"Euskara errespetatu eta kontuan hartzeak hizkuntzaren normalizazioan eragin zuzena du"

baieuskarari-elkar-lehenhitzaues.jpg

Bai Euskarari Ziurtagiria duen Gasteizko Elkar-ek irabazi du Aenkomerek antolaturiko “Arabako Udaberriko Erakusleiho lehiaketaren” saria, eskaparatean euskara sustatzeagatik. Ane Agirregomezkortak jaso zuen aitortza erakundearen izenean eta berarekin egon gara euskarak merkataritzan duen presentziari buruz hitz egiteko. Elkar-ek Bai Euskarari Elkarteak, Gasteizko Udalarekin batera, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia areagotzeko abian duen #LehenHitzaEUS kanpainan eta horren baitan sorturiko Gasteizko euskararen mapan parte-hartzen du.

Ane Agirregomezkorta - Elkar Gasteiz

Aurten bigarrengoz AENKOMER merkatari federazioak emandako saria jaso duzue, nola hartu zenuten berria?

Pozik, horrelako berriak beti hartzen dira pozik! Lehiaketaz aparte, urte osoan zehar saiatzen gara eskaparatean zein dendan ere mezu eta gainerako elementuak euskaraz aurkezten.

(Erakusleihoan) Euskara hobekien txertatzen duen komertzioari saria eman dizuete. Zer egiten duzue euskara zuen dendan txertatzeko?

Gure barneko informazioa elebitan prestatzen dugu, eta bezeroari begirako komunikazioa ere bi hizkuntzetan eskaintzen dugu. Gainera, kanpaina, promozio eta egitasmo ezberdinekin bat egiten dugu euskararen presentzia ikusarazteko; adibidez, lankideok Bai Euskarari Elkartearen #LehenHitzaEUS kanpainaren txapa daramagu bezeroei euskaraz dakigula jakinarazteko. Bestalde, lankide batzuk euskara ikaste prozesuan daude, oraindik denok ez baikara euskaraz aritzeko gai. Hala ere, esan beharra dago euskararen presentzia nabaria dela gure dendan.

Zergatik da garrantzitsua euskara komertzioan txertatzea?

Euskara modu naturalean txertatzea da garrantzitsua, baita komertzioan ere. Egunean zehar merkatarien eta bezeroen arteko hartu-eman asko dago, denok gara bezero eta erosle egunero eta euskara errespetatu eta kontuan hartzeak hizkuntzaren normalizazioan eragin zuzena du.

Bezeroei nola jakinarazten diezue euskara erabiltzeko aukera dutela?

Lankideok txapa bat daramagu bezeroei euskaraz dakigula adierazteko, #LehenHitzaEus kanpainaren adierazgarria; lehenengo hitza euskaraz egiten dugu beti eta bezeroari, nahiz eta langile erdaldunak egon, beti eskaintzen diogu euskaldun betekin egoteko aukera.  

Euskaraz lehen hitza egiteak garrantzia dauka?

Zalantzarik gabe, pauso txiki horrek eragin handia du bezeroarekin duzun harremanean eta erabiliko den hizkuntzan. Pentsatzen duguna baino jende gehiagok daki euskaraz Gasteizen.

Zer eskaintzen dizue Bai Euskarari Ziurtagiriak?

Babesa, laguntza, irudi ona.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin