eta pozik gelditu ginen Donostiako Zinemaldiko nazioarteko epaimahaiaren sari berezia eman zigutenean eta Londresen aurkeztu eta balorazioa jaso genuenean. Eta, nola ez, Netflix-en egotea oso ona da, guretzat eta pelikularentzat, jende gehiagori pelikula ikusteko aukera eskaintzen baitio.

2,42 metro neurtzen zituen pertsona bat pantailara eramatea ez dirudi batere erraza. Zeintzuk izan dira produkzio lanetan topaturiko zailtasun eta erronka nagusiak?

A eta J: Erraldoiaren sinesgarritasuna lortzea izan da pelikula honetako erronka nagusia; izan ere, publikoaren begietan, pertsonaia fantastiko bat baino, gizon altu bat irudikatu nahi genuen, diskretua. Horretarako, ezinbestekoa izan da lantalde osoaren lana. Alde batetik, nabarmentzekoa da Eneko Sagardoyk izan duen gaitasuna Joakinen paperean barneratzeko eta erraldoia sinesgarri egiteko; era berean, ezin dugu ahaztu Ainhoa Eskisabel eta bere taldearen makilaje eta ileapaindegi lanak, pertsonaiaren karakterizaziorako behar-beharrezkoak izan direnak. Horretaz aparte, ezinbestekoa izan da 2,32 metroko ordezko batekin lan egitea eta efektu digitalen bidez eszena zail batzuk hobetzea. Guztiaren konbinazioari esker lortu dugu erraldoi sinesgarria.

Bai Euskarari Sariek Jonen eta Aitorren izenak badaramatzate ere, badakigu taldean irabaziak eta merituak partekatzen dituzuela. Zerbait berezirik esango zeniekete “lan-lagun handi” horiei?

J: Nola ez. Beti esaten dugu pelikulak lan-talde oso baten emaitza direla, ez bi zuzendarienak, ez fokoan dauden aktoreenak ere. Pelikulak egiteko behar ditugu: argazki zuzendariak, kamera laguntzaileak, jantzien arduradun eta diseinatzaileak, soinu teknikariak, elektrikoak... talde handia dago. Horregatik, saria Moriarti ekoiztetxearen talde inplikatuarentzat da. Era berean, ezin ditugu ahaztu urte guzti hauetan bidelagun izan diren: Irusoin ekoizleak, Kowalski Films, Koldo Zuazua... pelikula hau egiteko horien laguntza ezinbestekoa izan delako. Eta, nola ez, dirua jarri duten guztiei. Askotan, fokoan bi zuzendariak gauden arren, lan-talde oso handia dago gurekin.

“Handia pelikularen bidez espazio mediatiko eta publikoetan euskararen presentzia nabarmentzea lortu dugula adierazten du aitortza honek”

Bikote guztiek bezala, gazi-gozoak biziko dituzuenez, zeintzuk izan dira Garaño eta Arregi bikotearen momentu on eta txar nabarmenenak?

A: Errodajean egoten dira tentsio momentuak, baina pertsonalki okerrago pasatzen dut edizio garaian, buelta asko ematen dituzulako, eta zentzu horretan, egoera zailak pasa ditugu, ez bikote moduan, baizik eta talde moduan. Momentu onei dagokionez, pozgarria eta ederra da ikustea, sufrimendu eta tentsio ugariren ondoren, Donostiako Zinemaldira iritsi ginenetik aurrera egindako ibilbidea. Gazi-gozoak eman dizkigu pelikulak; gaziak baino... gozoak.

Pelikulak dionez, “inor ez da etengabe hazten”. Edo, bai?

J: Pelikulak hori dio, baina gero ikusten da badagoela pertsonai bat etengabe haziko dena. Gizartean ere hori gertatzen da, batzuk haziko dira eta beste batzuk, ezin aurrera egin, geldirik geratuko dira. Nik uste dut nahi izatea dela garrantzitsuena eta guk hori behintzat badugula; hazten jarraitu nahi dugu eta gero eta pelikula interesgarriagoak egin nahi ditugu. Euskal kulturaren industria ere, etengabe haziko al da?

A: Ez dakit… dakidana da egiten ari garen bidea ez dela txarra; uste dut proposamen ederrak egiten ari direla sortzaileak, kulturaren alor desberdinetan. Baina herri, hizkuntza eta kultura txiki batez hitz egiten ari garen heinean, ez dakit etengabe haziko den. Uste dut batzuetan haztea eta besteetan mantentzea edo atzera egitea tokatuko zaigula. Kuantitatiboki hazi baino, kualitatiboki hazi behar dugu. Euskal kulturan, gure desio nagusia da ikustea beste kultura batzuetan eskaintzen eta sortzen diren den produktuak hemen ere egin daitezkeela.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin